Iker Barandiaran

Ardia eta, gainera, erregea

Ezagun batek esan dit asteburu-pasa Madrilera dioala. Han zer egiteko eta ikusteko asmoa daukan galdetu diodanean “El Rey León” ikusiko duela erantzun dit; besterik ez du aurreikusi egonaldiko jomugan, hori nahikoa erakargarria da berarentzat. Honezkero galdu dut musikal hori Madrilera ikustekoa zen hurbileko pertsonen zerrenda kopurua; itzela da! Zer dauka, bada, ikuskizun horrek ehunka (edo agian milaka) lagunen asteburu baten agenda hala baldintzatzeko eta bidaia egitera motibatzeko?

Galdera hori eginda, gehienek diote txundituta gelditu direla, izugarrizkoa dela. Ezin kontrakoa esan hori ikusteak kultura edo, hobe esanda, entretenimenduaren esparruan halako erreferentzialtasun soziala hartu duenean eta sarrera bera eskuratzeko ere, itxaron zerrenda handia egin ostean, ondo ordaindu duzunean. Nik neuk ere ikusi nuen musikala aspaldi (txistuak) Madrilen egin nuen egonaldi luzeago batean. Lagunaren kapritxoz hartu genituen sarrerak, eta ez nuen sufritu hori ikusten, baina hortik liluratzera… Hasierako muntaia, eszenografia, dekoratu, jantzi eta karakterizazioek sortutako sorpresa gaindituta, aspertu egin nintzen. Ez da hainbesterako urrunera ere!

Ez dut uste hala bizi izan dudan bakarra naizenik, baina beste inork ez du hala onartzen eta honek, antza, ez du geldiunerik. Urteak darama karteleran. Horren aurrean norbaitek esango dit zenbakiek agintzen dutela eta hori hala izanda, merezi(ko) duela. Gezurra! Antzeko beste adibide asko ditugu; gehiengoak ez du ezer eraldatzen edo hobetzen. Aldiz, badira zirrara askoz handiagoa eta mezu askoz aberatsagoa zabaltzen duten ehunka ikuskizun; honako hau familian ikusteko espektakulu landua bai, baina lausoagoa da, planoa.

Adibide honek gogora ekartzen dit zein gutxi bilatu, arakatu eta aukeratzen dugun ikusi nahi duguna. Eta testuinguru honetan pelegrinazio antzekoa bilakatu da musikal hori Madrilera ikustera joatea. Musulmanek bizitzan behin Mekara joan behar duten bezala. Batean erlijioa eta bestean usadio soziala; eta bietan artalde efektua.

Ohitura-animaliak garela baino, artaldean funtzionatzen dugula esango nuke nik. Informazio guzti-guztia klik batean eskura dugun honetan, ez gara marra batetik kanpo dagoenetik aldentzen, irudimen faltagatik, nagikeriagatik eta, batez ere, gehiengotik kanpo gure burua ez nabarmentzeko.

Marketin arina dauka “El Rey León”-ek, baina gailurra lortu du: tantaz tanta elikatzen da uste bat dagoelako ikusi beharrekoa dela. Eta honek dauka indar handiena; jende guztiak ikusten du eta ez dago emaitza hainbesterako ez dela aitortuko duenik. Gurpilak bueltaka jarraitzen du.

Zerrendatu ditzagun bizitzan behin behintzat ikusi edo egin beharreko gauzak. Hartu denbora horretarako… Eta orain, serio, benetan uste duzu horietako bat “El Rey León” ikustea dela?

Erregeen esamoldetik tiraka –beste ezer onerako ez dute balio-eta–, beste parekotasun bat irudikatu daiteke. Gogoan duzue kalera zaldi gainean biluzik irten zen erregearen kondaira ezaguna? Ba halaxe gabiltza.

Eta aisialdiaren esparruan halakoak eta hainbeste ematen badira, egin kontu bestelako izaera duten eguneroko beste praktika batzuekin. Izan etorkinekin, erakundeekin, matxismo jarrerekin… Gure kabuz pentsatzen eta erabakitzen dugu, edo korronteari jarraitu besterik ez dugu egiten? •