Gaizka Amondarain
Irakaslea

Gure soinu banda

Borreroak baditu milaka aurpegi. Zuria beltzaren gainean idazten zen sasoian ikasi genuen. Baina biolentzia, justua den biolentzia bakarra, Estatuaren monopolio esklusiboa da. Egoera larregi okertu eta gizartearen gehiengoak biolentziari biolentziarekin erantzutea zilegi dela erabakitzen ez badu behintzat. Orduan, egoera irauli egiten da, berriro norbaitek, tankeak kontrolatzen dituenak normalean, bortxaren monopolioa berrezartzen duen arte.

Ez dakit Euskal Herrian egoera horretara ailegatu ote garen egunen batean; ez dakit inoiz egon den gizartearen gehiengo bat Estatuaren biolentziari biolentziaren bidez erantzutearen alde, edo, zenbatekoa izan den borroka armatuak eduki duen babes soziala bere ibilbideko momentu bakoitzean. Biolentziaren monopolioa Estatuaren esku uztea, hala ere, kostata onartzen den demokraziaren premisetako bat da bazterrotan oraindik. Ez da harritzekoa ere bestalde, espainiar Erreinuak bere historian zehar eta azken hamarkadetan herri honetako askoren kontra erakutsi duen –eta erakusten duen– mendeku gosea kontuan hartzen badugu. Bi doberman beltz, ahotik bitsa dariela. Horixe da burura datorkidan lehen irudia. Menderatzaile izatearen plazerak baino ase ezin duen bortxatzailearen ankerkeria. Errepresioa. Tortura. Gerra zikina. Umiliazioa. Zapaltzailearen zapaltzeko nahia eta beharra. Inpunitate osoz jokatzen duenaren larderia eta harrokeria. Zezen beltz erraldoi bat bide bazterrean, barrabilak zintzilik dituena, hemen nago, hauxe naiz ni, esan nahian bezala.

Mathieu Kassovitz-en «La Haine» (Gorrotoa) pelikularekin ulertu genuen, artean nerabe ginela, gorrotoak gorroto gehiago zekarrela atzetik ezinbestean. Polizia gorroto duen gazte bat ez dela arriskutsua bere horretan, pistola bat eskura ez daukan bitartean. Arrazismoa pobreen kontrako gorrotoa dela azken finean. Poliziaren eskuetan akabatutako gazte baten heriotzak poliziaren kontrako gorroto gehiago zekarrela Paris kanpoaldeko auzoetara bezala, Gasteizekoetara ere. Gure soinu banda izan da, jaio ginen egunetik gaur arte. “Assasin de la police”. “Guns of Brixton”. “Radio Rahim”-en bi ukabilak, batean gorrotoa eta bestean maitasuna idatzirik. Bi preso bafle baten barruan ezkutatuta kartzelatik ihesi. Sirena hotsa garrasi bakarra gauean.

Horrela trebatu ginen mundua lerroartean irakurtzen. Helduak ginen ordurako. Bagenekien gu munduarenak ginela baina mundua ez zela gurea. Egia zela gauza bat eta justizia beste bat oso diferentea. Ez zela nahikoa arrazoia edukitzearekin. Bertsio ofiziala bertsio ofiziala dela beti, letra larriz idatzi beharreko errelatoa. Ez gintuztela inoiz bakean utziko. Honegatik ez bazen, beste horregatik izango zela. Ez dela inoiz aitzakiarik ezta epailerik faltako menderatuari menderatuaren lekuan egotea dagokiola gogorarazteko. Portale ziztrin batean hasi eta bukatzen dela zuzenbide estatua batzuentzat. Etorkizuna dela irabazi beharrekoa, eta ez iragana. Ulertezina zatekeela batzuen amorrua gaur, ikusitakoak ikusi eta gero ezer ikasi izan ez bagenu. •