Pello Otxandiano

Ziklo amaierarekin zer egin

Ziklo historiko baten amaiera zertifikatuko duen urratsa emango du ETAk datozen egunetan. Akontezimendu handiaren bezperetan ezagun da, gutxi-asko, eragile politiko bakoitza nola kokatuko den gertaera honen aurrean, nola jokatuko duen edo zertarako baliatuko duen ETAren ekimena. Halere, ika-mika mediatikoaz gain, goiz da ETAren urratsak zer aztarna politiko eta sozial utziko duen igartzeko.

Herri ikuspegitik begiratuta, nago ETAren amaieraren momentu honek testuinguru aproposa sortzen duela XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herrian gertatu denaz gogoetatzeko. Patxada eskain diezagukeela gure herriak egin duen demokratizazio saiakera perspektiba historikotik aztertzeko. Nolabait askeago senti gaitezkeela atzera begiratu sakonago bat egiteko. Bestalde, ezker abertzalearentzat momentu berezia da ezbairik gabe, eta autokontzientzia ariketa bat egiteko momentu egokia izan daitekeela iruditzen zait: Zer izan gara? Zein da ixtear dagoen ziklo historiko honi egin diogun ekarpena –gure akats eta azierto guztiekin–? Zein da aurrera begirako ondarea? Zenbateko jarraidura behar du ziklo berriak eta zenbateko haustura?

Ziklo historiko hau ertz askotatik aztertu daiteke eta ezin daiteke sintesirik egin murriztaile izan gabe. Gauzak horrela, esango nuke, ezker abertzalearen ibilbide politikoa haustura demokratikoaren hautuak ardaztu duela, batez ere. Frankismoan lehenik eta 78ko Konstituzioaren garaian ondoren, ezker abertzaleak euskal demokraziaren aldeko hautu erradikal bat egin du, espainiar konstituzio-sistema deslegitimatzen eta Euskal Herriaren autoeraketa komunitarioaren aldeko jardunean jarriz bere energia soziala. Hori izan da funtsean, nire ustez, ezker abertzalea, herri honen garapena trakzionatu duen mugimendu sozial eta politiko nagusietako bat.

Hautu horrek asko eman du, asko: herrigintza aro oparo bat. Euskal Herrian azken hamarraldietan garatu diren hainbat prozesu sozial eta komunitario eredugarriak dira nazioartean. Ez dut esan nahi hori ezker abertzalearen meritu esklusiboa denik, gutxiago erakunde batena, baizik haustura demokratikoaren hautuak herrigintzaren energiak askatzen lagundu duela, eta ezker abertzaleak –komunitate soziopolitiko gisa ulertuta– ekarpen garrantzitsua egin diola herri-eraikuntza horri. Herrigintza aro oparo horren emaitza behinena, euskal gizartean, oraindik ere, oso presente dagoen tradizio komunitarioa dela esango nuke, zeina lurzoru ongarritua den aro berri baten eraikuntzarako.

Bigarren hautu bat egon da abertzaletasunaren baitan Espainiako erreformaz geroztik, EAJk ordezkatu duena. Funtsean, espainiar sistema konstituzionalak, eskubide historikoak onartuz eta Euskal Herriari autogobernu sistema aitortuz, Euskal Herria eraikitzeko eta gizarte premia nagusiei erantzuna emateko aukera eskaintzen zuela ondorioztatu zuena. Aitortu behar da, objektiboa delako, egun ditugun herri-egitura batzuk hautu horren emaitza direla, edota 80ko hamarraldiko industriaren birmoldatzeak izan zuen lidergo publikoa emankorra izan zela, adibidez. Hau ere ez da EAJren meritu esklusiboa inondik ere, paradoxikoki, ezker abertzalearen jardunak autogobernu sistema bermatu eta blindatzeko balio izan baitu.

Ezker abertzalearen estrategia agortu zen. “Zutik Euskal Herria”-rekin hasi zen bere paradigma politikoa birpentsatzen, garai berrietan helburu politikoak nola borrokatu berrasmatzen. 155ak berriz EAJren hautu politikoa lurperatu du: ez da posible izango autogobernuan sakontzea espainiar sistema konstituzionalaren baitan, eta Euskal Herriak burujabetzaren premia larria du XXI. mendeko erronkei gutxieneko baldintzetan egingo badie aurre.

Garai hauek zinismoa, hipokrisia edota ergelkeria praktikatzeko aukera paregabea dira. Aukera ona izan daitezke baita ere tradizio politiko guztiontzat geroaz gogoetatzeko. Momentu historikoaz jabetzeko eta herri ikuspegiz jarduten hasteko. •