Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldea goitik

Mendi gailurretik begiratuta, egunero lanera iristeko erabiltzen dugun errepideak ezberdina dirudi. Begiak itxita deskribatuko genituzkeen bihurguneak, zeharbideak, industriaguneak ezberdinak dira; ohikoa dugunak bestelako forma eta tamainak hartzen ditu. Izan ere, altuera irabazi ahala, giza eskalako lurraldearen esperientziatik aldendu eta lekuen arteko distantziak distortsionatu egiten dira. Ohiko bistaren mugak gainditu eta lurraldearen zabaltasuna hedatzen da gure aurrean; gure lurraldea eta beste lurraldeak ikusgai dira, jarraitasunean. Fisikoki esperimentatzen dugu errealitate batek aurpegi ezberdinak dituela gure begiradaren kokalekuaren arabera.

Gure ikuspegia, beraz, baldintzatuta dago non eta nondik begiratzen dugun arabera. Mendia igotzerakoan lurraldeak hartzen dituen ikuspegi ezberdinak esanguratsuak dira lurraldearen diagnostiko bat egiteko garaian. Horregatik, teknologiak airetiko bista ahalbidetu zuenean, hirigintzaren egitekoa errotik aldatu zen. Lurraldea begiratzeko beste leku bat aurkitu zen, lurraldean eragiteko modu berriak asmatzeko aukera agertu zen. Hegaldi eta txori bisten perspektiba aldaketak, logika militarra lurraldearen ikuspegian barneratzea suposatu zuen maila handi batean. Goitik begiratzeko aukera duenari, eskua maparen gainean zabaltzeak lurralde eremu zabala eskuratzeko –zapaltzeko– fikzioa pizten diola ematen du, lurraldearen goitikako begiralekua boterea eskuratzeko begiraleku bilakatuz –gorentasunarerako bide–. Begirada aldaketa horretan, ematen du lurraldearen biztanleak desagertu egiten direla bistatik, goitik hartzen diren erabakien albo ondorioek ikusgarritasuna galtzen dutela, txikitasunean eta distantzian disolbatuko balira bezala.

Lurrean gaudenok gora begiratzean «zeru» deitzen diogun espazio hori, aukera-espazioa da boterea eskuratzeko. Kartografia, lurraldearen deskribapen grafikoa, militarrek asmatutako teknika da. Manifestaldi batean kontrol lana helikopteroak egiten du, gerren kontrol espazioa hegaldietako espazioa da. Gaur egungo azken arma-jostailua, dronea, goitik begiratu eta behekoa kontrolatzeko nahiaren ideiarik garatuena da. Gure iruditerian dronea pizzak banatzeko gailu xaloa bada ere, azken gerratan bataila hirietan gertatzen da drone-armagintzaren eskutik.

Hegazkinekin alderatuta, droneak ikuspegi horizontala eta bertikala ditu, eta sentsoreez baliatzen da indibiduoon mugimenduak eta erlazioak erregistratu eta dokumentatzeko, urrutiko kontrol-zentro baten agindupean. Gure buruen gain lanean ari den drone robotak gure bizimoduen gaineko informazio zehatza lortzen du. Eta jakin badakigu informazioa eskuratzea kontrolerako datu baliotsuak lortzea dela –betiere “segurtasunaren” izenean–. Drone zelatariak lurralde baten irudikapena ekoizten du, bertako indibiduoon eguneroko bizitzak jasoz; gure bizi-esperientzia kartografiatu egiten du.

Intimotasunaren irakurgarritasunak lurralde politika berri bat ekarriko du: edozein lurtar izan daiteke objektibo militar baten subjektu. •