Dabid LAZKANOITURBURU
PARIS AURRETIK PRAGA

68ko Maiatza mugimendua txekiar hiriko Udaberrian hasi zen duela 50 urte

68ko Maiatza Parisen kokatzen den arren, aro iraultzaile hark garaiko Txekoslovakian izan zuen hasiera urte hartako urtarrilean, Pragako Udaberrian hain zuzen ere. «Sozialismo gizatiarra» defendatzen zuen mugimendua tankeekin suntsitu zuen Sobietar Batasunak. Noiz eta Ameriketako Estatu Batuetan, eta mundu osoan zehar, kolonialismoaren eta gerren aurka eta eskubide zibil «guztien» alde jendea borrokan ari zen 1968. urtean.

Duela 50 urte, Alexander Dubcek apparatchik-ak Antonin Novotny ordezkatu zuen KSC Txekoslovakiako Alderdi Komunistaren gidaritzan. Alderdi barneko korronte desberdinen arteko tirabira ematen zuenak, aldiz, Moskuren agindupean zegoen herrialdean xumeak baina garaian pentsaezinak ziren erreformak ekarri zituen. Eta, nahita ala nahigabe, alderdiaren ordezkari nagusi berriak Pragako Udaberriari bide eman zion, hau da, “sozialismo gizatiarra” eratzea helburu zuen mugimenduari.

Ikasleek, eta oro har gizarteak, aukera baliatu zuten askatasuna aldarrikatu eta “sozialismo errealaren” sustraietan zeuden eta azkenean esperientzia askatzaile hura historiaren amildegira eramango zuten tendentziei aurre egiteko. Gutxi iraungo zuen, hori bai, matxinadak. Izan ere, urtea amaitu baino lehen, abuztuan, Sobietar Batasunaren Armadak tankeak bidali zituen Txekoslovakiara. Okupazioak ez zuen matxinada amatatu. Aitzitik, herritarren haserreak eta determinazioak zutik mantendu ahal izan zuten matxinada hainbat hilabetez.

Azkenean garaitua izan arren, 1968. urte hark ekarritako lehen esperientzia iraultzailea izan zen Pragakoa, Parisko Maiatzaren atarian. Baita Vietnamgo Gerraren aurkako eta eskubide zibilen aldeko AEBetako mugimenduen, eta mundu osoan hedatu ziren inperialismoaren, burokraziaren eta kapitalismoaren aurkako borroken aurretik.

Krisi ekonomikoa eta Eslovakia

1960ko hamarkadan krisi ekonomikoa zen nagusi Txekoslovakian eta oro har Varsoviako Itunaren menpe zeuden herrialdeetan. Barne produktu gordinak nabarmen behera egin ostean, soldatak lur jota zeuden, eta, herritarrak haserre, eguneroko bizitzari ezin eutsiz. Estalinismoak ezarritako “Bost Urteko Planari” zor omen zitzaion miresmena hautsita, fabriketan langileak erabakietan parte hartzea exijitzen hasi ziren. Autogestioari buruzko eztabaidak hedatzen hasi ziren.

Eslovakiarrak ere ez zeuden pozik. Txekiarren aldetik diskriminatuta sentitzen ziren eta berdintasuna exijitzen zuten.

Giro horretan, intelektualen ahotsa gero eta ozenagoa zen. 1963an, Txekoslovakiako Idazleen III. Biltzarrak gogor salatu zuen aspalditik indarrean zen agintariekiko miresmena. Handik lau urtera, 1967an, Idazleen Biltzarrak, Milan Kundera eleberrigile ezaguna eta denborarekin Txekiar Errepublikako presidente bilakatuko zen Vaclav Havel tartean, dei argia egin zion Alderdi Komunistari adierazpen askatasuna berma zezan.

Urteetako ibilbide bikoitza

Ausartak izan ziren, zinez, langileak autogestioa mahai gainean jartzean eta idazleak askatasunak aldarrikatzean, baina, egiari zor, Alderdi Komunistaren sektore batek bultzatuta, edo gutxienez baimenduta, politikaren giltzarri batzuk askatuta zeuden ordurako: 1960ko hamarkadan zehar, erregimenak hainbat preso politiko aske utzi zituen, 1950eko prozesu estalinistatan zigortutakoak birgaitu zituen eta atzerrira bidaiatzeko aukera samurtu egin zuen. Bide batez, zientziaren eta teknikaren arlotan martxan zen iraultza lan eta gizarte ereduak iraultzeko baliatu behar zela defendatzen zuen eztabaida pil-pilean zen. Iraultza Teknikoa eta Zientifikoa, kapitalismoak egiten duenaren kontra, gizateriaren zerbitzuan jarri behar zela aldarrikatzen zuten unibertsitateetako adituek. Lelo hori bere egin zuten Pragako Udaberrian parte hartu zuten manifestariek.

Petr Uhl garai hartako opositorea dugu. 1969an eta 1979an kartzelara zigortu zuten Txekoslovakiako agintari komunistek. Bera, baina, marxista zen orduan eta marxista da egun. Gaur egun kazetaria da eta Sin Permiso atariak 1968ko Maiatzaren inguruko lan-sortaren barnean berriki kaleratu du berari egindako elkarrizketa. Bertan azaltzen duenez, ez du uste Pragako Udaberria gertakari isolatua izan zenik. «Lehenagotik zetorren, Stalinen heriotzatik hain zuzen [1953]. Joera askatzaile hori nolabait eten egin zen 1956an Hungariako eta Poloniako iraultzen aurkako errepresioarekin, baina, aldiz, 1963an berreskuratu egin zen, batez ere Txekoslovakian».

Uhl berak dioenez, «urte hartan Jozef Lenart izendatu zuten gobernuburu Alderdiaren barnean agintea hartu zuten sektore erreformistek. Horrela bada, urte haietan hiletik hilera suma zitezkeen askatasun haizeak: atzerrira bidaiatzerako orduan, kultura arloan, berriak emateko eta jasotzeko orduan...». Honakoa gaineratu du jarraian: «1968a, Eslovakiako auziarekin eta Alderdi Komunistaren barneko borrokarekin, aurretik gauzatutako prozesu baten ondorioa izan zen». Gatozen, beraz, urte hartara.

Jauregiko matxinadatik harat

1968ko urtarrilaren 5ean, Dubcek Alderdi Komunistako buru izendatu zuten. 50eko hamarkadatik idazkari nagusi kargua eta Txekoslovakiako presidentearena bateratzen zituen Antonin Novotny ordezkatu zuen, hau da, intelektualek eta bi nazioz osatutako Estatuan eskumen gehiago aldarrikatzen zituzten eslovakiarrek gorrotatutako politikari zurrun eta dogmatikoa. Novotnyren aurrean, orduan 46 urte zituen Dubcekek, eslovakiarra izateaz gain, beste irudi bat eskaintzen zuen. Irribarrea ahoan, ez zuen arazorik igerileku publikoetan edota futbol eta izotz gaineko hockey partidatan jende arruntarekin nahasteko.

Orduan hasi zen Novotny presidentearen inguruaren aurkako kanpaina. Polizia Jan Sejna jenerala, presidentearen gertukoa, ikertzen hasi zen Armadaren stockak aberasteko erabiltzeagatik. Sejnak Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin zuen, eta, Washingtonek, asiloa eskaini zion berehala sekretu militarrak ematearen trukean.

Izugarrizko eskandalua izan zen Txekoslovakian eta gertatutakoak herritarren haserrea eta ezinegona areagotu zituen. Bitartean, Sejna bera, beste militar batzuekin batera, tartean martxoaren 14an bere buruaz beste egingo zuen Vladimir Janko jeneral-koronela, Novotny boterean mantentzeko kolpe militarra antolatzen saiatu zen. Martxoaren 22an, presidente kargua utzi behar izan zuen azkenean Novotnyk, eta Luvdik Svoboda militar ohiak eta Bi Mundu Gerrateetako heroiak ordezkatu zuen (Moskuk Pragako Udaberria suntsitu eta gero boterean iraun zuen bakarra izan zen, baina hori beste historia bat da jada).

Dena den, aldaketa politikoon atzean “jauregiko matxinada” edota jauntxoen arteko borroka bat baino ikusten ez duena oker dabil. Gizarte antolatuak aukera baliatu zuen: zentsura desagerrarazi, adierazpen askatasuna lortu eta fabriketan “Enpresa Kontseilu” edo “Langile Kontseiluak” sortu zituen, abuztuaren 21eko errusiarren okupazioaren ostean ugaltzen eta koordinatzen hasiko zirenak.

Peter Uhl bat dator iritzi horrekin. «Prozesuak Alderdiaren egutegia eta asmoak berehala gainditu zituen. Herriak antolatzeari ekin zion berehala, bere interesak defendatzeko. Ordura arte, Alderdiak jartzen zituen mugak. 1968ko Udaberrian ekimena ikasleek, sindikalistek, artistek eta langileek bereganatu zuten. Herria ez kontu abstraktua, gainera. Gizarte sektore desberdinek beren interesak aldarrikatzen zituzten eta Alderdiak, nola edo hala, aldarrikapenok jaso egin behar izaten zituen», gogoratu du.

Iraultza kulturala

Dubcekek gidatuta, KSCk ekonomian aldaketa batzuk iragarri zituen. Ez ziren ausartegiak ere, nahikoa ordea Leonid Brezhnev Sobietar Batasuneko agintari gorenaren kezka pizteko. Ardura haserre bilakatu zen Txekoslovakiako Gobernua prentsa eta kultur askatasuna bermatzen hastean. «Ordura arte isilarazita egon ostean, komunikabideak dena kolokan jartzeari ekin zioten, hilabete gutxi batzuk lehenago ezinezkoak ziruditen eztabaidak piztuz», azaldu du Oldrich Tuma historialariak.

Debekatuta zeuden liburuak publikatu ziren, Aleksandr Solzhenitsin disidente sobietarraren “Egun bat Ivan Denisovitxen bizitza” tartean. Baina ez hori bakarrik: Havelen eta Ionescoren lanak antzeztu ziren, debekatutako filmak ikus zitezkeen, musika modernoa nonahi entzuten zen, aldizkarietan emakumeak biluzik agertzen hasi ziren, Pragan striptease espektakuluak zabaltzen hasi ziren...

Garaian Alderdi Komunistako kide zen eta erregimena desegin ondoren bi aldiz Senatuko presidente izango zen Petr Pithart politikariak ondo gogoan du orduko giroa: «Jendeak elkartasuna deskubritu zuen, edozer sakrifikatzeko prest zen. Jendea pozarren zegoen, puztuta». Komunistak ez ziren lehen erakundeak ere sortu ziren, hala nola, preso politikoak biltzen zituen K231 eta KAN Alderdiez Gaindikoen Kluba. Gerora, 90eko hamarkadan, sortuko ziren oposizio taldeen hazia izan ziren.

Mugimendu sozialista

Hala ere, eta Petr Uhli kasu egiten badiogu, Pragako Udaberrian ez zegoen kapitalismoa berrezartzeko aldeko korronte antolaturik, «ezta 1989ko Ileguriko Iraultzan ere. Hori gero etorriko zen. 1968ra bueltatuz, ez zen nekazaritza kooperatiba bakar bat ere disolbatu!», nabarmendu du. Uhlek argi du garai hartan borroka ez zegoela Alderdi barnean eta kanpoan zeudenen artean. «Etendura beste nonbait zegoen. Sobietarren aldeko kontserbadoreak bazeuden Alderdian, baina gutxiengoa ziren. Gehiengoa, bakoitza bere erritmoan, demokraziaren aldekoa zen. Nik neuk ez nuen sumatu Alderdiaren aparatuaren eta ikasleen arteko desadostasun politikorik», jarraitu du.

Dena den, Sin Permiso atarian Jan Malewskik elkarrizketatutako kazetariak argi du Pragako Udaberria Alderditik haratago zegoela. «Egun bi ikuspegi daude gertakari haiei buruz. Lehenak, komunismoa gaitz bat dela dioenak, Pragako Udaberria Alderdiaren barneko botere lehia baino ez zela izan errepikatzen du. Bigarrenak, aldiz, 1968an Alderdia herriari demokrazia emateko bide onetik zihoala uste du, eta sobietarren parte hartzeak zapuztu zuela hori. Eskema biak okerrak dira, azken finean, herriak eragindako uholdea izan zelako», amaitu du.

Zentzu horretan, Tuma historialariak ere Dubcek Alderdi Komunistako burua Udaberriaren ikur bezala aurkezten duen tesia kolokan jartzen du. «Bere paper historikoa ez dago hain argi. Gizon zintzo eta irmoa zen, baina baita zalantzaz betetakoa ere. Gertakari haien protagonista baino, sinbolo hutsa da», bat dator Jirina Siklova soziologoa.

Sobietarren okupazioa

Kontuak kontu, Dubcekek txekiarren eta eslovakiarren askatasun gosea zuen atzetik harresi, eta, aurretik, Txekoslovakia kontrolpean izan nahi zuen Leonid Brezhnev ezpata. Horrela bada, KSCren batzar berezia deitu zuen irailerako bere posizioa sendotuko zuelakoan. Moskuk ez zion horretarako astirik emango. Alemaniako Errepublika Demokratikoko Walter Ulbricht eta Poloniako Wladyslaw Gomulka buruzagiak urduri zeuden Pragan gertatzen ari zena ikusita, azken hori gehiago Varsovian bertan sortutako matxinada ikusita.

Gauzak horrela, abuztuaren 21ean, Txekoslovakian sartu ziren Sobietar Batasuneko, Alemaniako Errepublika Demokratikoko eta Poloniako armadetako tankeak, Hungariakoak eta Bulgariakoak ere lagun zituztela. Lehen egunetan 100 bat hildako eragin zituen okupazioak. «Goiz hartan Zbecnoko tren geltokira iritsi nintzen [Pragatik 50 kilometrotara]. Jendez gainezka zegoen, ikaratuta baino, harrituta zegoen jendez gainezka. ‘Errusiarrek okupatu behar gaituzte!’, oihukatzen zuten, negarrez eta ezin sinetsita», gogoratu du Jaroslava Sindlerovak, Pragako Unibertsitatean ekonomia ikasten zuen gazteak.

Dubcek bera ere harrituta zegoen. «Niri egin didate hau, Sobietar Batasunarekin elkarlana bultzatzeko bizia eman dudanean?. Nire bizitzako tragediarik handiena da», esan zuen. Malkoek ez zioten ezertarako balio izan. Errusiarrek atxilotu, Moskura eraman eta akordio lotsagarri bat sinarazi zioten, «egoera normalizatzeko».

Moskuren agindupera bueltatutako Alderdiak kargutik kendu zuen Dubcek 1969ko apirilean. KSCtik bota zuten, isilik egoteko aginduarekin. Hamabost urtez basoak kudeatzera erbesteratu zuten. Erregimen komunista erortzean politikara itzuli eta Parlamentuko presidente izendatu zuten. Epe motzerako, 1992ko azaroaren 7an hil baitzen, trafiko istripuz.

Hasiera batean, okupazioak ez zuen Pragan negu gorria inposatu. Aitzitik, askatasun prozesua bizkortu egin zen. Abuztuaren 23ko greba orokorrak langileak bildu zituen. Azaroan ikasleak grebara joan ziren sobietarren aurrean men egitearen aurka. Bitartean, fabriketan “Langile Batzordeak” ugaritu egin ziren: irailean 19 ziren, 120 urte bukaeran, 500 baino gehiago 1969an.

Apurka-apurka itoarazi

Moskuren estrategia iraultza apurka-apurka itotzea izan zen. Alderdiari presio eginez hasi eta aurki lortu zituen emaitzak. Komite Zentrala autogestioa bertan behera utzi eta kogestioaren alde azaldu zen; hau da, Estatuak eta enpresa zuzendariek beto eskubidea eskuratu eta batzordeko %33 baino ez zuten izango langileek. Handik gutxira, kogestioa bera ere bertan behera utzi zuen, «langileak ahuldu eta aisialdirako denborarik gabe uzteagatik». 1969ko apirilaren 3rako zentsura bueltan zen eta ekainean ikasleen sindikatua bertan behera utzi zuten. Gauza bera gertatuko zitzaion idazleen sindikatuari. Alderdi Komunistaren barne purgak 500.000 kide zigortu zituen.

Munduan, indar iraultzaileek oro har txalotu egin zuten Pragako Udaberriaren kontrako erreakzioa, Kubak kasu, «bestela eremu sozialista ahuldu» egingo baitzen antza. Mendebaldeko alderdi komunistak Sobietar Batasunarekin lerrokatu ziren. 1917ko Urriko Iraultzari eusteko azken aukeraren aurrean mutu geratu ziren. Are gehiago, mundu osoa astindu zuen 68ko Maiatza ate joka zela konturatu ere ez ziren egin. Lehen galtzada-harriak Pragan altxatu eta bota zirelako.

 

Ikasleen matxinadarekin amaitzeko, pogrom politikoa Polonian 1968an

1968ko martxoan, Parisen matxinadak eztanda egin baino hiru hilabete lehenago, Polonian ere ikasleak altxatu egin ziren. Baina, Pragako Udaberrian gertatu bezala, Erregimen komunistak berehala suntsitu zuen matxinada.

Erregimenak Adam Mickiewicz poeta erromantiko miretsiaren “Arbasoak” lana debekatu egin zuen, haserrea eraginez. Erabakiaren aurka azaldu ziren bi ikasle Varsoviako Unibertsitatetik bota zituzten, tartean Adam Michnik gaztea, 80ko hamarkadan oposizioaren buruzagi bezala ezagutzera emango zena.

Horrela bada, martxoaren 8an erabaki hura salatzeko campusean egin zen protestak eman zion hasiera laster hainbat hiri eta herritara zabaldu zen matxinadari. Izan ere, Poloniako hainbat giza sektoreren babesa jaso zuen berehala, tartean langileena.

Alderdi Komunistaren korronte patriotikoak matxinada baliatu zuen aparatuaren barnean eta Estatu osoan juduen aurkako kanpaina egiteko. Hasiera batean, Bigarren Mundu Gerra amaituta 1945ean Moskutik Poloniara itzuli ziren «internazionalistak», horietako asko juduak, hartu zituzten jomugan; gerora, judutar ororen aurka egin zuten. Milaka poloniarrek erbestera ihes egin behar zuten.

Adam Michnik historialariak, egun “Gazeta Wyborcza” egunkariko erredaktoreburua, ondo gogoratzen du bere atxiloketarekin hasi zen matxinada. «Txekoslovakian askatasun haizea sumatzen zen eta guk ere esperantzak genituen. Baina horra hor zer gertatu zen: botereak, galdutako legitimitatea berreskuratu asmoz, armarik gaiztoena, antisemitismoa, erabiltzea erabaki zuen. Non eta juduen aurkako holokaustoa zuzenean bizi izan zuen Polonian, nortzuk eta antisemitismoa ardatz zuten komunistek!», gaitzetsi du oposizioko agintari historikoak.

«Mieczyslaw Moczar eta Franciscek Szlachcic Barne ministro eta ministrordeak gidatzen zuten komunista patriotikoen taldeak Alderdiaren aparatua eta ideologia kontrolatzea nahi zuen, nola edo hala. Segurtasun zerbitzuak eta komunikabideak jada kontrolpean zituzten ordurako», gaineratu du.

Hala ere, Michniken ustez, garai hartako garrantzitsuena «diktaduraren aurkako intelektualen errebolta izan zen, Mickiewitz, ‘Arbasoak’, antzerki askatasuna eta tradizio nazionala defendatzeko». Izan ere, «Polonian Mickiewitz debekatzea Britainia Handian Shakespeare edo Frantzian Victor Hugo, Balzac edota Stendhal debekatzearen parekoa da», nabarmendu du. «Debeku hark sistema politikoaren inguruan izan genitzakeen ilusioekin amaitu zuen», azaldu du inolako zalantzarik gabe orduko opositoreak.

Dena den, orduko intelektual eta opositoreen artean asko katoliko kontserbadoreak ziren. Egun 69 urte dituen Antoni Macccierewicz dugu horietariko bat. Bere ustez, «martxoan bizi izan zena, 1966an, kristautasuna iritsi zeneko milurtekoan, Poloniaren bataioan, izan ziren ekitaldien segida baino ez zen izan. Orduan milioika poloniar atera ziren kalera eta une batez aske sentitu ziren», ziurtatu du.

Hala ere, 2015etik pasa den urtarrilera Poloniako Defentsa ministro izan zen Macccierewiczek argi du matxinada ez zela izan Varsoviako ikasleei soilik mugatutako ekimena. «Komunisten aurkako manifestazioetan parte hartzen zuten gehienak langileak ziren. Martxoaren 21ean, unibertsitateko anfiteatroan Ikasleen Batzordea langileak protestara nola deitu eztabaidatzen ari zela, bertan lan egiten zuen batek honakoa esan zigun garrasika: ‘Zer demontre ari zarete eztabaidatzen, langileok zuen alde gaude jada!’». Ezin da ahaztu ere 80ko hamarkadan boterea kolokan jarri zuen Solidarnosk sindikatuaren agintariak 1968ko matxinadan parte hartu zuten ikasleak zirela.

Langile orok matxinadarekin bat egin zuela esatea, gehiegikeria baino, gezur hutsa da. Hala ere, gertakari haien irakurketa marxista egiten duenik ere bada, tartean orduko Erregimenaren barne-barnetik. Jozef Tejchmak 90 urte ditu eta 1968an Alderdi Komunistaren buro politikoan sartu zen: «Poloniak krisi sakona bizi zuen, krisi ekonomikoa. Hornidura arazoak zeuden eta denden ataurretan ilarak ziren nagusi. Boterearen aurkako sua pizteko pospolo bat izatea nahikoa zen. Orduan, ‘Arbasoak’ debekatu zuten, Gobernuak Errusiaren aurkako antzezlan gisa salatu zuelako», gogoratu du Tejchmak.

Dena den, Erregimenaren erantzun bakarra antisemitismoa bultzatzea izan zela esatea ez da zilegi, bere ustez. «Mozcar Barne ministroak aspaldian boterean zeudenak gainetik kentzea nahi zuen. Ez ziren soilik juduak, Poloniari buruzko ikuspegi internazionalistagoa zutenak ziren».

Polonian bizirik jarraitzen zuen juduen aurkako jarrera aprobetxatu zuen alderdiaren sektore horrek matxinada amatatzeko, eta, bide batez, barne egituretan purga baten bidez boterea sendotzeko. Alderdikide «internazionalistak» Israelen aldekoak ziren, baina ez zen giro beraientzat Sobietar Batasunean eta bere mendeko herrialdeetan garai hartan. Moskuk gaizki hartu zuen bere aliatu arabiarrek 1967ko ekainean Sei Eguneko Gerran jasandako porrot militarra.

Bide batez, Poloniako Alderdi Komunistaren buruak, Wladyslaw Gonulkak, bere etorkizun politikoa kolokan ikusi zuen. Gonulka beraren emazteak jatorri judua zuen, eta, beraz, ez zen antisemita, baina egoera baliatu zuen 1948an kargugabetu zuten «internazionalista sionisten» aurka egiteko. Tejchmak Gonulkaren «hitzaldi beldurgarria» ez du sekula ahaztuko: «Antisemitismoa berpiztu zuen. Behin kanpaina hasita, krisi ekonomikoaren, zailtasun guztien, gizartearen arazo ororen errudunak besteak ziren, juduak, eta ez politika ekonomiko ankerrak».

Alderdi barnean purga gauzatzen zen bitartean, komunikabideetan juduen aurkako mezu bortitzak ziren nagusi. «Jendeak eskutitz iraingarriak bidaltzen zituen egunkarietara, buruzagi komunistek zuten pribilegioengatik zuen haserrea juduen bizkar gainera botaz».

Garai hartan alderditik kanpo geratzeak sekulako eragina zuen poloniarren bizitzan. Milaka eta milaka juduk herrialdetik irten behar izan zuten; batzuk Israelera jo zuten, baina gehienek Mendebaldeko Europara jo zuten. Horietariko bat izan zen Adam Ringer. Matxinadan parte hartu zuen ikasle garaian eta egun enpresaria da, Green Caffe Nero kafetegi kate ezagunaren presidentea. «1968ko abenduan alde egin nuen Poloniatik. Bi arrazoirengatik. Lehena, martxan zegoen juduen aurkako kanpaina. Nire aita lanetik bota zuten eta gurasoak ezer gabe geratu ziren. Baina bene-benetan konbentzitu ninduena Txekoslovakiaren inbasioa izan zen. Orduan ulertu nuen ez zegoela aldaketarako itxaropenik, altzairuzko ukabila hor zegoela hori ekiditeko».

Ringerrek, beste batzuek bezala –ez guztiek, noski–, argi du 1968ko ikasleen matxinadak «sozialismo gizatiarrean zuela oinarria. Nolabait birjintasuna berreskuratzea zen, boterean zegoen Alderdiak guztiz okertutako sozialismoaren sustraietara itzultzea», dio 1994an Poloniara itzuli zen ikasle ohi eta gaur egungo enpresariak.

Michnikekin bueltatuz, aurten Poloniak onartu duen Shoah edo Holokaustoaren inguruko legea aipatu du, naziekin hainbat poloniarrek izandako kolaborazionismoa aipatzen duena kartzelatzea baimentzen duena. Historialariak ez du uste bi egoerak ehuneko ehunean pareka daitezkeenik, Varsoviako Gobernuan agintzen duen sentimendua, antisemita baino gehiago, Europar Batasunaren aurkakoa delako. Hala ere, nolabaiteko lotura historikoa ikusten du Michnikek. «Orduan bezala, egun ere, etsaiek inguratutako Poloniaren irudia errepikatu egiten da, eta, beste behin ere, etsaiak juduak dira, gure kalterako ari direnak».