Antton Izagirre

Lagun solidoak

Urteko kontsumo handienetako egunak pasa berritan, Olentzero lagun ezkutu modura iritsi zaigunean, ahaleginak arazo bihurtzen zaizkigu taldeko lagun ezagun horri laguntasunaren neurriko oparia egiten saiatzen garenean. Eta asmatuko ez bagenu? Haren laguntasuna galduko ote genukeen galdetzen dugu. “Ez horratio!” –laguna, laguna bada– pentsatzen dugu.

Lagun ezkutuaren eskutik iritsi zaidan liburuak zer pentsa eman dit. Hausnarketa piztu dit “laguna” kontzeptuaren gainean, gure mundu globalizatuan ematen ari zaion zentzu nahasiaz.

Gizarte likido, aldakor, suntsikor eta iragankorrean bizi garela ezin ukatu; ezin, era berean, horren aurkako borroka iraunkorra abiatu. Baina badira zenbait kontzeptu eta jarrera solido bihurtzeko bideak, norberak bere gizatasunetik egin beharreko hautu pertsonal eta kolektiboak. Ohitzen ari gara esparru pribatuari dagozkion hitzak eta esanahiak eremu publikoan normalizatzera. “Lagun” hitzak emozioei loturiko esanahia du eta ez, talde birtualetan sortutako harremanerako inposatu nahi diguten erabilpena. “Klik” baten menpeko harremanak arinak dira, hauskorrak, “ez-lagunak”.

Uste hori belaunaldi berrien bizipen eta pentsaeren aurka joan litekeela jakinik ere, honetan, bederen, nire askatasunari eutsi nahiko nioke laguna eta erabiltzailea ez nahasteko. •