Iratxe Urizar

Legelarien itzulipurdiak

Eraildako Diana Quer gaztearen gorpua topatu zutenetik batez ere, berria ez den eztabaida zabaldu da. Sareetan lehenbizi, azkenaldian ohikoa den moduan, gero Diputatuen Kongresuan azken erabakia hartzeko. Espetxeratze Iraunkor Berrikusgarriari buruz ari naiz. Euskal Herrian gaiaren inguruan askotan aritu gara (abian dagoen 1995eko kode penalak hogei erreforma baino gehiago izan ditu jada, denak zigorrak gogortzera bideratuak). Espetxeratxe Iraunkor Berrikusgarria ordenamendu espainiarraren beraren aurka doan zigorra dela sarri aipatu izan dugu (ordenamendu espainiarraren pean gaudelako, ez beste ezergatik). Gure inguru europarreko estatuekin alderatuta, kriminalitate maila txikiena dugu, baina espetxetan preso gehien dituen estatua gara, eta, gainera, preso horiek zigor luzeenak betetzen dituztenak dira. Hori hala zen Espetxeratze Iraunkor Berrikusgarria onartu baino lehen ere.

Termino arranditsu horretaz aritzean, bizi osorako espetxe zigorra ezartzeaz ari gara, modu ez oso disimulatuan gainera. Hori abian jarri gabe ere, espainiar sistema penala bizi osorako espetxe zigorra duten estatuetako legedia baino askoz gogorragoa da. Adibide ugari izanda ere, sistema frantziarra har dezakegu konparaketa erraza egiteko, izan ere, euskal preso politikoak legedi espainiarra eta legedi frantziarra jarraituz zigortzen dira. Sistema frantziarra Europako beste estatu batzuetan indarrean dagoenarekin aldera daiteke, Belgikakoa edota Alemaniakoa, esate baterako. Horietan guztietan biziarteko kartzela zigorra dago, baina berrikuspenak izaten dira 15 edo 22 urte espetxean eman eta gero, eta orduan presoa aske gera daiteke baldintzapean.

Espainiar zigor sisteman, hainbat erreforma eta gero, biziarteko espetxe zigorra jaso gabe eta Espetxealdi Iraunkor Berrikusgarria onartu aurretik ere, 40 urtera arteko zigor osoaren betetzea jaso zen. Zein kasutan? Ba delitu sexual larrietan (hemen ez naiz ariko gaiotan ematen den absoluzio-tasa izugarriaz edo ezartzen diren zigor txikiez, ez dudalako uste delituokin bukatzea espetxeratze egonaldiaren araberakoa izango denik, nahiz eta zalantza gabe biktimentzako lasaitasuna dakarren), eta terrorismoarekin zerikusia duten delituetan. Eta horra noa. Terrorismo delituak, noiz eta kasuistika esperpentora arte zabaldu ostean (“banakako terrorismoa”, “terrorismo baketsua” edo “terrorismoari gorazarre” egitearekin lotutako delitu zerrenda amaigabea aipa ditzakegu esaterako). ETAko kideen atxiloketei erantzunez sortutako “armamentu penala” dago indarrean, egunero elikatzen zen “alarma sozialari” erantzunez ad hoc egindako legeek osatua (hara, uste dut zuzenbide karreran hain justuki hori ezin zela egin ikasi nuela!). Baina zer egin “sortu zen horretarako” hori jada ez badago? Hainbat legelari, katedradun, zuzenbide irakasle azaldu dira azkenaldian espetxealdi iraunkorra Espainiar Konstituzioaren aurkakoa dela aldarrikatuz. Ados, baita giza eskubideen aurkakoa ere. Baina orain datoz hori esatera...

Urte luzez ederto egin dute lan komunikabideek espainiar zigor kodea biguna zela aldarrikatuz behin eta berriro, hogei urte baino gehiago espetxean eman dituzten presoen errealitateak ezkutatu dituzte etengabe, gero eta zigor altuagoak eskatu dituzte, “denak balio du” horien kontra aldarrikatuz. Beste askorentzako, hori bai, kartzelarik ez dagoela argi ikusi dugu. Preso dauden gehienen delitua lapurreta txikiak egitea (zigorren metaketa infinitura arte luza daiteke) edota politikoki ezerosoak izatea izan da. Horientzako bai, zigor amaigabeak, luzeegiak. Kartzela beteak, biziezinak. Zigorren gogortzea ez da erantzuna, kartzela ez da erantzuna. Beste guztia, demagogia eta titularrak. •