Amagoia Mujika Telleria
EUSKARA ARI DU

«Baietz Hernanik!» desafioa bota du: hizkuntza ohiturak aldatu eta herria euskaldunago bihurtu

Hernanin herritarren %77k ulertzen du euskara eta %61 da hitz egiteko gai. Erabilera, ordea, %30ekoa da. Baldintza soziolinguistikoak kontuan izanda, orain dena baino euskaldunagoa izan daiteke Hernani. Zenbakion azpian hizkuntza ohiturak daude, kostatu arren, alda daitezkeenak. Hortxe Euskara Ari Du elkarteak botatako desafioa.

Hernaniko kaskoan aterkiak daude zintzilik. Euria ari duelako baino, euskara ari duelako. Euritakoa, aterkia, guardasola oso ohiko bidelaguna da Euskal Herri euritsuan. Euskara, baina, aterkia adina erabiltzen ote dugu? Hernanin “Baietz Hernanik!” kanpaina bete-betean sartuta daude, Euskara Ari Du elkarteak bultzatuta. Euskaraz bizitzeko moduko datuak dituen herrian, nahi baino gutxiago entzuten baita euskara. Herritarren %77k ulertzen du euskaraz eta %61 hitz egiteko gai da. Baina, aldiz, kalean euskararen erabilera %30ekoa da.

Euskara Ari Du elkarteko koordinatzaile Leire Otxotorenaren hitzetan, «Hernanin euskaraz gutxi egiten da, nahiz eta ezagutza altua izan. 60ko eta 70eko hamarkadetan sekulako immigrazioa gertatu zen eta jende asko etorri zen Estatu espainoleko toki desberdinetatik herrira lanera. Garai bertsuan, jende askok euskara galdu zuen. Euskaraz hitz egiteko ohitura galduta, jende askori euskara herdoildu egin zitzaion eta harreman asko gazteleraz sortu ziren. Eta oraindik orduko joerekin gabiltza».

Bai euskaltegiek bai ikastolek herritarrak euskalduntzen «sekulako lana» egin duten arren, hizkuntza ohituretan dago gakoa Otxotorenaren iritziz. «Kontua da gaur egun kanpotik etorritako askok euskara ulertzen dutela eta haien seme-alabak euskaldunak direla. Baina herritar askok duela 30-40 urteko mentalitatearekin segitzen du, euskaraz ulertuko ez diotelakoan. Hizkuntza ohitura horiei buelta emateko saiakera bat da ‘Baietz Hernanik!’ ekimena».

Hernanin gazteek egiten dute gehien euskaraz. Eta, gutxien, helduek. «Soziolinguistikako datuei begiratuta, garbi dago herrian helduek jotzen dutela gehien gaztelerara, nahiz eta askok euskaraz jakin».

Aipatutako datuak mahai gainean jarrita, ekimenaren mezua zuzena da: ezagutza datuak onak dira. Hernani, gaur egun, euskaraz bizi daiteke. «Badaude baldintzak gaur egun dena baino askoz herri euskaldunagoa izateko. Eta horretarako herritar bakoitzak jarrera aktiboa hartu behar du, elkarri lagundu behar diogu».

408 erronkalari

Egungo errealitatearekin kezkatuta, hernaniarren hizkuntza ohiturak aldatzeko apustua egin du Euskara Ari Du elkarteak. Erronka modura proposatu du “Baietz Hernanik!” urtebeteko egitasmoa. Herritar bakoitzari desafioa bota diote, erronka bat egitera xaxatuz. «Erronka hasi baino lehen hausnarketa bat egitea beharrezkoa da. Parte hartzaile euskaldunen kasuan, gazteleraz izaten dituzten harremanak detektatu behar dituzte lehendabizi. Harreman horietan euskaraz egiteko moduko lagun bat aukeratu behar dute, eta, buelta eman behar diote egoerari, euskarara ekarri behar dute laguna».

Euskarara ekarri eta euskarari eutsi, hori ez baita beti erraza. «Erronka pertsonala da. Bestea gazteleraz hasten bada ere, guk euskarari eutsi behar diogu. Bestea euskalduna bada, segur aski lortuko dugu hark egoerari buelta ematea eta laguna euskarara ekartzea», nabarmendu du Otxotorenak. Erronka oso malgua da; norberak aukeratzen du, bere neurrira eta berak egoki ikusitako epe eta erritmoan egiteko moduan.

Bada beste parte hartzaile mota bat, beste erronkalari mota bat: euskaraz ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituena. «Horien kasuan erronka da euskaldun batekin harreman bat aukeratu eta bere hizketa lagunari eskatzea euskaraz egiteko berari. Berak euskaraz hitz egingo du ahal duena edo dakiena, eta besteari eskatuko dio beti euskaraz egiteko, nahiz eta bera gaztelerara pasatu».

Erronka, pertsonala eta malgua

Oraingoz, 408 hernaniarrek jarri diote erronka bere buruari. Erronkalari gehienak emakumeak dira (%66 baino gehiago). Adinari begiratuta, gehienek 25 eta 44 urte bitartean dituzte, baina 45-64 urte bitartekoak ere dezente animatu dira. Hala ere, oraindik animatu ez direnak garaiz dabiltza, hilabetero baitago erronka bat abiatzeko aukera. «Abendura bitartean martxan egongo da egitasmoa eta hilero dago izena emateko aukera. Webgunean, telefonora deituta, bulegoan bertan... Biteri kultur etxean ere eskura daude erronka orriak eta postontzia jarri dugu bertan», nabarmendu du Otxotorenak.

Oraingoz izena eman dutenen artean askotariko adibideak daude. «Badago erronka lagunartean egitea erabaki duenik, kuadrilla osoarekin. Beste batzuek kuadrillako lagun batekin zehazki. Badago medikuarekin harremana euskaraz egiteko konpromisoa hartu duenik, edo auzoko dendariarekin... Bada tartean bikotekidearekin euskaraz egiteko erronka hartu duenik ere. Hori da erronkarik zailena, hizkuntza ohiturak aldatzea ez baita erraza, are gutxiago bikotean. Baina lortuz gero, sekulako poza ematen du. Nik aholkatzen dut erronka egingarriak aukeratzeko hasiera batean, betetzeko modukoak. Hartara, behin erronka hori beteta, beste bat hartzeko gogoa izango du erronkalariak», nabarmendu du koordinatzaileak. Izan ere, erronkek ez dute zertan hilabeteko iraupena izan behar –erronka bakoitzak behar duena baizik– eta herritar batek erronka bat baino gehiago har dezake.

«Erronkalari bakoitzari hilero galdeketa txiki bat bidaltzen diogu, erraz eta azkar egitekoa, desafioa nola doan jakiteko. Azkenean txipa aldatzea da kontua. Erronka bat abiatzen duzunean, jarrera baten alde egiten duzu. Erronkak jarrera aktiboa izatea eskatzen du, nahiz eta beti ez den erraza eta hizkuntza ohiturak aldatzea pixkanaka egin beharrekoa izan», iritzi dio Otxotorenak.

Izan ere, ohitura aldaketa batek entrenamendua eskatzen du, burua horretara jartzea eta hori egiteko estrategiak garatzea. «Hizkuntza ohiturak aldatzea ez da erraza eta une batean tentsioa ere sor dezake komunikazioan. Gu ez gaude ohituta gu euskaraz eta parekoa gazteleraz aritzera. Baina beste toki askotan erabat normalizatuak daude elkarrizketa simetrikoak. Hemen entrenatu egin behar gara».

Deserosotasun edo egonezin horren baitan denbora luzean barruan sartu diguten “edukazio onaren” ideia dago zalantzarik gabe. Alegia, ez dela heziera onekoa gazteleraz egiten dizunari euskaraz erantzutea. Leire Otxotorenaren ustez, «horri buelta eman behar zaio. Ezin dugu menderatuaren edo kolonizatuaren mentalitatearekin bizi bizitza guztian. Gainera, parekoak ulertzen badu, guk euskaraz eginda lagundu egiten diogu hizkuntza ikasten. Harremana elikatu egiten dugu».

Euskara Ari Du elkarteko koordinatzaileak garbi dauka: «Euskal Herri euskalduna nahi baldin badugu, herritarrek ere gure ardura eta erantzukizuna gure gain hartu behar dugu. Gure eskubideak exijitu eta gure betebeharrak bete».