Nerea Ibarzabal Salegi

Bigarrena

Aupa Etxebeste”-ren bigarren atala grabatzeari ekingo diote aurten Asier Altunak eta Telmo Esnalek: “Agur Etxebeste”. «Jakin nahi al duzu zertan dabiltzan Etxebestetarrak hamahiru urte beranduago?», galdetzen dute albistea eman duten kazetariek beraien sarrerako testuetan, eta ia instintiboki atera zait erantzuna altuan: ez, ez dut nahi.

Ez dakit nor izan den erantzun duena, nire subkontzienteko ze izaki zaharmindu, berez “Aupa Etxebeste”-ren DVD-a ia gastatu egin bainuen umetan, ikusiaren ikusiaz. Fondo gorriak eta etxe beltz hark beti iradokitzen zidaten nagusientzako pelikula bat zela, eta agian horregatik errepikakortasuna, bekatua egiten harrapa nintzaten nahiko banu lez. Euskarazko pelikulen nire lehenengo erreferentzia izango zen ziur aski, itzulpenik behar ez zuena, nire herria izan zitekeen leku batean kokatua, nirea izan zitekeen familia baten istorioa –Asuni Axun deitze hutsagatik–.

Hamaika urte nituen orduan. Gogoan dut barrezka lehertzen nintzela Pitxitxi katu persa zuria jaten zuten eszenan; ez nintzen gai irudikatzeko Patrizio zein alderdi politikotako alkatea izan zitekeen; ez nuen ulertzen zergatik gorrota zezakeen errainak aitaginarreba; ez nekien Willy Toledo aberaskumeen etxean lapurretara sartzeak ze pisu sinboliko zuen; aberatsak-normalak-pobreak multzoetan sailkatzen nuen mundua, eta amari galdetzen nion ea gu pobreetan edo normaletan geunden, erantzunaren beldurrez beti; oporren garrantzia zen, agian, ulertzen nuen bakarra –irailean denok puzten genituen gure oporraldietako anekdotak, Ezkarai Miamiren mailara jarrita–. Nire bizitzako etapa bat markatu zuen “Aupa Etxebeste”-k.

Orain 24 urte ditut, eta hainbeste gauza aldatu dira, non oroitzapenak bitrinatan gordetzeko ohitura hartu behar izan dudala denborak manipulatu ez ditzan, konparatzerik izan ez dezadan. Halaxe artxibatu nuen pelikula hura ere, bukatutako gauzen karpetan, salbu, noiznahi lagunartean komentatzeko «ei, oroitzen duzue ‘Aupa Etxebeste’?», eta nostalgia, eta belaunaldi jakin batekoa izan beharra zertaz ari garen ulertzeko.

–Ez dut uste hori egiten duen bakarra naizenik, bestela ez litzateke hain konpartitua bigarren parteenganako beldur hori. Geroz eta konbentzituago nago iraganaren idealizazio batetik datorren ustea dela oinarri-oinarrian–.

Baina bidean da “Agur Etxebeste”, eta beldur naiz, ikustera joango garelako eta pertsonaiei denborak nola eragin dien aztertu beharko dudalako nahitaez. Konparatu. Non daude hamahiru urteren ostean? Eta une horretan ez dut beste erremediorik izango neure buruari begiratzea baino, nire herriari, nire familiari, hainbestetan etxez beste, jendez beste, bestez beste egin eta gero, ikusteko non ote gauden orain.

Bigarren parteei diedan izuak ez dit utziko justua izaten. •