Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Denok dugun maskara…

Badatoz inauteriak, tolosarrak honezkero arituko dira mozorroak sortzen, egiten, josten … karrozen apainketa eta ideien jarioa. Euskal Herrian inauteriak ederrak izaten dira. Nafarrak aurrenak dira horiek ospatzen, beraien ohitura bitxi eta ederrekin. Lantz, Ituren, Erratzu, Izaba eta Altsasu...

Azpeitian ere modu bitxian ospatzen ditugu Elegante Egunak; hasiera eman eta giro ederra izaten da herrian. Batzuentzat sakratuak izaten dira inauteriak. Sokamuturra, astearte goizeko diana… Denok gazte izan gineneko oroitzapen bikainak.

Inauteriak kuriosoak dira izatez; zenbat mutil janzten diren neskaz eta askorentzat aukera bikaina da beraien maskara soziala apur bat behintzat bigundu eta kentzeko, zoramenari lekua uzteko.

Jaio eta nerabezarora bitartean denok eraikitzen omen dugu geure maskara. Adituek diote lagungarria zaigula zenbaitetan harremanak, lan edo bikote harremanak, mantentzeko. Maskara soziala ere deitzen diote; batzuek lotsatiarena, besteek biktimarena eta beste batzuek lotsagabearena… Baina denok omen dugu, ustez, babesten gaituen maskara.

Haurrek ere ikasten dute hori jartzen, eta guk terapeutok askotan maskara hori, tarteka bederen, kenarazten edo aldarazten saiatzen gara, baldin eta pertsonari kalte egiten badio.

Inauterietan dena libre omen da, eraso sexualak eta sexistak izan ezik, noski! Libre, gu libre izateko, alajaina. Horregatik, gizonak emakumez janzten dira gogoz, eta gozatu ederra hartzen dute beste mutil batzuei ipurdia ukitzen eta beste mutil batzuekin ligatzen…

Lotsatia otsoz janzten da eta beste guztiak beldurtzeko papera hartuko du gau batez, egunerokoan dituen beldurrak, tarte txiki batean bederen, etxean utziz.

Gure lan espektatibak, gaztaroan utzitakoak... azaleratzen dira. Hara hor, medikuz janzteko ohitura edota poliziaz, futbolariz edo pitonisaz… frustrazioak egia bihurtuz!

Zein ederrak izaten diren inauteriak, usaia, giroa, algarak eta musika bandak… Nire niak izan nahi zuen hura egia bihur daiteke, gauez edo egunez.

Maskara, Veneziako maskarak, inork ezagutuko ez nauen gaua… Ni aurten Doraemonez jantziko naiz; Maddalen Arzallusek azaroaren 27an Irungo agurrean abestutako bertsoa ikasi eta Puigdemont piloa topatzeko aukera izango dudanez, hauxe abestuko dut:

«Katalunian egun on

Eta Belgikan gabon

Bruselako leihoan

Bost mamu eta Puigdemont

Ze pozik bizi diren

Amets batetik bestera

Ezker eta eskuinekoekin batera Carles Puigdemont

Magoa ere bada

Bai, egia da hori!

Gora eta gora beti

Carles Puigdemont

Tron ponpon

Gurea bukatu da ta

Hor konpon

Tron pon pon

Zorte on denoi Maulen eta Durangon!» •