Oihane Larretxea de la Granja

DONOSTIAKO KALEETAN MODA ARNASTEN ZENEKO GARAIA

Nazioarteko arrazoi politikoek (bereziki Lehen eta Bigarren Mundu Gerrek), eta Parisekiko gertutasunak, lotura estua josi zuten iraganean modaren eta Donostiaren artean. «Street style Donostian. Atal historikoak» erakusketak zuri-beltzean bildu ditu garaiok Miramar jauregian.

Korridore batean biltzen dira Donostian modaren sektorean iraganean bizi izan ziren garai emankor eta entzutetsuak, bereziki Lehen eta Bigarren Mundu Gerren arteko epea, nazioartean urte ilun eta gogorrak zirenean. Zuri-beltzean iristen zaizkigu hamarkada haietako soineko dotoreak, modaren nondik norakoak, Victoria Eugenia erreginaren bisitak eta donostiarren usadioak, Kontxako hondartza eta hiriko kaleak. Suma daitezke soinua, zarata, hiriko bizitza, hipodromoko emozioak eta kafetegietako elkarrizketak. Orrazkera batzuek eta ezpainetako gorriek (hala zirela pentsa daiteke) Hollywoodeko garai onenetara garamatzate, orduan pantaila handiko aktoresak zirelako erreferente janzteko eta makilatzeko garaian. “Street style Donostian. Atal historikoak” erakusketak historia erakusten du eta jendarte jakin baten egunerokoa. Modaren Klusterrak sustatuta, eta Kutxako Fototekaren artxiboko altxorrak mimoz hautatu ondoren, Miramar jauregian egongo da zabalik urriaren 30era arte. Sarrera doakoa da.

Ana Balda komisarioaren eskutik egin dugu bisita. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua, Komunikazioan doktorea da, eta Nafarroako Unibertsitatean irakaslea, zehazki Modaren Diseinuaren Historia eta Modaren Ordezkaritza Prentsan irakasgaietan. Doktorego tesian Parisko Balentziaga enpresaren komunikazio politikan oinarritu zen, eta espezializazio arloak modaren historia eta argazkiak ditu.

Donostian gertatzen zena ulertzeko ezinbestekoa da nazioartean orduan jazotzen ari zena azaltzea. Luis XIV. erregearen agindupean, Paris zen, XVII. mendean (baita gaur egun ere), munduko moda hiriburua. Sektorearen erdigunea han zegoen, baina modak, luxuzko sektore bezala, XIX. mendean eman zuen jauzia, eta horrek bat egin zuen denboran Pariseko birmoldaketarekin, Georges-Eugene Haussmann funtzionario publikoaren eskutik garatutakoa. «Berak diseinatu zuen gaur egun ezagutzen dugun Paris: paseatzeko, ikusteko eta ikusiak izateko», dio Baldak.

Janzkera «ezinbestekoa zen bizitza soziala egitean», eta modaren garapenean gakotzat jotzen du, besteak beste, Charles Frederick Worth (1825-1895) diseinatzailearen esku hartzea. «Gaur egun ezagutzen dugun moda sistema irauli egin zuen. XIX. mendearen erdiraino zer jantzi erabaki pertsonala zen, alegia, bezeroarena. Jostuna emakumeen etxeetara joaten zen eta haiek eskatutako soinekoa josten zien. Worthek, ordea, aldatu egin zuen hori: gustuaren sortzaile zen. Eramaten zena asmatzen zuen, eta, hala, bezeroak egiten zuena gustatzen zitzaien edo ez ikustera joaten ziren bere lokalera», azaldu du.

Pariseko kale garestienean bere moda etxea sortu zuen Worthek, luxu frantsesaz dekoratua, eta bertan eraiki zuen bezeroekin harreman berezia, «berdinetik berdinera». Garai berean modari buruzko aldizkarien ugaritzea eman zen, eta prentsa espezializatua ere ugaritu egiten zen. «Modaren demokratizazioa» eman zen, adituaren hitzetan. Horrek guztiak erritmoak bizkortu zituen, eta emakumeek janzkera maizago aldaraztea eragin: denboraldiak sortzen dira eta arropaz «aldatzeko beharra» sortzen da.

Aldizkari eta prentsa espezializatuaren loraldia… eta argazkilaritzaren gorakada. Moda bera zen argazkilariek harrapatu nahi zutena, kalean, kafetegietan, lokaletan… «street style delakoa jaio zen orduan», dio. Jacques Henri Lartigue, Seeberger anaiak, Steichen… haiek izan ziren, besteak beste, kalean bertan modaren esentzia jasotzen maisuak, Baldak dioenez. XIX. mendearen amaiera heldu zenerako moda bera zen argazkilaritzak lantzen zuen gaietako bat.

Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak

«Eta Donostian, bitartean zer?», galdegiten du Baldak. Itsasoa izateak ematen dion berezko nortasuna dago alde batetik, bertako izaeran eta usadioetan eragin zuzena baitu. «Kostan dago Donostia, eta, hori, noski, Parisekiko ezaugarri erantsi bat zen». Gogorarazi duenez, dokumentatuta dago Gaztelako artile onena Donostiako portutik ateratzen zela barkuetan XIII. mendean.

Harresiek inguratzen zuten hiria, fisikoki mugak zituen beraz, baina, 1868an, harresiak eraustearekin batera, hiria ireki egin zen eta aukerak biderkatu egin ziren, jakina. Eta eraikitzerako garaian, eredu frantsesa jarraitu zen: etorbideak, bulebarrak, pasealekuak…

Jende aberatsa etortzen hasi zen Donostiara, europar aristokrazia eta monarkietako kideak. Itsasoak erakarri zuen jende mota hori. Arrazoi medikoak tarteko, adituak, XIXI. mendearen erdialdean, itsasoan bainuak hartzea aholkatzen hasi ziren osasunerako onuragarriak zirelako. Klase altuko jendea kostara bidaiatzen hasi zen. Gogoratu duenez, Kontxako hondartzari «playa real» deitzen zitzaion Maria Cristina erreginaren presentzia oso ohikoa zelako bertan. Ia modu naturalean bilakatu zen Donostia sozializatzeko hiri aproposa: «Alde batean Miramar jauregia zegoen, eta, beste aldean, kasinoa, gaur egun Udaletxea dena. Eta bien artean, ikusteko eta ikusia izateko pasealeku aproposena: Kontxa. Aberatsa izan edo ez, gehiago edo gutxiago eduki, edonork paseatzen zuen, edonork zuen eskura begiratzea, berriketan gelditzea, gertatzen zena ikustea…». Paris Donostiatik «gertu» zen, eta handik bizkor heltzen baziren eraginak, zer esanik ez Biarritzetik. Euskal kostako bi hirien artean harremana eta mugimendu handia sortu zen. «Nazioarte mailako harremana zen, kosmopolita», deskribatu du.

Lehen Mundu Gerran Estatu espainiarrak agertutako neutraltasunak hipika ekarri zuen Donostiara. Belgikak, Estatu frantsesak eta beste hainbat herrialdek zaldi lasterketak egiteari utzi egin behar izan ziotenez gerraren eraginez, Alfonso XIII. erregearengana jo zuten, laguntza eske. Baita eman ere, gaur egun ezagutzen dugun Lasarte-Oriako hipodromoa ireki baitzuen 1916an. «Plaza aproposa modak zekarrena erakusteko, zezen plaza ere bazegoen Donostian… Alegia –erantsi du–, bazegoen jantzitakoa non luzitu». Garai berean, 1912an, luxuzko Maria Cristina hotelak ateak zabaldu zituen, baita hiriko hainbat moda etxek ere.

Bigarren Mundu Gerrak ere badu zerikusirik Donostiaren eta modaren arteko loturan. Jostunek zailtasun handiak zituzten Parisen moda saltzeko, ulertzekoa denez, eta Biarritzera mugitu ziren asko, besteak beste, Coco Chanel (1883-1971). Villa de Larralde etxea hartu zuen bizileku eta goi-mailako joskintza tailerra zabaldu zuen bertan. Ez zen bakarra izan, Callot Soeurs diseinu etxea ere Biarritzen instalatu zen, baina, Donostian zen negozio aukeraren jakitun, “La Voz de Guipuzcoa” egunkarian jartzen zituen iragarkiak, Baldak gogoratu duenez. Worth maisuak ere, denbora tarte txiki batez, beste hainbeste egin zuen. «Moda eta luxu eskaria zegoen», dio, eta hura ase beharra zegoen. Testuinguru emankor hartan zabaldu zuen Cristobal Balenciaga getariarrak bere lehen moda etxea Donostian, Bergara kalean zehazki.

Hiritarrek arreta jarrita zuten modan, imitatu egiten zuten, baina beren poltsikoetara egokitutako dendak eskatzen zituzten, erositakoa non jantzi eta estreinatu bazuten-eta: dantzak, Aste Nagusia, Aste Santua, ezkontzak… «Ideiak kaletik bertatik jaiotzen zituzten, eta moda aldizkarietatik. Bertan argitaratzen zena jaso eta bakoitzaren aukeretara egokitu».

Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan errazionamendua heldu zen, eta horrek modari ere eragin zion, noski. Material eta oihalen faltan, jantzi oso sinpleak egiten ziren. Non zen, orduan, sormena? «Kapeletan», zehaztu du Baldak. «Parisetik inportatu ziren ideiak. Oso handiak ziren kapelak, ikusgarriak, ederrak –dio komisarioak–. Alemanek okupatuta zuten Frantziako hiriburua, baino hiritarrek nolabait argi utzi nahi zuten ezerk ez zuela frantsesen izpiritua hilko, modarako zuten gaitasuna. Beraiek zirela horretan onenak, eta, gerrak gerra, Paris beti izango zela modaren hiriburu. Eta hori guztia Donostiara ere ailegatu zen».

Coco Chanelen puntuzko jantziak: erosotasuna, dotorezia galdu gabe

Pascual Marin eta Ricardo Martin argazkilariak goraipatzen ditu Ana Baldak, jendearen esentzia hartzeko zuten gaitasunagatik. 20ko hamarkada Coco Chanelek puntuzko jantziak modako bihurtu zituen garaia da: erosotasuna proposatzen zuen dotorezia galdu gabe. Jantziak lasaiagoak ziren, aurreko urteetako estutasunak alboratuta. Kontxako hondartza eta Londres hotelaren inguruak moda ikusteko leku aproposak ziren. Kutxateka/Marin funtsa/Pascual MARIN (1929)-Fotocar funtsa/Ricardo MARTIN (1927)

Modak zoratzen zuen Victoria Eugenia erregina

Egunean hiru edo lau aldiz arropaz aldatzeko gaitasuna zuen, baita horretarako aberastasuna ere, jakina. Victoria Eugenia erregina lehenengoa zen moda aldizkarietan jasotzen ziren tendentziak janzten, eta horiek guztiak Donostiatik paseatzen zituen uda sasoian. Parisko joskintza-etxe ospetsuek tailerrak ireki zituzten bertan, baita Biarritzen ere, eta bezero onenetakoa zen erregina. Hipodromoan jantzi zuen soineko hau behealdeagatik da berezia, oihal onenekin josia. Kutxateka Fotocar funtsa/Ricardo MARTIN (1925)

Puntuzko pijamak hondartzan eta zeharka moztutako oihalak

30eko hamarkadan arreta hondartzan jarri zen, itsasoak berak behar jakin batzuk sortu zituelako eta moda ere inguruari egokitu zitzaiolako. Aipatzekoak itsasertzetik paseatzeko irudiko gorputz osoko jantziak: Biarritz, Monako edo Cannesen egiten zen bezalaxe egiten zen Donostian ere. Soinekoak, bestalde, emakumearen gorputza gehiago markatzen hasi ziren. Oihalak zeharka moztuta zeuden; horrek mugimendu handia ematen zuen ibiltzean. Kutxateka Fotocar funtsa/Ricardo MARTIN (1933 eta 1935)

Bigarren Mundu Gerra eta errazionamendua

Bigarren Mundu Gerrak errazionamendua ekarri zuen produktu askotan, baita oihaletan ere. Hala, gonak motzagoak egiten hasi ziren, belaunak erakutsi gabe, ordea. Estatu frantsesa alemanek okupatuta zegoen, baina, egoerak egoera, «modaren hiriburu eta eredu» izaten jarraitzen zutela erakutsi nahi izan zuten frantsesek. Emakumeek, sormen eta estilo handiz, izpiritu hori kapela eta buruko osagarriekin bidez helarazi nahi izan zioten munduari. Joera horiek oso jarraituak izan ziren gurean ere. Hipodromoan eta Bulebarrean ikusi ziren joera berriok. Kutxateka/Fotocar funtsa/Vicente MARTIN (1942 eta 1943)

Balenciaga, Getariatik mundura

Cristobal Balenciagak (1895-1972) bere moda-etxea 1917an sortu zuen Donostian, Bergara kalean. Erreginek (Maria Cristina eta Victoria Eugenia) eta aristokraziak zein goi burgesiako andreek maiz bisitatzen zuten, baina frogatuta dago Bretxako arrain saltzaile bat bere bezero onenetakoa zela. 1936an Parisera joan zen gerraren ondorioz, eta han finkatu zuen egoitza frantsesa. 1947an moda prentsan oso kritikatua izan zen «barril linea» landu zuen: orduan hasi zen benetako Balenciaga estiloa garatzen. Donostiar askok eta hiriko udatiarrek bere proposamen berriak hartu zituzten, gehiegi zabaldutako Dior etxearen estilotik bereizteko helburuarekin. Kutxateka/Fotocar funtsa/Vicente MARTIN (1945)