Ramon Sola

Su txikian berotzen egongo al da euskal iraultza?

Azken hamarkadetan agertoki politiko bizi-bizia izan da Euskal Herria. Kanpoko ispilutik begiratuta zirraragarri agertu da beti, Burgoseko Prozesutik Aieteko Konferentziara bitartean muga litekeen denbora puska luzean. 1970. urte hartarako, maiatzean mende erdia egingo duen 1968ko Iraultza zimeldua zen nabarmen; eta 2011n, Mendebalde honek –noizbehinkako krisialdi ekonomikoak eta betiko gerrak gorabehera– nahiko esparru segurua zirudien oraindik. Egonkortasuna ikur zuen inguru zabal honetan, beraz, kontrolik gabeko aldagaia izan da herri txiki hau 41 urte horietan. Hortik hona, ordea, hemengo zein kanpoko bilakaerak kontrako norabidean joan dira; apaldu da Euskal Herria –hainbaten ustez, lokartu– eta astindu –edo erotu– bere ingurune politikoa.

Gas leherketen antzera ugaldu dira eztanda politikoak Euskal Herritik gertu samar, askotan elkar kutsatuz. Estatuari begiratzen badiogu, Arabiar Udaberria delakoari segika, gau batean irudi zuen Madrilgo Puerta del Sol enparantzatik abiatuta herriak espainiar zeruak hartuko zituela, baina ez, benetako matxinada Katalunia aldean egosten hasia zen, eta, kontraerasoan-edo, Ciudadanosen eskuin prefabrikatuak jaun eta jabe dirudi gaur. Baina auskalo bihar edo etzi. Nazioarteari so jarrita, Eskozia independente izateko aukeratik Brexit-era (ia kontrakora) pasa gara ia ohartu gabe, eta horren arrastoan iritsi zaigu Donald Trump. Baina batek daki laster boto-emaile berdinek Oprah Winfrey bati, esaterako, pasako ote dioten lekukoa...

Sare sozialen eraginarekin lotu dira zirti-zarta horiek guztiak. Euskal Herrian ere badira sare sozialak, baina sendoago joan dira gauzak, astunago ez esateagatik. Egia da tarte honetan inoizko mobilizazio politiko handienak gertatu direla, baina egia da ere Iñigo Urkullu bezalako kudeatzaile arrunt bat nagusitu dela hautetsontzietan (ez da Trump, ez eta Puigdemont ere preseski). Nafarroan gehiengoa errotik aldatu da, baina aldaketa hori bera lasai eta espero ez zen patxadaz garatzen ari da. Bilduk kolpea jo zuen hauteskundeetan lurralde osoan, baina gero bere horretara itzuli ziren bakoitzaren indarrak. Hori guztia ikusita, esan daiteke gas egoera nabarmen den honetan, ohiko euskal solidotasunak agintzen duela oraindik gurean. Askapen prozesua azkar lezakeen gertaera berezi baten esperoan ibili den edonork (teoría del acontecimiento delakoa eskura dago beti) ez du aurkitzerik izan.

Joko eremu honetan, hala ere, espero baino motelago eta gorabehera gutxiagorekin, inoiz ikusi gabeko heldutasuna lortzen joan da hainbat kontu. Gatazkaren ondorioen alorrean, presoen eskubideen alde su txikian emeki-emeki egosten ari den adostasuna azaleratzen hasia da, eta azkeneko bi hilabete eskasotan torturaren aitortza ofizialak egin duen urratsa ikaragarria da. Asko eta luze erein ondoren, uzta garaiaren hasieraren gertutasuna iradokitzen duen usaina dakarte negu bukaerako haizeteok arlo honetara.

Konponbide politikoaren esparruari dagokionez ere, orain arte erakutsi gabeko heldutasuna adierazten dute Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen mahaira ateratako proposamenek. Lehenengo kolpean behintzat, bistan da ekarpen nagusiak arerioa etsai bilakatzeko asmoz ez direla diseinatu, arerioa bidelagun bihurtzen ahalegintzeko baizik. Argi adierazi du Arnaldo Otegik: akordioa lortuko ez balitz, ez da Estatu espainolaren erruagatik izango, euskal indar politikoen gaitasun ezagatik baizik. Su txikiak ez du txinpartarik ateratzen, ez du zalapartarik sortzen, baina, momentuz, giroa epeltzen du. •