Juantxo EGAÑA

Iruñeko udaletxea, duela 67 urte: zaharra eraitsi berria eraikitzeko

1951eko azaroaren 4an, “Agur jaunak” abestia entzuten zela eta erraldoien eta buruhandien konpartsa eta dantzariak bertan zirela, itxi egin zuten Iruñeko udaletxea, XVIII. mendekoa, eraisteko eta bertan, haren fatxada bere horretan utzita, udaletxe berria eraikitzeko. Proiektua Jose Maria Yarnoz Orcoyen arkitektoak gauzatu zuen. 1966tik aurrera, Yarmoz Vianako Printzea erakundeko zaharberritze zerbitzuko arduraduna izan zen. Artikulua ilustratzen duen argazkia Santo Domingo plazatik egina dago, 1952an. Haren egilea Julio Cia Uriz agoiztarra da (1889-1957). Bere gaztaroko parte bat Argentinan eman bazuen ere, ondoren Iruñera itzuli zen bizitzera. Haren irudiek Iruñeak izandako bilakaeraren berri ematen dute, batez ere gerra ondoko garaiaren berri. Bere bezeroen artean Iruñeko Udala eta Katedraleko Artxiboa izan zituen. Julio Ciak katedraleko argazkilari gisa iragartzen zuen bere burua.