Antton Izagirre

Tribua

Tribu osoa behar omen du haur batek behar bezala hezteko. Bizi garen gizarte modernoan familia zabalak galdu egin du heziketaren ardura; kasurik onenean, guraso biko familiaren mesedetan.

Kasu askotan ez dira nahikoa haurrak bere garapen prozesuan dituen behar afektibo emozionalak, baloreak, ardurak, mugak eta erantzukizunen transmisioa zuzen helarazteko. Maiz katea eten egiten da eta haurra gaztetxo bilakatzen da eredu jakinik gabe edo tribuak transmisioan izan duen funtzioa nork bete izan gabe.

Bilboko zenbait auzotan hainbat gaztetxok bortxa eta heriotza eragin dituzten jokamolde tamalgarriak izan dituztela-eta sortutako eztabaiden harira datozkit burutapenok. Asko hitz egin da gazte horien izaera anker eta desbideratuari buruz; asko hitz egin da hartu behar omen diren neurri sozial eta juridikoez, zigor eta arauez.

Horretan ari garela, beharbada ahaztu egin zaigu gaztetxo izan aurretik haur izan direla eta haurtzaroan izan dituzten zaintza gabeziek, bizi-baldintzek, gertukoen ereduek edota eredu ezak, jasotako moldeek, geroko nortasuna eraiki dutela. Inor ez da lapur, gaizkile edo hiltzaile jaiotzen.

Batzuetan, iturburuan urak bideratzen ez badira, gerora urari presa jartzea alferrikakoa izan liteke. Hobe izango da arreta eta dirutza haurtzaroan jartzea, gero gaztetxoentzat kartzeletako hormak altxatzen aritzea baino. •