amagoia.mujika@gaur8.info
EMAKUME BERTSOLARIAK

Mariana Hargain eta Aña Deabrua, XIX. mende amaieran plazaz plaza ibilitako bertso-bikotea

Marie Coulunek 1896an «La Femme» kazetan aipatu zuen Mariana Hargain eta Aña Deabruaren plazako bertso jarduna. 1894an, «Le Réveil Basque» eta «Eskualduna» egunkarietan ere aipatuak izan ziren bi emakume bertsolarien jendaurrekoak. Plazan aritzen ziren bertsotan eta plazak betetzen zituzten.

Euskara inprobisazioentzat egokia da, herriaren interes handia pizten dituzten guduka horiek. Aipatzen dira bi emazte gogo-zalutasun eta elasturiz zein gehiagoka ari direnak, bat bestearen kontra, borrokatzen dira bestako lehendakariak mementoan berean eman dien gaia garatzeko. Bi emazte horiek berrikitan arrakasta handia lortu dute Hazparneko pilota plazan; batak laborari biziaren edertasunak goraipatuz, besteak langile zapataginaren balioa ospatzen».

Hitz horiekin jaso zuen 1896an “La Femme” kazetan Marie Coulun feministak bi emakume bertsolariren jarduna. Mariana Etxegarai, Aña Deabrua ezizenez, eta Mariana Hargain ziren bi bertsolariok, askotan plazan elkarren ondoan arituak eta ingurura publiko jendetsua biltzen zutenak.

Marie Coulun euskal feminismoaren aitzindaritzat hartzen da. Parisen jaio zen, 1837an. Ondoren, baina, madame d’Abbadia d’Arrast gisa ezagunagoa egin zen, izan ere, 21 urte zituela Charles Abadia Urrustoirekin ezkondu zen, besteak beste Lore Jokoak eta Euskal Bestak antolatu zituen Anton Abadia Urrustoi geografo, astronomo eta kultur eragile ezagunaren anaia gaztearekin –familia d’Abbadia d’Arrast frantses izenarekin ezagutzen zen–.

Charles, Marie eta bikoteak eduki zituen seme-alabek familiak Baigorrin zuen Etxauzia jauregian igarotzen zuten urtearen zatirik luzeena; gainontzeko hilabeteak, aldiz, Parisen ematen zituzten.

Marie Coulon protestantea zen eta horrek zenbait arazo eragin omen zizkion senarraren familiarekin, seme-alabak ere protestantismoan hezi baitzituen. Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalak (CNFF) eta Emakumeen Eskubideen Aldeko Belgikako Ligak antolatutako Frantziako eta Belgikako lehendabiziko kongresu feministetan parte hartu zuen, CNFFko kide gisa.

Emakumeen sufragio eskubidea sendo defendatu zuen eta Askatutako Emakumeen Patronatuaren Obra taldeko idazkari nagusia izan zen. Talde horrek espetxeratutako emakumeak bisitatzen zituen eta kartzela utzi ondoren ere laguntza eskaintzen zien. Era berean, alkoholismoak emakumeei eragindako kalteen aurka lan egiten zuten zenbait taldetan lagundu zuen Coulunek.

Finean, emakumeen eskubideen aldeko aktibista sutsua izan zen eta emakumeen egoera hobetzeko borroka egin zuen. Hainbat eta hainbat egunkari eta aldizkaritan iritzi artikuluak idatzi zituen, gehienetan emakumeekin zerikusia zuten gaien inguruan.

«La Femme» kazeta

Hain justu, Parisera itzulita, 1871. urtetik aurrera artikulu sorta bat idatzi zuen “La Femme” kazetan. Horietan Euskal Herria aipatzen du, haren nortasuna eta ohiturak, ikuspuntu berezi batetik abiatuta: feminismoa eta emakumearen eskubide eta askatasunak. Aipatu bezala, artikulu horietako batean XIX. mende bukaerako bi emakume bertsolari aipatzen ditu: Marie Hargain eta Mariana Etxegarai (Etchegoyen esaten dio artikuluan).

Hain justu, bere bizitzako azken urteetan argitaratutako “Causeries sur le Pays Basque. La femme et l´enfant” (Paris, 1909) liburuan bildu zituen artikulu horiek guztiak. Liburu hori funtsezko jotzen da Marie Coulunek euskal feminismoari egindako ekarpena aztertzeko.

Coulonek aipatzen dituen bi bertsolariak, beraz, Mariana Etxegarai (Aña Deabrua bezala ezaguna) eta Mariana Hargain dira.

Marie edo Mariana Hargain 1860. urtean sortu zen Ezpeletan eta bat-bateko bertsolaria eta bertso-jartzailea izan zen. Kanbon bizi izan zen Hegontoinia baserrian eta espartingintzan eta laborantzan arituz atera zuen bizimodua. Donapaleun hil zen, 1925. urtean.

Jasoa geratu denez, Kanbon agertu zen lehen aldiz plazan kantuan. Egun hartan ez zen berarekin Aña Deabrua, baina gerora gehienetan kantu-lagunak izan ziren biak. Arrakasta handia izaten zuten elkarrekin eta plaza askotatik deitzen zieten. Anton Abadiaren Lore Jokoetan irabazle izan zen 1888. urtean, Kanbon. Euskal Bestak deituriko sariketetan ere parte hartu zuen eta sariketa bat baino gehiagotan gailendu zen. Horrez gain, Hargainek bat-bateko bertso asko kantatu zituen ezkontzetan, bataioetan eta jaunartzeetan.

Etchegoyenen egiazko izena Mariana Etxegarai Baraziart zen eta, ezizena, Aña Deabrua. Lekornen sortua zen 1873. urtean eta Hazparnera ezkondu zen gero. Zapatagintzan eta ostalaritzan lan egiten zuen. Hazparnen hil zen, 1939. urtean. Bat-bateko bertsogintzan aritu zen plazaz plaza, maiz Hargain ondoan hartuta, eta hark bezala ospakizunetan ere maiz parte hartzen zuen bere bertsoekin. Euskal bestetan parte hartu zuen eta sari bat baino gehiago irabazi ere bai.

«Urte horietan erregularki parte hartzen zuten biek bai Anton Abadiaren Lore Jokoetan eta baita Euskal Bestak deiturikoetan, eta urtez urte sailkatuak izaten ziren biak. Ez zen emazteen lehiarik aparte, gizonekin lehiatzen ziren eta goian aritzen ziren. Informazio gutxi dugu lehiaketa horien inguruan. Idatzizko lehiaketetan, berriz, ez zuten parte hartzen emazteek normalean. Behin batek parte hartu zuen eta horren arrastoak baditugu. Aldiz, bat-bateko txapelketen arrastoak ez ditugu, baina tartean atzematen dira emazte batzuk», eman du azalpena Peio Jorajuriak, Bilketa Euskal Funtsen Atariko kideak. Jorajuria, hain justu, artxibo historikoetan barna ibiltzen da Euskal Herriari eta euskarari buruzko arrastoen bila eta hor topatu du Aña Deabruaren eta Mariana Hargainen berri.

Plazan apal eta neurritsu

Marie Hargain, beraz, Aña Deabrua baino zaharragoa zen, hamahiru urte hain justu. Hargainek ez zekien idazten eta irakurtzen. Hala ere, ezezagutza horrek ez zion trabarik egin eta zorrotza zen bertsoak bat-batean josten. Esaten da errimetan oso aberatsa zela bere bertsokera.

Marie Hargainek eta Aña Deabruak, baina, elkarren ondoan egiten zuten distira gehien. Garaian ez zen ohikoa bi emakume jendaurrean hitzen bidezko borroka horretan aritzea, eta, gainera, biak ziren abilak jardun horretan. Hala ere, oholtzatik jaitsi orduko itzaltzen zen liskarra, bi bertsolariak lagun onak baitziren.

Aña Deabruak, berriz, bazekien idazten eta irakurtzen eta esaten da tailerrean zapatak josten zituen bitartean aritzen zela bertsotan, hor ondu zuela bere jarduna.

Bi emakumeek sekulako ekarpena egin zioten bat-bateko bertsolaritzari, baina plazan oso apal aritzen omen ziren, oso neurritsu. Izan ere, jakitun ziren apaizak zelatan ibiltzen zirela plazaz plaza, bertsolariek zer kantatzen zuten gertutik zaintzen.

«Herriaren oso gertukoak ziren bi emazteak. Karrikan, lantegian, herrian... ikasi zuten bertsotan. Irudiz zapatagileen artean ohitura hartu zuten bertsotan egiteko eta Aña Deabrua askotan aritzen zen bertsotan lanean. Badirudi bertsolaritza eguneroko jarduna zela. Artikulu batzuetan bertsolaritza aipatzen da zerutik heldu balitz bezala, baina egiazki herritik heldu zen eta biziki presente zegoen herrian», gaineratu du Jorajuriak.

Bilketa.eus webgunean argitara eman ditu Etxegarai eta Hargain bertsolariei aipamena egiten dieten hiru artikulu. Bata, aipatutakoa, Marie Coulunek “La Femme” kazetan argitaratua. Bigarrena, 1894. urteko irailaren 30ean “Le Réveil Basque” kazetan jasoa eta, hirugarrena, 1894. urteko irailaren 21ean “Eskualduna” egunkarian argitaratua.

«Asko aipatua izan da garaiko ‘prentsa gorriaren’ eta ‘prentsa zuriaren’ arteko aldea. Bistan geratzen da egunkarien arteko lehia. ‘Le Réveil Basque’ prentsa gorrian sailkatzen da, modernoagoa eta liberalagoa da. Askatasunen aldekoagoa. ‘Eskualduna’, berriz, prentsa zurian sartzen da; beraz, kontserbadoreagoa, erlijiosoagoa eta ez biziki errepublikazalea. Batek goraipatzen du emazteek parte hartu eta irabaztea, eta, besteak, ez horrenbeste. Ez du zuzenki esaten emazteen parte hartzearen kontra dagoenik, baina bertsolarien izena erasotzen du, nabarmentzen du bazirela gizonak eta horiek biziki ongi aritu zirela, aipatzen du batzuek zalantza izan dutela epaimahaia ez ote den beldurtu emazteen kontra aritzeaz eta horregatik irabazi dutela... Aski argigarria», segitu du Jorajuriak.

 

Peio Jorajuria

«Ainitzetan entzun izan dugu euskara ez dela idatzizko hizkuntza bat eta, beraz, ez dela besteen mailan. Guk baietz erakusten dugu»

Bilketa proiektua katalogo kolektibo bat da. Baionako hiriak sorturik, Frantzian zerrendatuak diren euskal funtsetarako sarbidea da www.bilketa.eus ataria. Hartara, Euskal Herriaz edota euskaraz idatziak diren liburu, aldizkari, eskuizkribu, artxibo, ikonografia eta ikus-entzunezko edozein dokumentuk osatzen dituzte euskal funtsak.

Euskal Kultur Erakundea eta Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin, Frantziako Estatua-DRAC, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikata eta Baionako Herriko Etxea daude proiektuan elkarri lotuta.

«Lehen helburua katalogo komun bat sortzea da; hogei bat liburutegi desberdinen euskal funtsen katalogoa. Hor biltzen ahal da Baionan, Angelun, Donapaleun, Tolosan edota Bordelen, kasu, euskal funts gisa gordetzen duten guztia: euskarazko edo Euskal Herriari buruzko testu, bideo, dokumentu, afixa... Hori da gure lehen lana, XVI. mendetik gaur arte sortu direnak gure katalogoan jasotzea. Gero, bigarren tokian, biltzen dugun material hori digitalizatzea da gure helburua. Hau da, eskubidez libre diren ahalik eta dokumentu zahar gehienak digitalizatu eta zabaltzea», agertu du Jorajuriak.

Hartara, biltzea lortu duten altxorra zabaldu eta ezagutzera emateko erakusketa birtualak antolatzen dituzte Bilketa atarian. «Gai zehatzei buruzko webgune berezituak egiten ditugu. Lehena pastoralari buruz egin genuen. Bigarrena, XIX. mendeko abere marrazkiei buruz eta, hirugarrena, Feillet ahizpei buruz. Hiru erakusketa horiek oso-oso aberatsak dira eta gure webgunean daude ikusgai, denon eskura. Horrez gain, hilabetean behin digitalizatu dugun zerbait nabarmentzen dugu. Adibidez, orain Augustin Etcheverry olerkari ezezagunari buruzko informazioa dugu. Eta, gainera, testu hautatuak ere jartzen ditugu; euskaraz eta frantsesez. Jendea euskal funtsetan ditugun altxorren jakitun izatea nahi dugu».

Bilketako lantaldea, zalantzarik gabe, altxorren artean ari da lanean egunero-egunero. «Hori da gure lanaren abantaila, altxor artean ari garela. Aldiro, badira euskal funtsetan altxorrak. Liburutegien munduan ainitzetan entzun izan dugu euskara ez dela idatzizko hizkuntza bat eta, beraz, ez dela besteen mailan. Guk gure partez erakusten dugu baietz, euskara idatzia izan dela, eta, gainera, diren arrasto horiek erakusten dute bai garaian eta bai orain kultura bizi-bizi baten adierazgarri dela hizkuntza», nabarmendu du.

Aña Deabruaren eta Mariana Hargainen inguruan garaian idatzitakoek ere garbi erakusten dute hizkuntza bizia zela euskara XIX. mendean. «Emazte horiek plazan aritzen ziren euskaraz, publiko zabal-zabal baten aurrean. Baziren sobera festa eta askotan izaten ziren bertsolari saioak, jende aunitz biltzen zutenak. Garaiko prentsak aipatzen zituen saio horiek, eztabaida pizten zutelako. Esanguratsua da».

 

Egiazko ustekabea

Euskal inprobisaketa lehiaketak egiazko ustekabea ekarri zigun. Gaurdaino, sexu azkarrak bakarrik bazuen literatur genero horren abantaila; baina orain urrundua da sexu ahularengandik, taula gainera igotzen dena eta hobeki inprobisatzen duena. Horrela agertu da Marie Etchegaray anderea, bertsolari aparta gisa. (…)

«Le Réveil Basque», 1894ko irailaren 30a

 

«Nun zagon deabrua lo»

Arratsaldean koplarien primak. Lehenbizikoa neskatcha gazte, 16 edo 17 urtheko batek irabazi du. Haspandarra da neskatcha hori, eta ekartzen duen izenaren arabera, zerbeit athera ditakena! –Nola deitzen da ?– Debrusa...

Nahi baduzu, den bezala, egia aithor dezazudan, ez dakit beraren izena; bainan ukhan bezala saltzen dut. Debruaren eta Debrusaren alaba zela zioten han haren herritarrek. Ez da estonatzeko biphiltasunez eta kopetaz burhasoen egite balinbadu ere.

Handia da bertzenaz izen hortako koplaria Hasparnetik atheratzea! Egundainotik aditzea dugu izen-goitientzat nausi dela Hasparne. Koplari ederrak ere izan dire herri hortan bertze orduz. Bainan emazterik ez ginuen oraino holachet ikhusi, kazkaroten herri inguruetan baizik. Nun zagon debrua lo, bere umearekin!

Emazteki baten orde biga bagintuen hanchet, bat bertzea bezen erne eta biek mihia zalhu. Bigarrena Camboarra omen zen, berak erran duen bezala, haurrak etechen utzirik ethorria, kopla-primaren irabaztera.

Buruz-buru ederki arizan dire, bat laborantzaren alde, bertzea zapataintzaren alde; zapatainak garhaitu du laboraria; ez errechki, bainan garhaitu. Noiz eta nun irabaz zezoken laborariari zapatainak, Hasparnen ez irabaztekotz?

Gero gizonkiak ere baziren; hetarik batek ereman du hirugarren prima, zuhurtziaz ederki mintzaturik. Zenbeiten gogora hari behar zioketen eman lehenbiziko prima. Bainan gizonak baitziren juje, beldurtu othe dire behaizkiaz aphaltzen zituztela emazteak adi? Ez dakigu. Bainan ez dugu uste bazioketela gizonak emazteri zorrik. (...).

«Eskualduna», 1894ko irailaren 21a

 

«Mihiak erratzak baino aktiboagoak»

Euskara inprobisazioentzat egokia da, herriaren interes handia pizten dituzte guduka horiek. Aipatzen dira bi emazte gogo-zalutasun eta elasturiz zein gehiagoka ari direnak, bat bestearen kontra, borrokatzen dira bestako lehendakariak mementoan berean eman dien gaia garatzeko. Bi emazte horiek berrikitan arrakasta handia lortu dute Hazparneko pilota plazan; batak laborari biziaren edertasunak goraipatuz, besteak langile zapataginaren balioa ospatzen.

Bi bertsolari horiek Marie Argain Urqudoya, Kanbokoa eta Anna Etchegoyen Hazpandarra deitzen dira. Marie Argain 30-35 urteko euskaldun eder bat da, beltzarana, azkarra, begitarte adierazkor batekin; gizon prestu batekin ezkondu da mendian etxetiar dena, Kanbotik bi kilometrotan. Lehen zapatagina zen; orain bere lurra lantzen du senarrarekin: haurrik ez dauka.

Lehiaketetan, behin baino gehiagotan, sari desberdinak irabazi ditu, hunkitu behar dituzten etekinak bilduz, berrogeita hamar libera zama bat baita menditar pobre batzuentzat. Lehiaketen irabazle horrek ez daki ez irakurtzen, ez idazten; Beretako, bertsoaren artea bere baitarik garatu da hogei bat urte zituelarik. Saritua izan den azken lehiaketetariko batean, Ezpeletan, Gaia hau zen: “Senar eta emazteak beren etxean.” Marie Argainek, omen, errima egokiak aurkitzen ditu, noiztenka zirto batzuk, baina deus biziki nabarmen poesia baloretik. Bere dohaina kalitate ertainekoa da. Baina berdin du, ez ote genuke harrituak izan behar horrelako dohaintzak langile eskolagabe, laborari soil baten baitan aurkitzeaz?

Haren aurkaria, Anna Etchegoyen, neska gaztea da aurpegi laket eta dotorekoa; zapatagin gisa abiatua zen Marie Argain bezala. Kalamuzko zapata zolak moldatuz tailerreko langile ziren gizon eta emazteekin, bertsoen osatzen trebatzen zen. Pixkanaka, gustua etorri zaio, baita bat-batean eskaintzen zitzaizkion edozein gaia tratatzeko usaia. Ez ditu hogei urte; eskolatua da, badaki idazten eta irakurtzen. Baina, duda izpirik gabe, ez du ber irakurketei esker garatu bere irudimena eta zorroztu bere zaletasuna. Bere baitarik etorri zaio, Marie Argainekin bezala. Arraza kontu bat da, eta biz molde batena. Bi emazte horiek Kanbon bizi dira, Anna zerbitzari gisa sartu baita herriko hotela batean. Atsotitzak dio: «Kanbon, mihiak erratzak baino aktiboak dira». Goizean, etxekoandreak etxe atarira jausten dira, erratza eskutan. Kalakari guztiak biltzen dira karrikan, berriak elkarri kontatzen eta etengabeko solasaldietan luzatzen. Kasik beti eguzkitsua den zeru eder baten urrikalmenduak usaia hori laguntzen du; Usaia horiek ote dira gure emazte bertsolarien ahalak?

Edozer izan, Marie Argain eta Anna Etchegoyen elkarrekin lehiatu zirelarik, arrakasta handia bildu zuten; entzuleen poza handienarentzat, hizkatzen eta elkarren kontra haserretu ziren, guduka animatuetarik izan zen. Anna Etchegoyen txaloz estali zuten. «Zer egin duzu txalotua zinelarik entzun duzularik? – buruarekin agurtu ditut – Ez zinen lotsatua?». «Bai, pixka bat abiatzean, eta beldurtzea ahantzi dut». Hori dena biziki sinpleki errana, harrotasun izpia batekin begietan. «Elkarren artean samurtu eta elkarri aiher zinezten, Marie Argain eta zu?». «Oh! Ezetz. Liskarra bukatu orduko, ez ginen gehiago haserre eta berriro lagun onak bilakatu gira, lehen bezala». «Nola beztitzen zarete publikoki agertzeko?». «Gure usaiako jantziak ezartzen ditugu, beti bezala. Jaun erretorea hor da, begiratzen eta entzuten gaituena; ez genuke ohatuak eta eresiatuak izan nahi».

Inprobisazioen ikusteko, herriko biztanleak ehunka heldu dira; plaza mukuru betea da: apezak, epaileak, auzapezak, etxeko jabe handiak jendaldeari nahasten zaie; Dena muturreko komenigarritasun batekin iragaten da; taularatzea ospetasunez egiten da; Lehiakideek bertsoak melopeia antzeko batekin errezitatzen dituzte, haien irudi eta erranmoldeek usaian komenigarritasuna errespetatzen dute, eta biziki arraro da leku ez egokian litekeen txiste eta hitz arriskutsu baten entzutea. Ez da beraz deus asaldagarri emazteek parte har dezaten hain konpainia oneko guduetan. Dena baino lehen, aisialdi nazionala bat da, eta autoritate zibila eta elizakoak errespetatzen, eta beren presentziaz kontsakratzen behartuak sentitzen direnak.

1896an «La Femme» kazetan jasoa