Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Maitasuna Interneten

Internetek gure bizitza aldatu duela ezin dugu ukatu, gure egunerokotasunean beharrezko tresna bihurtu da, eta, informazioa bilatzeaz gain, harremanetan ere bidelagun bihurtzen ari zaigu. Gaurkoan, Internetek bikote harremanak sortzeko eskaintzen dituen baliabideez arituko naiz. Ligatzeko eta harremanak izateko sare asko eskaintzen dizkigu, eta gero eta gehiago dira Internet erabiltzen dutenak ligatzeko.

Esan bezala, Interneten erabilera, jende berria ezagutzeko eta ligatzeko gero eta zabalagoa da, nahiz eta tamalez askotan eremu batzuetan oraindik estalpean ematen diren istorioak izan. Hau da, oraindik aho askotan entzun ohi da Internet ez dela bide egokia jendea ezagutzeko, jende desegokia egon daitekeelako, gezurretan ibili daitekeelako… Horrez gain, maitemintzea magiarekin lotzen dugu oraindik, eta askorentzat bikotekidea edo maitalea nahi duzula eta horren bila zoazela adierazteak, bat-bateko kutsu magiko hori kentzen dio.

Bizitzako beste edozein arlotan –lana topatzeko, azterketak gainditzeko, bidaiatzeko, zerbait erosteko– ondo baloratuta dago ahalegintzea, duzun desioa jarraitu eta aurrera egitea. Baina, maitasun kontuetan, errezelo handiarekin begiratzen zaio esfortzu eta gogo hori agertzen duen jendeari, kutsu negatiboa ezarriz, bikotekidea topatzea edo maitaleak topatzea bakardadea gaizki eramatearen seinale balitz bezala, autonomo eta independente izatera bultzatzen gaituen gizarte honetan.

Pertsona autonomoak izan arren, gizaki erlazionalak gara, eta interdependenteak lagunekin, familiarekin, maitasun harremanekin. Beraz, inoren beharra ez edukitzea ezinezkoa da; kontua da interdependentzia hori nola eta nondik eraikitzen dugun. Beraz, bestearen beharra agertzeak, ahulezia baino, gure desioarekin kontaktuan gaudela agertzen du.

Mamuak alde batera utzita, argi esan behar dugu Internet bide berri bat dela jendea ezagutzeko eta ligatzeko. Interneten, tabernan, kalean eta kiroldegian dabilen jendea dago. Askotan, ligatzeko, jende berria ezagutzeko gogoz, eta egunerokotasunean topatzen ditugun zailtasunak kontuan hartuta, hala nola adina, lotsa, jende berria ezagutzeko zailtasunak, Internetek eskaintzen dituen bideak hartzen dira.

Hori bai, Interneten erabileran elementu batzuk kontuan hartzea komenigarria dela uste dut:

1.- Interneten eman nahi duzun irudia eraiki behar duzu, eta garrantzitsua da eraikitzen duzun irudi hori errealitatearekin bat etortzea. Azken finean, harremanak aurrera egiteko ezinbestekoa delako aurrez aurre ezagutzea.

2.- Intimitatea: gure buruaz konpartitu nahi dugun informazioa zaindu behar dugu.

3.- Interneten ez dago ezer magikorik, haragizko pertsonak daude. Beraz, ezin gara zerbait magikoaren zain egon, pentsatuz Internetekin aukerak gehitzen direnez gero eta jende gehiago ezagutuz hobe izango dela. Harremanak eraiki egiten dira eta egunerokotasunean pertsona guztiekin zailtasunak topatuko ditugu, hain justu gure denbora, espazioa, desioak konpartitzea erraza ez delako.

4.- Ez luzatu gehiegi harreman birtuala. Hasierako momentuan jendea ezagutzeko baliabide bat izan daiteke, baina ezinbestekoa da aurrez aurreko harremana, pertsona ezagutzea, bere ondoan nola sentitzen garen ikustea, eremu birtualean pertsona hori ondo ezagutzen ez dugunean, gure irudimenak eragin handia duelako.

Beraz, eta dagozkigun ardurak hartuz, gure burua zainduz, eta harremanak eraikitzeko garaian gure eskuetan asko dagoela ahaztu gabe, ez lotsatu eta dituzuen baliabide guztiak erabili zuen desioei bidea zabaltzeko. •