Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Udara, hara eta hona! Badoa…

Udara pixkanaka-pixkanaka badoa. Udararen etorrera ederra izaten da, opor usaina, deskantsua, familiarekin goxatzeko aukera… lagun zaharrekin bildu eta gure kontuak eguneratuz! Udara, umeentzat eta gazteentzat, zoragarria da. Opor garaia baita. Gaztetxoenak, igerilekura, udalekuetara… eta, besteontzat, hondartza, gauetako irteerak lagunekin eta herrietako jaiak.

Ikasleen kasuan, ikasturte guztiko esfortzuaren ondoren, gustura hartzen dute deskantsua. Hainbeste azterketa egin eta hainbeste ikasi ondoren, ekainaren amaierako egunetan ilusioz beteta egoten dira; «hango jaietara joango gara eta hurrengoan lagunekin kanpinera…». Hainbeste ideia hainbeste bizi zainetan barrena!

Aurrekoan Azkoitian egon ginen, ez ordea jaietan, neska adin txikiko azpeitiar bati egindako sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzera baizik. Jende asko bildu ginen arren, jende asko falta zela iruditu zitzaidan. Alegia, horrelako eraso baten aurrean herria gainezka egon behar litzatekeela. Ohitzen ari ote gara tamalez, ia-ia festa bakoitzean eraso sexista bat, sexu eraso bat izatera? Zergatik hainbeste inpunitate horrelako egoeren aurrean? Neskak eta bere familiak egoera salatu dute, baina guk herritarrok oraindik ez dakigu nor den erasotzailea.

Ez dakit amorrutik edo minetik nire ideia instintiboenak indarra hartzen ari ote diren… Eta herritarren ahotsak entzuten dira, kezkatuta, minduta; «herriko plazan jarri beharko litzateke denek ikus dezaten», «kartzela zigor tinkoak ezarri behar dira», «ondasun ekonomikoak kendu»... Baina hausnarketa bakartian badakit horrek ez duela ezer konpontzen, gaia askoz ere sakonagoa dela, konponbide horiek unean unekoak direla, minetik egindako proposamenak…

Egunerokotasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, agintari politikoak, ertzainak… denok gabiltza buruari bueltaka, zer ari gara gaizki egiten? Herritarrak eta teknikoak atzeraka goazen sentsazioarekin gabiltza. Gure garaian bazen hainbeste bortxaketa, eraso? Agian ez ziren salatzen?

Gu gazteak ginen denboran, nik ez dut gogoratzen arriskua hain gertu sentitzerik. Gu lasai ibiltzen ginen handik eta hemendik… Badakit, kasu asko entzun eta tratatu ditudalako, orduan ere bazirela, baina hainbeste? 16, 23, 35… urteko neskak barrutik guztiz puskatuak, drogen ondorioak gorputzean, mina eta orbanak… Barruko mina eta ezin ulertuak.

Nire ustez ez dago arrazoi bakar bat, koktel oso bat da: gure jendartean indarrean dagoen matxismoari gehitu behar diogu zer-nolako heziketa ari garen eskaintzen, familian gurasoak eredu garen, baloreak lantzen diren, komunikabideak…

Sare sozialetan psikologo baten hitzak gustura entzun berri ditut. Berak zioenez, haurrei eta gazteei behar duten baino askoz ere gauza material gehiago ematen dizkiegu, zerbait lortzeko esfortzua zer den erakutsi gabe, eta justu behar dutena ez diegu ematen: gure presentzia, alegia.

Presentzia gauza handia da, haurrek jakitea hor gaudela, epaiketarik gabe, konfiantza eta maitasuna eskaintzen. Presente egonda mugak jartzen dira, baina beraien beharrak ere asez, gazteekin mahaian eseri eta gertakarien inguruan hausnartuz, hitz eginez. Aldiz, gaur egun denok presaka bizi gara. Presente egon gabe. Jangelak, zaintzaileak, eskolaz kanpoko jarduera mordoa ditugu, baina, haurrei ingelesa, frantsesa, klase partikularrak eskaintzetik harago, gu geu ere presente egotea funtsezkoa da. Presentzia indartu eta berdintasunean hezteko amatasun eta aitatasun bajak luzatu egin beharko lirateke, kalitatezko hazkuntza eskaintzeko, Europako beste hainbat herrialdetan bezala, adibidez, Suedian.

Azken ikerketa batzuek diote Mendebaldeko gizarteotan askoz gehiago gaixotzen garela bai fisikoki bai psikologikoki, eta hori hazkuntzaren kalitateak duen garrantziarekin lotu dute. Ikerketan hainbat soziologok jendarte ezberdinak aztertu dituzte eta kuriosoa da justu osasun zerbitzu onenak ditugun herrialdeak izanik hori gertatzea.

Eta holaxe eta halaxe, uda amorratuta eta minduta amaitzera goaz. Denon artean ea lortzen dugun epidemia honekin amaitzea! •