Xabier Mikel Errekondo

Jubilatuak zatitzeko %3, eta eman eskerrak gobernuari

Bero dator maiatza. Pentsioen gatazka piztuta dago eta gizartearen alor guztiak ditu zeharkatzen, adinduetatik haurretaraino. %0,25a baino askozaz gehiago dago jokoan eta guztiok gara interpelatuak. Adinekoak gogoz eta indartsu sentitzen dira eta erasora jo dute etorkizun duinaren alde, gaurkoentzat eta biharkoontzat. Jendarterik anitzeneko manifestazio jendetsuenak egingo dira maiatzaren 5ean eta 26an eta gobernuei (Urkullu jauna eta Barkos anderea barne) enbidoa zaie jaurtiko. Madrilgo Gobernuarentzat hordagoa ere izan liteke.

Inork ez dezala pentsa “gaztetxo” hauek goxoki batzuen ordainetan etsi egingo dutenik. Frankismoaren zaurien orbaina daramate bihotzean eta polizia gris, marroi, urdin, berde, gorri eta beltzaren borrak tatuatuak azalean. Inork baino krisi, gezur, irain eta promes huts gehiago dituzte jasan. Herri honek lortu ongizatearen erantzule nagusiak aparteko espeziea dira, bizkarra sendo kolpatu eta kontzientzia mindutakoa.

Boterean irauteko xedez, kontraerasoa jo du Gobernuak %3ko igoera eskainita! Kontua da espainiar Gobernuari eskerrak eman, Rafael Hernandoren txuleriak sortu nazka digeri eta %3aren amuarekin zenbat diren konformatuko, hots, zenbatekoa izango den bai ala bai eragingo duen zatiketa.

Nago gatazkak arrakastarik izango badu, mugimendu sozialaren lehen erasoaldian indar guztiak Raxoiren aurka zuzendu behar direla.

Eta harago gure herrian, gizarte zabala borrokara biltzea lortuko bada, bigarren mailako arduradunak jomugan jartzea (horretarako daude alderdi politikoak), bigarren zatirako utzi beharko dela. •