Nerea GOTI

PUNTA BEGOñAKO IKERKETAK, IKUSTEN EZ DUENAK EZ DAKI ZER DEN HURA

Hainbat diziplinatako ikertzaileak ari dira lanean Getxoko Punta Begoñan, hura eraberritzen eta, bide batez, hormek eta labarrak gordetzen duten informazioa aztertzen. XX. mende hasierako eraikuntza arrazoi askorengatik da bitxia, eta sorpresa ugari ematen ari da.

Mende bat beteko du laster Punta Begoñak kokapen pribilegiatu batean eraiki zenetik. Dotore eta bitxia, garai bateko botere ekonomikoaren adierazlea eta aurreko historiaren zati baten gordelekua da, eta egun herriaren eskuetara itzuli da berriro. Orain, memoria berreskuratu eta Punta Begoñari etorkizuna emateko garaia heldu da. Baina, han, itsasoaren aurreko talaian, denbora, ingurua, itsasoa, gizakia... ugariak eta sakonak dira eraikuntzan eragiten joan diren faktoreak. Horregatik, eraikuntza berreskuratzeko prozesu berezia dago martxan, askotariko jakintza alorretan oinarritutakoa.

Iragana, oraina eta etorkizuna barnebiltzen dituen proiektu baten erdigunean dago Punta Begoña. Hura zer zen, han zer zegoen, orain zer egoeratan dagoen, zer eta zelan berreskura daitekeen, etorkizunean zer izango den. Galderak asko dira, eta horiei erantzuteko lana emaitzak ematen hasi da dagoeneko, sorpresa bat baino gehiagorekin gainera.

Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako lankidetza hitzarmen baten ondorioa dira azken urteotan egindako lanak. Beste erakunde publikoen laguntza ere badu egitasmoak eta deigarria da zinez bertan egiten ari den ikerketa lana; anitza, sakona, ezberdina da, dagoeneko erreferentziazko eredu bat sortu duena.

Getxo udalerrian, Ereaga hondartzatik gertu dago Punta Begoña, labarraren gainean eraikita. Itsasadarraren bi aldeak ditu aurrez aurre; Meatzaldea eta Ezkerraldea alde batean, eta, beste muturrera begira, Algortako Portu Zaharra eta Punta Galea urrunago. Horacio Echevarrieta enpresariak agindu zuen proiektua 1919an eta Ricardo Bastida arkitektoak egia bihurtu zuen. Orain EHUko ikertzaile taldeen esku dago eraikuntza zaharra. Ikerketa lan guztia ikusgai dago Interneten, bertan bisita birtuala ere egin daiteke, baina, aukera izatekotan, bertaratzea da aukerarik onena. Laster bisita gidatuak egiteko aukera emango dute gainera, udaberritik aurrera seguruenik.

Punta Begoñan sartzea iraganera bidaiatzea da, eta ez bakarrik garai bateko Bizkaiko burgesiaren bizimodura. Eraikinak bihotzean duen labarrak ere badu zer kontatua, milaka urteko formazio natural bat barnebiltzen baitute Punta Begoñako galeriek. Eraikuntza eusteko beharrezko puntuak baino ez daude labarrean iltzatuta. Esan liteke labarrean eragin beharrean babes moduko bat sortu zuela eraikuntzak eta horrek aukera magiko bat jarri duela ikertzaileen esku: labarrak mende bat darama babestuta eta ez du izan klimaren eta kutsaduraren eragina. Kontuan izan behar da gainera, kutsadura azken mendean nabarmendu dela bereziki.

Koka gaitezen 1910. urtean

Juan Manuel Madariaga Kimika Analitikako EHUko katedraduna izan da GAUR8ren gidaria proiektu honetan. Ikerkuntzako unitate bateko arduraduna da eta galerien zein ikerketaren barrenak erakutsi dizkigu, aditu bakoitza zertan ari den, lan bakoitzak zer informazio ematen duen azalduz. Hari entzunda bistakoa da egiten ari diren eraberritze ekimena bizitzan oso gutxitan izaten den aukera horietako bat dela.

Madariagak kontatzen duenez, Punta Begoña izen horrekin eraiki zen. Eraikuntza altxatu aurretik, goialdean Echevarrieta familiak bazuen jada etxea, bizitokia. Ederra zen, baina ez Punta Begoñak duen tamainakoa.

Koka gaitezen 1910ean. Garai hartan ingurua eraberritze prozesuan zegoen murgilduta. Tranbiaren linea eraiki eta Arriluzeko pasealekua egiten ari ziren. Algortako kontra-moila ere egin berria zen, eta Echevarrieta familia benetan boteretsua zen, ez bakarrik Euskal Herrian gainera: Europa osoan ezaguna omen zen familiaren fortuna.

Dirudienez, luizi batzuk izan ziren labarrean, eta, ondorioz, lursailaren jabeari ingurua egonkortzeko eskatu zion administrazioak, behetik igarotzen zen jendeak pairatzen zuen arriskua ezabatzeko. Lehen une batean, arazo zehatz horri eman zioten konponbidea. «Lan horiek ez dira egun ikusten, azpian geratu ziren gerora», zehaztu du unibertsitateko ikertzaileak. Izan ere, gerora erabaki zuen Echevarrietak itsasora begirako eremu horretan elementu deigarri eta ezberdin bat egitea, botere ekonomikoaren adierazle handi bat.

Eraberritze egitasmoan eraikinaren alor soziologikoa aztertu dutenek argi dute sinbolismo argia zuela eraikinak. Garai batean argiztatuta egoten zen, antza helburu batekin: itsasadarraren beste aldean negozioak zituen Echevarrietak eta bertatik ugazabaren boterea ikusten zuten langileak. Nolabait, ugazabak bertatik bere lantegia kontrolpean zuen mezua zabaltzen zuen.

Madariagak zehaztu duenez, Punta Begoñako areto nagusia jai arranditsuak hartzeko saloi gisa irudikatu bada ere, ideia hori erabat baztertu behar da. «Izan zuen erabilera pribatua izan zen, guztiz, familiarena soilik. Han zegoena ez zen dantzarako saloia bat, baizik eta negozio munduko jendearekin biltzeko espazio bat eta gertukoen aisialdirako gune bat». Komentatu duenez, bertan komun bakarra aurkitu dute, eta «gizonezkoentzat zen bakarrik». Aretoak zeukan irudia berregiten saiatu dira ikertzaileak, eta, ikusi dutenaren arabera, tamainagatik arreta deitzen duen guneak garaiko britaniar elkarteekin antza handia du. Bilboko Sociedad Bilbaina elkartearen estilo oso antzekoa zuen.

Abian jarritako egitasmoa ikerketa fasean dago oraindik. Zenbait dokumentazio biltzea lortu dute, eta oso baliagarriak izan dira Horacio Echevarrieta beraren biloben testigantzak. Horrekin batera, memoria kolektiboa osatzeko asmoz, martxan dago ere lekukotzak biltzeko kanpaina. Proiektu horretarako «espezifikoki» idatzitako protokoloak jarraitzen ari dira, Unescok memoria berreskuratzeko finkatutako jarraibideetan oinarrituta. Hainbat agiri, grabazio eta elkarrizketa biltzen ari dira eta horiek guztiak sailkatu eta aztertuko dituzte memoria material era immaterialen zentroa osatzeko. Madariagak aipatu duenez, garaiko dokumentuen artean bada bideo bat non bilobak eurak txikitan azaltzen diren, Punta Begoñan jolasten.

Aurkikuntzen artean bada areto nagusiaren azpian agertutako beste bat ere, inoiz erabili gabea. Madariagak nabarmendu bezala, 1.000 metro karratu berri agertu dira bertan. Aurkitutako multzo arkitektonikoak bi maila ditu; goian, areto nagusia, altura ezberdinetako igarobideak eta aire libreko eremua dago; behean, berriz, lorategia, berdegunea eta bankuak.

Garaiko berritzaileena

Eraikuntzaren tamaina, kokapen eta balio historikoaz gain, beste zenbait xehetasunek egiten dute berezi Punta Begoña. Adibidez, hormigoi armatuz gurean egindako lehen obra zibila izan zen. Aurretik, 1900ean, Bilboko La Ceres irin fabrika egin zen hormigoi armatuz, baina Getxokoa teknika berritzailea bizitegi batean erabili zen lehen aldia izan zen. Antza, Echevarrietak berak AEBetara egindako bidaia batean ezagutu zuen teknika. Punta Begoña laborategi izan zen nolabait, baita zurgintzako elementuei, kristalei, zeramikei... dagokionez ere.

Madariagak aipatu duenez, une historikoa zen, Manhattan eraikitzen ari baitzen New Yorken. Echevarrietak zementua ekoizteko lantegi bat sortu zuen lehenik, eta, gero, garaiko arkitekto berritzaile bat kontratatu zuen proiektua gauzatzeko: Ricardo Bastida. Bien artean diseinu berritzailea gauzatu zuten ordura arte erabili gabeko eraikuntza teknikekin, eta hori da ikertzaileei Punta Begoñak oparitutako beste sorpresetako bat. Horregatik, kimika arloko ikertzailek ere eraikuntza prozesuan erabilitako materialak aztertzen ari dira.

Eraikuntzan fatxadetako zein elementuk ez dioten ondo erantzun inguruaren eragin bortitzari ikus daiteke. «Etorkizunera begira badakigu zeintzuk diren fatxadetan jar ditzakegun elementuak eta zeintzuk ez, inguruaren eragina zein den ikusi dugulako», azaldu du Madariagak.

Geodinamikan adituak diren geologoen talde bat dago ere parte hartzen ari da ikerketan, «igarobideen azpian labarra» dagoela kontuan hartuta. Hidrogeologiako adituek ere aztertu dute gunea, ikusten ez diren eraikin zatietan sartzen den uraren eragina aztertzeko. Arte Ederretako zaharberritze talde bat ere dekorazioa ikertzen ari da, garbitzeko prozedura onenak zeintzuk diren aztertzen. «Azken bi urteak horretan aritu dira. Honakoa da hirugarrena, eta orain elementu apaingarriak zelan garbitu pentsatzen hasi beharko dute», azaldu du Madariagak.

Gasteizko talde batek arlo arkitektonikoaren azterketa egin du. Zalantza handienetako bat Punta Begoña zutik mantentzeko moduan zen jakitea zen, eta jada badakite «fatxadan inpaktu arazo handi bat» izan arren, egitura «osasuntsu» dagoela. Puntu batzuetan ari dira lanean, batik bat bisitarien segurtasuna zaintzea helburu.

Unescoko talde bat ere ari da lanean, paisaia kulturaletan eta ondarean aditua. Eraikinaren memoria osatzen ari dira, eta testigantza ugari jasotzen.

«Una, grande y libre»

Echevarrieta familia ez zen zeukan boterea erakutsi nahi izan zuen bakarra. Francok ere aztarna utzi zuen Punta Begoñan. 1936ko gerrarekin batera bertako dekorazioa erabat aldatu zen. “Franco” eta “Una, grande y libre” bezalako leloek hartu zuten areto nagusia. Horregatik, jatorrizko dekorazio nolakoa zen aztertzen ari dira egun. «Orain dagoenaren azpian zer zegoen jakin nahi dugu. Dekorazioaren bozetoak lortu ditugu baina ezin izan dugu horiek egin ote zituzten egiaztatu», dio Madariagak.

Frankistek erabilera militarra eman zioten Punta Begoñari. Ospitale modura ere erabili zuten, eta, gerra amaitu ondoren, Falangeren esku geratu zen. Eraikuntza konfiskatu zietenean, Echevarrieta familiako kideek Barakaldoko Muñoa egoitza hartu zuten bizitoki. Borroka luzearen ondoren eraikuntza berreskuratzea lortu zuten, baina Horacio Echevarrieta bera ez zen inoiz Punta Begoñara itzuliko.

Punta Begoñaren aurretik han zer zegoen da ikertzaileak aztertzen ari diren beste kontuetako bat. Madariagak dioenez, badakigu gotorleku bat egon zela bertan, eta seguruenik hortik dator Punta Begoña izena. Bilboko itsasadarreko sarbidea babesteko eraiki zen lehen defentsa sistema izan zen, inguruan beste batzuk izan zituena, besteak beste, Algortako Portu Zaharrean eta Punta Galean. 1645 inguruan eraiki zen eta 1870 arte egon zen erabilgarri. Bigarren Karlistaldiaren ondoren, foruen galerarekin, Madrileko administrazioaren agindupera pasa zen.

Ikertzaileak gotorlekuaren aztarnak bilatzen ari dira, galerien egituran horien hondarrak izan daitezkeenak aurkitu ostean. Oso argi dute izugarrizko potentzialitatea duen eremu arkeologiko batean lanean ari direla. Herritarren artean jasotako testigantzek diotenez, antzina tunelak omen zeuden inguruan, tartean Neguritik gotorlekura heltzen zen bat. Belarren sekretuak ezagutzen zituzten emakume haiek ere bertan biltzen omen ziren, disimulurik gabeko begiradetatik babesteko aukera ematen zien leku batean...

Bitartean, unibertsitateko ikertzaileek etorkizunean Punta Begoñak izango duen funtzioa adosteko lanean jarraitzen dute. Eta uste dute jakintzak ez lukeela bertatik alde egin behar. «Anbizio askoz handikoago egitasmo bat dago abian: Punta Begoña EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren egitasmo estrategikoetako bat da. Hemen sortzen ari den jakintza beste esperientzia batzuetara ere zabaldu behar da», amaitu du Madariagak.