Miren Azkarate Badiola

Isun festa

Donostiako Zuatzu Parke Teknologikoa ezagutzen duzue? Izenak ez zaitzala nahastu; bulegoz, enpresaz, eta abarrez osatutako poligono bat da. Milaka langileren eguneroko lantokia izateaz gain, joan-etorri tokia ere bada.

Denborarekin, jende kopurua handitzen joan da, eta, diseinatu zuteneko autoak aparkatzeko tokien kopurua, motz geratzen. Eraikin bakoitzak lur azpiko parkingak ditu, bulego bakoitzeko auto bakan batzuek (ez denek) erabil ditzaketenak. Gainontzeko autodun langileek kalean utzi behar dute kotxea, TAOrik gabeko gunean. Eta ez hor bakarrik (hau ere motz gelditzen baita), espaloian eta azkenean ahal den lekuan aparkatzen dute, idatzita ez dagoen lege bat errespetatuz: «Autoa utzi nahi eta ahal duzun lekuan, baina ez enbarazurik egin gainontzekoei».

Astebete da, baina, Donostiako Udaltzaingoa misio berri batekin goizero parkera igo eta isunak jarri eta jarri dabilela, baita garabiarekin autoak depositura eramaten ere. Zergatik? Ba aipatu ez badut ere, badagoelako ordaintzen den parking bat ere (parking publiko bat, mozkinak ateratzen dituen jabe partikular batekin!), hutsa egoten dena arrazoi horrengatik.

Bertako enpresaria da isun festa hau eragin duena, bera dirua irabazten ez eta abisu ematea erabaki duena dagokion lekuan. Oraingoz, askoren haserrea da lortu duen bakarra eta horrek ez du eragin udaltzainek isunak zabaltzeari uztea. •