Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

«Etorri eta kontatu»

Etorri eta kontatu» izeneko kanpaina abian jarri zenean, euskaldunon etorkizuna tabernari izatea ote zen galdegiten ei zuen Arzallusek. Rosa Diezek bultzaturiko “Ven y cuéntalo” hark izan du bere garapena eta jeltzaleek ere egin dute ekonomiaren tertziarizazioan oinarrituriko politika propioa. Euskadi-Basque Country markaren pean, euskal kostaldea eta hiriburuak eskaparate gisa darabiltza eta Munduko Turismo Erakundearen goi bilera Donostiara erakartzeko moduko gaitasuna erakutsi dute –ezin gutxiago espero, egun berean EH Bildurekin eta PPrekin eskua estutzeko gai den alderditik. Eta bai, azken urteotan sektorea ikaragarri ari da hazten; bost milioi bisitari inguru batez beste ia bi gau eginez, BPGren %6 inguru eta 15.000 lanpostu zuzen.

Gainera, erosahalmen handiko ekonomien merkatu turistikoan sartuta dago gure herria. Bizilagunarekin egin nuen topo atzo, eta aho bete hortz utzi ninduen pasa den errugbi finalen asteburuan pisuari atera zion etekinarekin: hiru hilabeteko errenta, hiru egunetan. Minutu batzuk lehenago Productos Tubulares enpresan dabilen lagunarekin aritu nintzen solasean. Kontua nola doan, gaizki, nola ez, eta are, altzairugintza bera izan genuen hizpide, Iranen gaineko mehatxu berriek Tubacexen eragin bide duten kezka dela eta, eta oro har sektorea sarturik den gainbeheraz. Izan ere, asteburuan Zumarraga inguruetan mendi txangoa egin eta hantxe ikusi baitut Arcelor beldurgarri handi hori, Irimo gainetik Abiadura Handiko Trenaren txikizioak soilik eklipsa dezakeen munstro hila.

Ekonomiaren bilakaera hau ikuspegi askotatik kritikatu daiteke, baina zientziaren ikuspegitik, ingurumenarekiko mito batzuk apurtzeko norabidean dagokit kritika egitea. Trenek CO2a isurtzen duten bezala –energia elektrikoaren %80 erregai fosilak erretzetik datorrela errepikatzeaz ezin naiz aspertu–, turismoak ere badu bere eragina karbono isurian. Sydneyn egin berri duten ikerketa baten arabera, gainera, inpaktu hau uste zen baino lau aldiz azkarrago ari da hazten eta egun karbono isuri guztiaren %8 suposatzen du; herrialde turistifikatuetan portzentaje hau %30 eta 80 artean kokatzen da.

Saiatu naiz zenbakiok Euskal Herriratzen eta kuriositatez altzairugintzak eragiten duenarekin alderatzen, eta iruditegiak esaten digunaren kontra, dagoeneko turismoa dezente kutsakorragoa da, eta hazten ari da, Europako lurralde kutsakorrenetakoa garen honetan.

Eta zurrunbilo honen erdian gaude gu, auskalo zein bezerorentzako industrian, edo tabernari edota ostalari, eta tarte bat dugunean, gu geu ere turista, noski. Ez dut topatu turista bezala aztertzen gaituen lanik, baina ziur asko hemen salatzen ditugunak eraginez bidaiatuko dugula gehienean, Palestinako lurralde okupatuetan pisuak eskaintzen dituen Airbnb erabiliz, adibidez... Mundua aldatu ei zuen 68ko Maiatz hartatik mende erdira, Benta Haunditik berrogeita hamar urtera, ez ditut gauzak oso garbi ikusten langileontzat... Sikiera, etortzen diren horiek guztiek, bueltan, Kantauri hegian Herri ezberdin bat ezagutu dutela kontatuko balute... •