joseangel.oria@gaur8.info
INDIA

Modiren alderdia manifestarien jomugan, bortxaketen harira

Bortxaketen erabilera politikoa salatu dute egunotan Indian milaka manifestarik. Nabarmendu diren bi kasuetan BJP Modi lehen ministroaren alderdi hinduista nahastuta dago. Bakearen Nobel saridun batek auzitegi bereziak eratzeko eskatu du, umeen aurkako bortxaketak epaitu ditzaten. Beste batzuek, heriotza-zigorra.

Herritarrak haserre eta mobilizazio jendetsuak Indiako kaleetan azken egunotan, Narendra Modi lehen ministroaren alderdia bortxatzaileak babesten ari delakoan. Bortxaketa salaketen kopuruak gora egiten jarraitzen du herrialdean, seguru asko urteotako protestaldien eraginez indiar gehiagok egiten duelako agintariengana gertatutakoa salatzera joateko urratsa, orain urte batzuk arte egiten ez zena.

Umeen aurkako krimenak dira herritar gehien sutu dituztenak. 8 urteko neska bat izan zen aurreko astean zabaldu zen berri tragikoaren protagonista, India erabat astindu zuena. Eta hedabideek egunero eskaintzen dute tankerako berriren bat: joan den igandean, mendebaldeko Gujarat estatuan, 11 urteko neska bat bortxatu eta hil egin zuten; asteartean, berriz, 7 urteko neskatxa baten gorpua aurkitu zuten bide bazterrean eta bortxatua izan izanaren zantzuak zituen…

Bortxatzaileak eta BJP

«Gobernuan dagoen BJP Bharatiya Janata alderdiko agintariak Uttar Pradesh eta Jammu estatuetan izan diren bortxaketa kasuengatik akusatutako pertsonak babesten saiatzen ari direlako irten gara kalera protesta egitera», esan zuen Kavita Krisnan AIPWA Indiako Emakume Aurrerakoien Elkarteko idazkariak New Delhi hiriburuan hilaren 12an egindako manifestazioan. Indiar ekintzaileak kazetariei adierazi zienez, «BJP alderdiko kideek bortxatzaileak babestu nahi dituzte, epaiketara iritsi ez daitezen, hinduistak eta nazionalistak baitira, eta matxinadaren aurkako taldeetako kideak, gainera».

Herrialdean zeukan egoera ikusita, Modi lehen ministroak berak adierazpenak egin zituen hurrengo egunean bertan. «Herrialdeari esan nahi diot kriminalak ez ditugula barkatuko, justizia egingo dugula. Gure alabek justizia izango dute», adierazi zuen ekitaldi publiko batean, bortxaketen biktimen sufrimendua bere egiten duela adierazi nahian.

Egunotan mobilizazioak hartu dituzten hirien artean Srinagar ageri da, Jammu eta Kaxmir izeneko estatuko hiriburua. Estatu horretan gertatu zen, joan den urtarrilean, herritarrak horrenbeste haserretu dituen krimena: gizon talde batek 8 urteko neska bat, Asifa izenekoa, bortxatu eta erail zuen Kathuako tenplu hinduista batean, eskualde hartan bizi den gutxiengo musulman eta nomada bat izutzeko asmoz. Berria aurreko astean ezagutu zen.

Hinduistek Polizia estutu

Muturreko abokatu hinduistek Polizia estutu egin zuten bortxaketaren inguruan kargurik aurkeztu ez zezan, hedabideek jakinarazi eta salatu zutenez. Poliziak zortzi laguni leporatu die bortxaketa.

Agintariek plazaratu duten bertsioaren arabera, Sanji Ram funtzionarioa, garai batean zergak kobratzen ibiltzen zena, da bortxaketaren burua. Pentsatu zuen Asifa erailda Bajarwal izeneko komunitateko herritarren artean izua hedatuko litzatekeela. Pakistango mugatik gertu dagoen herrian gehiengoa hinduista da eta nomadak baztertzeko joera oso zabalduta dago. «Sanji Ram da krimen izugarri honen burua», jakinarazi zuen Shesh Paul Vaid Poliziako eledunak.

Ram eta bere iloba batez gain, Anand Dutta bortxaketa ikertu behar zuen polizia-inspektorea eta beste hiru agente atxilotu dituzte. Tilak Raj izenekoari leporatu diote umearen arropa forentseari eman aurretik garbitu izana, frogak estali nahian.

Talib Husain Bajarwal komunitateko eledunak jakinarazi du musulmanen eta hinduisten arteko harremanek okerrera egin dutela iparraldeko estatuan Narendra Modik 2014an hauteskundeak irabazi zituenetik. Al Jazeera telebista kateari adierazi zionez, «Asifaren erailketa oso ondo prestatuta zuten Kathuako musulmanak beldurtu eta bertatik bidaltzeko».

Lurraren jabetzaren inguruko liskarrak ohikoak dira bi talde horien artean Jammu eta Kaxmir estatuan. Egunotan manifestari musulmanek atxilotuak berehala zigortzeko eskatzen zuten; eta hinduistek, aldiz, askatzeko. «Horrelako gertaera bat herrialdeko edozein lekutan gertatzea lotsagarria da. Zer-nolako gizartea garatzen ari garen pentsatu behar dugu, nora goazen», esan zuen joan den asteazkenean Ram Nath Kovind Indiako presidenteak, Asifa umearen hilketaren inguruan. Lehenengo erantzun ofiziala izan zen, kasua hedabideek plazaratu ondoren astebete baino gehiagora.

Egurra bortxatuaren aitari

Protesta egitera herritar asko kalera atera dituen beste kasua Uttar Pradesh iparraldeko estatuan gertatu zen. 2017ko ekainean 16 urteko neska bat bortxatu zuten eta joan den astean Poliziaren esku zegoen aita hil egin zuten, berak akusatzen zuen gizonaren ingurukoek sekulako egurra emanda. Aitak BJP alderdi politikoko kide bati, Kuldeep Singh Sengar parlamentariari, egotzi zion bere alabaren bahiketa eta bortxaketa. Narendra Modiren alderdikideak neskaren familia estutu zuen ondoren, Poliziaren aurrean aurkeztutako salaketa erretiratu zezan.

Hasiera batean Poliziak akusazioa ez ikertzea erabaki zuen, baina herrialde osoan lan egiten duen CBI Ikerketa Bulego Zentralak kasua bere gain hartu zuen hilaren 12an. Kaleko protestaren eta hedabideen jardueraren eraginez, politikaria azkenean atxilotu behar izan zuten.

Kuldeep Singh Sengarrek bera errugabea dela esan badu ere, Indian herritar askok Jammu eta Kaxmirren gertatutakoarekin lotu dute gertaera. «Kasu horiek herrialdearen kontzientzia erabat astindu dute, pertsonen bihotzak eta arimak hunkitu dituzte», nabarmendu zuen Feroze Mithiborwala ekintzaileak.

New Delhi hiriburuan orain sei urte 23 urteko ikasle batek talde bortxaketa bat jasan zuen autobus batean. Kasua eta ondorengo protestak inflexio-puntua izan ziren Indian eta geroztik askoz ere gehiago salatzen dira bortxaketak, kalean zein epaitegietan.

Poliziak jakinarazi du geroztik salaketa kopuruak gora egiten duela etengabe: 2015ean, esaterako, ia 35.000 kasu salatu ziren.

Heriotza-zigorra

Jammu eta Kaxmir eta Uttar Pradesh estatuetako erasoen eraginez, Swati Maliwal ekintzaileak gose greba hasi zuen orain astebete, bortxatzaileen aurkako zigorrak handitzeko eskatzeko.

Maliwal bera DCW Delhiko Emakumearen Batzordeko zuzendaria da, erakunde ofizial bateko burua alegia. «Bortxatzaileen aurkako jazarpen eraginkorra bermatuko duen sistema gogorrago bat eskatzen dut. Umeen bortxaketetan bederen, sei hilabeteko epean heriotza zigorra ezarri beharko litzaieke bortxatzaileei».

Ekintzaileak salatzen du kasu horiek, oso bereziak diren arren, ez direla herrialdean gertatzen diren bakarrak. Orain hiru hilabete Rape Roko izeneko ekimena jarri zuen abian, New Delhi hiriburuan zortzi hilabeteko ume batek eraso sexuala jasan ondoren. Egoera izugarria da. «Tankerako ehunka gertaera ditugu herrialdean. Milaka. Milioika. Egunero, talde bortxaketarik basatienak salatzen dira, bestelako bortxaketekin batera», esplikatu du zuriz jantzita dagoen gose grebalariak. Modik erantzutea exijitzen du.

 

Adin txikikoen aurkako bortxaketa asko ez dira ikertu ere egiten herrialdean

Kailash Satyarthi Bakearen Nobel saridun indiarrak adin txikikoen aurkako krimenak aztertzeko auzitegi berezi bat eratzeko eskatu du, egungo egoera tamalgarria gainditu ahal izateko. Berak eman dituen datuen arabera, adingabeek jasandako 100.000 bortxaketatik gora epaitegietan daude, epaiketaren zain, eta kopuru hori gora egiten ari da.

“Umeek ezin dute zain egon” izenburuko txostena aurkeztu zuen Satyarthik New Delhin joan den asteartean. «Haurrentzako Auzitegi Nazionala eratzeko eskatzen dut, biktimei eta bizirik atera direnei justizia eskaintzeko», adierazi zuen. Txostenak gogora ekartzen du iaz Parlamentuan Barne Ministerioak onartu zuela 2016ra arte 89.999 bortxaketa kasu zeudela auzitegietan, epaiketaren zain, aurreko urtean baino %26 gehiago. «Horrek esan nahi du une honetan 100.000tik gora direla egoera horretan dauden kasuak. Hizketan ari naizen bitartean, ordu erdiko epean, nonbait gure umeetako bat bortxatzen ari dira», adierazi zuen haurrek egindako lanaren aurka borrokan aritzeagatik saritu zuten gizonak. Malala Yousafzai pakistandarrarekin batera saritu zuten 2014an Satyarthi.

Zenbaki hutsek esplikatzen ez dutena argitu zuen Nobel saridunak: «Biktimek eta beren gurasoek kasu batzuetan hamarkadak egin behar dituzte epaileen erabakiaren zain, eta horrek eragiten du bortxatzaileek legeari beldurrik ez izatea. Txostenean azaltzen denez, Indiako estatu batzuetan bizirik atera direnek 99 urte egin beharko dituzte erabakiaren zain. Umetan bortxatutako haurrak zahartzaroan jasoko du epaileek esandakoa, ordura arte bizirik eutsiz gero!».

Indiar ekintzaileak nabarmendu zuen umeen aurkako krimen kopurua bikoiztu egin zela 2013 eta 2016 artean: 58.224 kasuetatik 106.958 kasuetara. «Bortxaketen izurrite morala» jasan du Indiak, Kailash Satyarthiren arabera. Egoera hori iraultzeko, alderdi politikoek gaia Parlamentura eraman eta, beren artean iskanbilan aritu beharrean, arazoari aurre egiteko moduko neurri eraginkorrak eztabaidatu beharko lituzkete. «8 urteko neska baten gorpuak ez luke izan behar borroka politikorako eremu», erantsi zuen Satyarthik.

Kailash Satyarthi Umeen Fundazioak idatzi du Nobel saridunak aurkeztutako txostena, noiz eta herrialde osoan haserrea ikaragarria denean, politikari batzuk ere bortxaketetan nahastuta daudela jakin baita.

Ezagutzera emandako datu ofizialen arabera, 2016an 38.947 bortxaketa erregistratu ziren Indian, eta, horietako 19.765 kasutan, adingabeak izan ziren biktimak.

 

Ukiezinen haserreak kaleak hartu zituen eguna

Indian injustiziak dituen aurpegien artean dalit edo ukiezinena nabarmendu behar da, kasta-sistema teorian legez kontrakoa bada ere, herrialde erraldoiko leku askotan beste herritarrek baino eskubide gutxiago baitituzte: hegoaldeko tenplu hinduistetan sexu-esklabo bihurtzen dituzte, legez kontrako meategietan lan egitera behartzen dituzte, besteentzat zikinegiak diren lanak egiten dituzte eta sistemako beheko aldean dagoen kastako emakumeek besteetakoek baino bortxaketa gehiago jasaten dituzte, esaterako.

Apirilaren 2an milaka dalit kalera irten ziren protesta egitera, Auzitegi Gorenak hartutako erabaki baten eraginez. Martxoaren 20an erabaki zuen Gorenak komunitaterik ahulenak babesten dituen Basakeriaren Prebentziorako Legea aldatzea, ukiezinen kalterako, manifestarien iritziz. Hiri ugaritan izan ziren protestaldiak, eta batzuetan indarkeria ere izan zen. Hedabideek emandako datuen arabera, gutxienez zortzi hildako zenbatu zituzten.

Adituek diote India osoan 200 milioi dalit bizi direla, herrialdeko populazioa 1.250 milioikoa denean. Beraien erakundeek deitu zuten greba.

Iparraldeko Bihar eta Uttar Pradesh estatuetan, mendebaldeko Rakhastan eta Punjaben eta erdialdeko Madhya Pradeshen beste inon baino manifestari gehiago elkartu ziren. IANS agentziaren arabera, azken estatu horretan bost hildako izan ziren. Poliziak adierazi zuenez, istilurik larrienak manifestarien eta establezimendua itxi nahi ez zuten dendarien artean izan ziren; bi aldeek harriak jaurti zizkieten elkarri. Uttar Pradeshen ere manifestarien arteko borrokek eragin zituzten bi hildakoak, ez Poliziaren jarduerak, agintariek nabarmendu zutenez. «Bi orduz eguneroko bizitza geldiarazita egon zen, baina Poliziaren hedapenak berehala ekarri zuen egoera bere onera», esan zuen Anand Kumar poliziaburuak.

Rakhastan estatua da ukiezin gehien hartzen dituena. Istiluak «barruti guztietan» erregistratu ziren, eta leku batzuetan autoei su eman zieten. Bertan ere elkarri harrika aritu ziren manifestariak eta horien aurkakoak.

New Delhi hiriburutik gertu dagoen Meerut hirian manifestariek polizia etxe bati su eman zioten, segurtasun indarrei harriak botatzeaz gain.

Indiako Gobernuak lasaitasuna eskatu zien ukiezinei eta bermatu zuen Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren aurkako errekurtso bat aurkezteko duela.

Prakash Yashwant Ambedkar ukiezinen aldeko abokatuak esplikatu du Auzitegi Gorenak ezarritako aldaketak kaltegarriak direla kasta horretako kideentzat. Artikulu batek ukiezinen aurkako irainak zigortzen zituen eta argi esaten zuen ustezko iraintzaileari ezin zaiola fidantzapeko askatasuna eman. Baina Goreneko epaileek erabaki dute gauzak horrela eginez gero, «pertsona bati askatasuna kentzen zaiola, salatzailearen hitzaren arabera, besterik gabe». Epaileek diote orain norbait atxilotu aurretik ikerketa poliziala egin beharko dela. Beraz, legeak sendotasuna galdu du, ukiezinek egin duten irakurketaren arabera. Gobernuaren errekurtsoa ikusi behar orain.