joseangel.oria@gaur8.info
FILIPINAK

Rodrigo Duterte presidenteak Kuwaiten lan egitea debekatu die herritarrei

Filipinetako zein beste estatu batzuetako langileek Persiar golkoko herrialdeetan izaten dituzten lan eta bizi baldintzak ikaragarri txarrak dira. Rodrigo Duterte presidenteak Kuwaitera lanera joatea debekatu egin die filipinarrei, Enbaxadak milaka lagun «erreskatatu» ondoren. Plazaratu den bideo batek elkarri mokoka jarri ditu bi estatuetako agintariak.

Orain urte batzuk Indiako neskameak izan ziren albisteen protagonista tragikoak eta herrialde asiarreko Parlamentuak, Gobernuak zein makina bat elkartek beren ikerketak, proposamenak eta gaitzespenak plazaratu zituzten. ITUC Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioak egindako txosten baten arabera, 2,4 milioi langile atzerritar esklabo bihurtuta bizi dira Persiar golkoko herrialderen batean. Petrolioak esklabotza berria ezarri du arabiar penintsulan eta biktimak pobretutako nazioetako langileak dira.

Rodrigo Dutertek oso argi hitz egin du, baina oso gutxik dakite benetan zer adierazi nahi duen. «Debekua betirako da. Ez dira filipinar gehiago Kuwaitera lanera joango, batez ere etxeko lanetarako bada», esan zuen aurreko asteburuan, kazetarien aurrean, herrialdeko hegoaldean dagoen Davao hirian. Filipinetako langileek Persiar golkoko herrialdean izaten dituzten lan eta bizi baldintzak oso txarrak direla-eta iritsi da Duterteren debekua. Presidentea, filipinarrekin, laburtu daiteke. Baina agintarien aurkakoek ez dute kontua hain garden ikusten.

«Arduragabea»

Risa Hontiveros senatariak adierazi du Kuwaiten dauden langileei lana utzi eta Filipinetara itzultzeko eskatzea «ez dela batere zuhurra, arduragabea eta iragankorra izateaz gain. Presidenteak ez luke jolas egin behar atzerrian lanean ari diren milaka herritarren bizitza eta lanekin eta familia askoren ongizatearekin, diplomaziaren alorrean iritsi zaion itopuntua gainditzeko ahalegin etsian».

Datu ofizialen arabera, 262.000 filipinarrek egiten dute lan Kuwaiten gaur egun. Bi heren, gutxi gorabehera, etxeko lanetan aritzen dira. Filipinetako Atzerri Ministerioak egindako kalkuluen arabera, bi milioi herritarretik gora ari dira lanean Persiar golkoko herrialderen batean. Beste leku batzuetara joaten diren herritarrak erantsiz gero, hamar milioira iristen da kopurua.

Joan den otsailean Joanne Demafelis neskame filipinarraren gorpua aurkitu zuten izozkailu batean sartuta, herrialde hartako agintarien haserrea eragiteko. Norbaitek hil zuen emakumea. Joan den apirilean Kuwaiteko auzitegi batek heriotza-zigorra ezarri zien libanoar bati eta haren siriar emazteari kasuarekin lotuta, akusatuak bertan egon gabe egin zen epaiketa batean. Baina epai hark ez zuen lortu filipinar asko lasaitzea eta ur nahasi horietan arrantza egitera dator Duterte presidentea.

28.000 milioi dolar

Filipinetako Banku Zentralak emandako datuen arabera, 2017an kanpoan diren langileek 28.000 milioi dolar bidali zituzten artxipelagora. Ez da harritzekoa herrialdeko diskurtsoan langile horiek «heroi» izatea. Ekonomia askoz ahulagoa izango litzateke beraien dirurik iritsiko ez balitz. Eta herritar asko diru horren mendeko dira.

Baina ez da alde ekonomikoa aztertu beharreko bakarra. Migrazioak dirua ematen dio herrialdeari, baina protagonistei sufritzea tokatzen zaie, kanpora lanera joan direnei zein etxean geratu direnei. Gainera, herrialde pobretuetako langileek oso tratu txarra jasotzen dute lana eman dieten pertsonen aldetik. Duterte presidenteak otsailean ziurtatu zuen Kuwaiteko enplegatzaileek filipinar neskameak bortxatu egiten dituztela, kasu askotan egunean 21 ordu lan egitera behartzen dituztela eta langilea kontratatu duen familiari sobratzen zaiona ematen dietela langileei jateko. Pasaportea eman behar diete nagusiei. Bigarren mailakoak direla garbi eduki dezaten.

Filipinetako agintariak badu irtenbide bat lanik gabe itzultzen direnentzat: Txinara joan eta ingelesezko irakasle bihurtu, Asiako erraldoiarekin herrialdeak dituen harremanak oso ondo doazela-eta.

Filipinetako pobreziara itzuli

Migrante International gobernuz kanpoko erakundeak ez du uste Duterte agindu duena betetzeko gauza izango denik: «Ezin dugu espero atzerrian bizi diren langile filipinarrak etxera itzultzea emigrazioa eragin zuten faktoreak, lur faltak ezartzen duen pobrezia eta lan duinik ez edukitzea, aldatu ez badira. Faktore horiek okerrera egiten jarraitzen dute, gainera».

Giza eskubideen aldeko elkarteek etengabe salatzen dute langile atzerritarrek Persiar golkoan duten egoera. Kafala izeneko sistema ezartzen zaie, zuzenbide islamiarrean kanpokoak hartzeko ontzat ematen dena. Kafala sistemaren arabera, etorkina lana eman dionari lotuta dago eta debekatuta dute herrialdea uztea haren baimenik gabe. Lana utzi eta beste batean hasteko ere baimen eske ibiliko da; eta ezezkoa jasoko du, gehienetan.

Egoera horri aurre egin nahian, Filipinek Kuwaiten duten Enbaxadan pentsatu zuten langile horien ihesa antolatzea, zeuden egoeratik ateratzen laguntzea. Eta horrela egin zuten, plazaratu diren bideo batzuetan ikusten denez. Horrexek eragin zuen Kuwaiteko agintarien haserrea eta aldi berean ekarri zuen enbaxadorea bera kanporatzea.

«19 ordu lanean»

Filipinetako langileek Kuwaiten bizi duten egoera ulertzen laguntzen du Indiako langileen inguruan Middle East Eye hedabideak orain urtebete egin zuen txostenak, bizirik atera diren batzuekin hitz egin ondoren. Sindhu Prassannak honakoa kontatu zien ikerlariei: «Egun batean jaten ari nintzela niri deika ari zirela aditu nuen. Pazientzia agortu eta senarra korrika etorri zitzaidan, buruan eman zidan eskuekin eta ostikoka hasi zitzaidan gero. Lurrera erori nintzen». Saudi Arabiako hego-mendebaldeko Abha hiriko familia batekin izan zuen esperientzia da Prassannak azaldutakoa: «Edozein txorakeriarengatik egurtzen ninduten. Hemeretzi ordu egiten nituen lanean egunero, goizeko lauretatik gaueko hamaikak arte, eta beraiei sobratutakoa baino ez zidaten ematen jateko. Sei hilabete egin nituen horrela eta etxera esku hutsik itzuli behar izan nuen azkenean».

Agente ez ofizial baten bitartez lortu zuen lana. Hark Dubaira eraman zuen aurrena, eta bertatik Abhara. Hiru hilabeteko bisatua eman zioten. Bere familiak desagertuta zegoela salatu zuenean lortu zuen etxera itzultzea. Gobernuaren eta elkarteen laguntza izan zuen amesgaiztoa atzean uzteko.

Tankerako makina bat kasu dokumentatu dituzte giza eskubideen aldeko elkarteek. Horietako batzuetan langileak desagertuta jarraitzen du.