Iñaki Altuna

Bidegabea izan zen? Ez, bidegabea izaten ari da

Armagabetzea gauzatu aurretik ETAk oraintxe egiten/amaitzen ari den barne eztabaida aurrera eramango zuela iragarri zuen. David Plak aipatu zuen GARAri 2017ko otsailean eskainitako elkarrizketan. Gerora jakin dugunez, armagabetzearen aurretik ETAren ziklo historikoaren amaierari buruzko eztabaidaren berri emateak bazuen asmo zehatz bat. Horrela agertu da azkenaldian kaleratutako zenbait liburu eta prentsa albistetan. Horietan jaso diren ETAren beraren barruko txostenek hala diote: «Ez genuen bi gaiak [armagabetzea eta ETAren amaiera] exijentzia kate bat bezala azaltzea nahi, aldebakarreko aurreko urratsetan gertatutakoa, ahal zen neurrian, errepika ez zedin (urratsa egin orduko amortizatutzat jotzea eta beste exijentzia bat aurrekoaren lekuan jartzea). Orain arte soilik armagabetzea aipatu izan bagenu, eztabaidari ekiteko baldintza okerragoetan geundeke, berriro ere behartuta izanaren irudia indartuko litzatekeelako».

ETAren azterketa horren oinarrian bada errealitate jakin bat, 2011ko Aieteko Konferentziaren aurretik eta gerora ere nabarmendu dena behin eta berriz. Gatazkaren konponbiderako alde batek egin dituen urratsak gutxiesteko beharra izan dute gainerako eragile nagusiek. Esan behar da alde horrek egin dituela urratsak eta ez besteek, salbuespenak salbuespen. Ipar Euskal Herriko eragileena dugu, hain zuzen ere, salbuespen nabariena. «Ez da nahikoa» mezua, estatuek ez ezik, Aieten egondako alderdi batzuek ere erabili dute, Aieteko bide orritik aldentzen ziren bitartean.

Egindako urratsei balioa kentzeko eta albiste onak baliogabetzeko joerak badu, jakina, asmo politiko bat. Urrats horiei mereziko luketen garrantzia eta garapena eman izan baliete, beste eragile horiek ere beste maila bateko portaera izan beharko zuten eta bestelako egoera egokiago bat sortuko zen gatazkaren helburuei eta arrazoiei ekiteko. Baina, jakina hori ere, bada horretarako gogorik eta interesik ez duenik. 2011ko urratsei –egin zirenak eta adostutako bide orrietatik egin gabe geratu zirenak– bide emanez gero oso bestelako egoera litzateke egungoa, baina, antza, horrelako egoera demokratiko batean –gatazkaren ondorioak gaindituta eta gatazkaren arrazoiak eztabaidagai– bakarren batzuk ez lirateke oso eroso egongo. Zer luke kontatzeko eta eskaintzeko ustelkeriak jotako Estatu espainolak? Ezker abertzaleak arrazoia du Madrilek Euskal Herria aurreko zikloan iltzatuta nahi duela dionean. Horregatik birsortzen ditu, artifizialki bada ere, aurreko egoerak.

Badirudi armagabetzeari ekiterakoan ETAk asmatu zuela eztabaida lehenago iragartzearekin. Nolabait, aipaturiko «exijentzia katea» hautsi zuen eta bere erabakiak berariaz hartzen dituela azaldu zuen. Baina, beharbada, ez zuen kontuan hartu eskema hori ez zuela indargabetu, eta errepikatuko zutela erakundeari amaiera emateko unea iritsitakoan. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo denok jakin badakigu epe laburrean hori ere etorriko dela, eta horregatik urrats horrek ekarri beharko lukeen egoera baldintzatzen saiatzen ari dira batzuk dagoeneko. Biktimak eta eragindako kaltea izaten ari dira horretarako erregaia, modu partzialean eta bidegabean, injustuan, erabilita.

Xabier Rey presoaren heriotzak utzi du agerian hipokrisia hori. Hobeto esanda, hipokrisia hori agerian utzi behar zuen. Baina, gertatutakoaren larritasuna estaliz, alderdi, erakunde eta hedabide nagusiek beren kontakizun tranpatiak dituen begi bistako kontraesanak saihestu dituzte beste behin. EAJren jokabidea paradigmatikoa da. Preso bat hain egoera larrian hiltzeak ez du merezi ohar txiki bat ere; bai, ordea, pintada batzuek.

Urrats berriak badatozela-eta, egoera lokazteko gogoa presoei jaioterrietan eskaintzen zaizkien ongietorrien kontrako oldarraldiarekin azaleratu zen. PP izan zen lehena, baina besteek ere jarraitu diote. Aintzane Ezenarrok presoen senideek etxean eman behar zietela ongietorria esan zuen. Etxean edo tanatorioan, ahaztu zitzaion gehitzea, egun gutxira Xabier Reyren heriotzak bortizki gogorarazi duenez.

Aurreko etapa gogorra modu egokian gainditzeko konpondu beharreko kontuak (presoak eta biktimak) konponbidearen kontra erabiltzen ari dira asko, akaso benetako konponbideak bat baino gehiago biluztuko lukeelako. Horregatik aditzen denborak ere ez dituzte ondo erabiltzen, «bidegabea izan zen» esan beharrean, «bidegabea izaten ari da» esan beharko lukete Urkulluk, Fernandezek eta enparauek, bere buruari inolako nagusitasun moralik eman gabe. •