Miren Azkarate Badiola

Istorio handiez

Dinosauroak mundu guztian zehar bizi ziren eta noski, baita Euskal Herrian ere», ari zen kontatzen aitona bere bilobei. Biek adi-adi begiratzen zioten, batez ere gazteenak. Salako sofan bere gorputz txikia eserita eta begi handi-handiak zabalik, baita ahoa bera ere, aitonaren istorioan murgilduta. Esku banatan dinosauro bat zuela arnasa ere ixil-ixilik hartzen zuen, badaezpada daturen bat galduko ote zuen. Biloba zaharrenak liburu bat zuen esku artean baina aitonaren hitzak interesgarriagoak ziruditen, ordu laurdenez ez baitzuen orrialde bat bera ere pasa. «Euskaraz, bai, euskaraz hitz egiten zuten bertako dinosauroek, zein hizkuntzatan bestela?», erantzun zion bilobaren galderari.

Hori zen ni nerabe nintzela bizi izan nuen pasarte bat, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin eta une hartan zaintzen nituen bere bi bilobekin. Ongi zetorkionean eta abisatu gabe pasatzen zen etxetik eta beti zuen bilobei kontatzeko ipuin edo istorioren bat. Bere kontatzeko moduak umeak eta ume ez ginenok liluratzen gintuen. Aitzakia oro baliatzen zuen Euskal Herriaz eta euskaraz aritzeko.

Aste honetan sei urte bete dira istorioak kontatzeari utzi zionetik eta bilobak heldu bihurtu dira aspaldi. Hantxe ikusi nituen igandean, haien aitonaren horma irudiari so, Antigua auzoan, instituzioek eman nahi ez dioten aitortza herriak omenaldi xume bezain eder batean emanez. •