Iñaki Altuna

Isilean iritsi da eztabaida EAEko Legebiltzarrera

Hainbestetan aipatu den «marko juridiko-politikoaren» aldaketarako eztabaida hasi berri da, EAEri dagokionez bederen. Isilean etorri da, zalaparta handirik gabe oraingoz, Kataluniako prozesuak zer eragin izan dezakeen oraindik ongi ezagutu gabe. Ezker abertzaleak aukera berriak ikusi ditu hangoan, eta jelkideek, aldiz, arazo eta trabak, Estatua are eta gotorrago bilakatuko delako. Dena den, nola edo hala iritsi da gaia Euskal Autonomia Erkidegora, Legebiltzarrera, alderdi bakoitzak bere proposamena papereratuta.

Esanguratsutzat jo beharko litzateke, ikuspuntua zabaldu nahi bada bederen, Ipar Euskal Herrian instituzionalizazioa lortzeko egindako bidea. Modu xumean izanda ere, oso adierazgarria izan da bertan ia familia politiko guztiek kontzientzia eta prestutasuna handiagotu izana Euskal Herriaren berezko nortasuna indartzeko ahaleginean. Urruti dago, oso urruti, abertzaleek amesten duten egoera, baina horiek ere jokalekuaren bazterretik ateratzea lortu dute, eta eragile garrantzitsu bihurtu dira. Frantziako zerbitzu sekretuen eta polizia indarren barne txostenetan ere aipatzen dute auzia, eta abertzaleek beste sektore batzuekin lortutako elkarlana kezkaz islatu dute behin baino gehiagotan aipatu txosten horietan.

Nafarroa Garaiko ibilbidea aldaketaren gobernuaren garapenari lotuta dagoela uste dute denek. Gabeziak gabezia, eta egindako urrats eta aurrerapausoez harago, hurrengo legealdian erregimenaren gobernua ez bueltatzea funtsezko faktorea izango da. Aldaketaren alde agertu diren indarrek arduratsu jokatu beharko lukete, zenbaitetan barne liskar gehiegitxo ere ikusten da-eta, Ahal Dugu alderdia asteotan adibide.

Aste honetako albistea, esan bezala, Gasteizko Legebiltzarretik etorri da. Aurreko igandean aurkeztu zuen bere proposamena EH Bilduk, eta gainerakoek asteazkenean bertan, batzordeko bileran mahairatu dituzte abiapunturako proposamenak. Denei buruz badago zer esan, eta egindako ahalegina nabaria da kasu batzuetan, baina indar horien tradiziogatik merezi du EH Bilduren eta EAJren posizioei erreparatzeak.

EH Bilduren gainean batek baino gehiagok nabarmendu du indarra egin duela proposamen pragmatikoa egiteko. Egia esan, Katalunian burujabetza prozesua askoz ere aurreratuago egoteak nahasmen pixka bat sortu du Euskal Herrian ezkerreko independentisten artean, hemen ere di-da egoera bertsua sor zitekeelakoan-edo. Ezker abertzaleak berak, baina, Abian prozesuan, «hautabide independentista» indartzeko proposamen taktikoak garatu behar direla esan zuen jada: «Helburu estrategikoak indartzeko eta zabaltzeko bidean, gutxieneko edukiak –nazio onarpena, botere politikoa eta erabakitzeko eskubidea– garatuko lituzketen markoak irabazteko proposamen eta dinamikak ezinbesteko palankak dira».

EAJk, berriz, testuak berritu ditu. Denborak aurrera egiten du eta horrek dena gaurkotu behar izatea exijitzen du. Ariketa, berez, ez da txarra. Halere, ezin daiteke ahantzi Ibarretxeren garaitik hona EAJko zuzendaritzak, lehenik Josu Jon Imazekin eta ondoren Iñigo Urkullurekin, hartutako bidea; hain zuzen ere, Lizarra-Garaziko eredutik ahal bezainbeste urruntzeko hasiera batean, eta sakoneko edozein aldaketa ahalegin zokoratzeko segidan –Ibarretxe Plana barne–. Aldarte adeitsuagoarekin bada ere, Andoni Ortuzarrek ere oinarri are apalagoak jartzeko joera nabarmenegia omen du. Nahi bai (nola ez dugu, bada, independentzia nahi izango!), baina gaur dagoenaz aurrerago joaterik ezinezkoa omen da, are ezinezkoago Estatuaren oldarraldia datorrenean eta PSE egonkortasunerako behar dutenean. Ez omen da hori, halere, EAJ barruan dagoen iritzi bakarra, erabakitzeko eskubidea lurperatuko lukeen erreforma huts batek ezinegona ere sortzen duelako. Seguru asko Legebiltzarrean aurkeztutakoa horren guztiaren ondorio da.

Hemen da, beraz, eztabaida. Hauspotuko ote den edo, berriro ere, sordina jarriko ote dioten argitzeke dago. Oso motibazio eta izaera ezberdinak izan arren, Ardanzak eta Ibarretxek plan bana izan zuten. Bakoitzak bereari eman zion izena. Bada, Urkulluren plan onena planik ez izatea dela uste du zenbaitek. •