Miren Azkarate Badiola

Hondartzako ametsak

Egun historikoa bizi izan genuen orain egun batzuk. Eta ez, ez naiz ETAren amaieraz ari, ez baita hori hilabete honetan gertatutako gertakari historiko bakarra. Gainera, hitz egin behar zutenek eta ez zutenek ere hitz egin dute dagoeneko gai horren inguruan, hau da, den-denek! Egia eta garbi esateko, kokoteraino bukatu dut.

Realak eta Athleticek Anoetan jokatu zuten partida historikoaz idatzi nahiko nuke gaurkoan. Izan ere, batzuentzat garrantzi gutxiko gertaera izan bada ere, neska futbolariek derbi bat Anoetan jokatzea inoiz gertatu gabeko zerbait zen aurreko igandera arte, eta askorentzat, ni barne, amets imajinaezin bat.

Ni ikastola garaian hasi nintzen futbolean, garai hartan Donostiako Kontxako hondartzan jokatzen zen umeen ligan. Mutilekin jokatzen nuen; bai, neska bakarra nintzen. Koxkortzen joan ahala, Federazioak ni taldetik botatzea erabaki zuen, 10 urte nituela. Arrazoia: neska nintzela. Ondorengo urteetan, 14 urte bete arte hain zuzen ere, futbola ez zen beste kirol batzuk egitera behartuta egon nintzen, 14 urterekin hasten zirelako emakumeen ekipoak eta liga. Eta hantxe egon nintzen nire gorputzak aguantatu zuen arte jokatzen. Garai hartan sortu zen Reala eta indarra hartzen hasi zen emakumeon futbola.

Inork gutxik imajinatzen genuen garai hartan Anoetan jokatuko genuenik noizbait eta emakumeon futbolak ikusgarritasun hori izango zuenik. Hondartzan hainbatetan amestutakoa egia bilakatu da. •