Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Munduaren zilborra

Guztiok dugu beharrezko begiratuak izatea. Norbaiten zentzumenen itu izatea. Gu geu osotasunean garenaren emanaldia antzezteko eta ondorio bakarra diren txaloak jasotzeko irrikaz gaude guztiok.

Surflariak olatua behar duen bezala, guk arreta behar dugu, ikasteko, bagarela sentitzeko eta gure egoaren zorroa betetzeko. Hori bai, arreta, gure nortasunera egokitu moduan lortu nahi dugu. Batzuek, su artifizialek zerua beraien omenez argiztatzea beharko dute; beste batzuek, ordea, txaranga batekin nahikoa izango dute. Apika, zenbaitek alfonbra gorria beharko dute, eta, beste batzuk, aldiz, kolore gorriak urduri jarriko ditu eta atea parez pare irekitzearekin dantzan jarriko dira. Guztiok ez dugu arreta momentu berdinean nahi eta behar, alegia! Baina noizbait, nonbait eta zerbaitengatik premiazkoa dugu, eta ezetz esaten duenari, kanpora begiratzea errazagoa baldin bazaio, begiratu dezala eta frogak “nornahi” aurkitu ditu.

Esan beharrik ez dago haurrek helduen mundua imitatzen dutela, horrela gizarteratzen baitira. Pentsatu beste behin zuen haurtzaroan. Zuengan ez baduzue arretarako grinaren izpirik topatzen, bidali oroitzapena orduak jolasten ematen zenuten lagun, ikaskide edota bizilagunengana. Aurkitu duzue jada? Nire lanean egunero ikusten ditut arreta eta errekonozimendu nahiaren adibideak. Heldu zein haurrengan ikusten ditudan arren joerok, helduak abilagoak gara gure nahiak ezkutatzen, beharbada gure gizartean behar hori aspaldi gaitzetsi genuelako, baina, haurrak, aldiz, zentzu askotan hain dira aratzak, ezen beraien irrikak itzulinguruka ibili gabe agerrarazten baitituzten.

Taldean, liderrak markatzen ditu jarraitu beharreko pausoak. Berak borobiltzen ditu (eta taldekideek hori egitea baimentzen diote) taldearen identitatearen ertzak. Liderrak, beraz, taldearen arreta osoa jasotzen du (zer geratzen da orduan besteentzat?); horrenbestez, liderraren mugimenduek, xakean erregearenak bezala, jokaldi osoa baldintzatzen dute. Berak erabakitzen du taldeak gustuko duena eta baita zer gorrotatu behar duen ere. Zer den ziba eta zer kalamatrika hutsa. Taldearen izaera josten du, beraz. Taldean iraun nahi bada, proposamen guztiei amen egin behar zaie, beste norbait molestatu edota baloi batekin kristalen bat apurtzen bada ere.

Aldiz, taldeko kamuflajetik atera eta indibiduo izatera igarotzean, jokabide eta jarrera ezberdinak azaleratzen direla aztertzeko aukera izango dugu. Norbanakoaren nortasuna agertuko da eta taldean egoteko sortutako identitate soziala alde batera utziko da. Identitate sozialak guztiok eraikitzen ditugu eta bat baino gehiago ere izan ditzakegu, mozorroak bailiran, talde ezberdinen ezaugarrietara moldatuz.

Besteak molestatu eta kristalak apurtzea bezalako ekintza suntsitzaileak aipatu ditut. Ez al daude beste motatako jarrerak bultzatzen dituzten liderrak? Kontua da taldea osatzeko grina nerabezaroarekin batera hastean, arau eta mugak frogatzeko garaia iristen dela ere. Aldi berean, bakartutako edo baztertutako zenbait haurrek ere (bakoitzaren erresilientzia kontuan izanda), besteekin nolabaiteko harremana izateko, sozialki zigortutako jarrerak izaten dituzte, gatazkak ahalbidetuta bada ere. Bere adinekoen arreta erakartzeko ikasi eta ikusi duten modu eraginkor bakarra izateaz gain, orokorrean jarrera hondagarriak dira, askotan, helduon arreta erakartzen dutenak.

Zein da gure seme-alaben eredu? Nora begira gaude? •

saioaaginako@gmail.com