Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Plaka urdinak

Londresko Wimbledon auzoan nenbilela, Josephine Butler aktibistaren izena agertzen zuen plaka bat ikusi nuen lau solairuko viktoriar garaiko etxebizitza eder bateko fatxadan. Plakak horrela zioen: «Josephine Butler, emakumeen eskubideen alde borroka egin zuena, 1890-1893 urte artean hemen bizi izan zen».

1867. urtetik Londresko bederatziehun bat etxebizitzatan aurkitzen ditugu plaka urdin horiek, jende ezagunaren bizitoki izan zirela adierazten dute, leku konkretu hartan bizi izan ziren urteak seinalatuz. Jakin dut norbait hil eta hogei urte igaro behar direla gutxienez plaka horietako bat lortu ahal izateko.

Jende ezaguna baino gehiago, hiriaren historia definitzen lagundu duten hainbat pertsona ekartzen dizkigute gogora. Hain zuzen, horien kudeaketa egiten duen enpresak Londres ezagutzeko modu ezberdinak definitu ditu plakadun etxebizitzak aitzakia bezala erabiliz. Sakelako telefonorako aplikazio bat erabiliz, erraza da hiria modu horretan ezagutzea. Turismo saturazioko garai hauetan, jende masak ekiditeko plan originala.

Adibidez, badago literatura irizpidetzat hartuta proposatzen duten ibilbide bat, konkretuki XIX. mendeko emakume idazleak gogoratzen dituena; George Eliot, Sylvia Plath, Agatha Christie, Elizabeth Bowen, Fanny Burney eta Mary Shelleyren etxebizitzak izan zirenak ezagutzeko ibilbide bat proposatzen digute. Baita Londresko lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta queer-en (LGBTQ) istorioak kontatuz, beste hainbat pertsona gogora ekartzen dituena ere, Soho, Fitzrovia eta Mayfair auzoetan barrena eramanez, besteak beste Oscar Wilde, Siegfried Sassoon, Virgina Woolf eta Vita Sackville-West, Bloomsbory taldea eta Alan Turing gogoratuz.

Baina itzul nadin Josephine Butlerrengana. Etxe kanpoan turista taldea zegoelako eman zidan atentzioa. Britainian XIX. mendeko emakume ospetsuentzat joa, viktoriar garaiko feminista eta berritzaile adierazgarria izan zen. Besteak beste, prostituten ongizatea izan zen bere kezka nagusia eta horretan lan handia egin zuen. Parlamentuan borroka egin zuen prostituten legezko adina 13 urtetik 16ra igotzeko.

Emakumeek hezkuntza eskubide berberak izan zitzaten, Cambridgeko Unibertsitateko agintariekin eztabaidan urte asko eman zituen, bertan eskaintzen ziren ikastaro eta aukerak emakumeentzat zabaldu zitzaten. Testuinguru horretan, emakumeentzat eskola bat sortzea ere lortu zuen.

Orokorrean, garai haietan tabuak ziren hainbat gai bultzatu zituen, birjintasunaren eta amatasunaren inguruan, adibidez, erretorika berri bat sortuz, emakumearen papera babestuz eta artean pentsaezinak ziren kontzeptuak normalizatuz. Bere misioan hainbeste sinesten zuen, ezen berdin izan baitzitzaion bere izen ona, osasuna eta familia arriskuan jartzea. Jarrera bihotz-gogorrez jarraitu zion bere ibilbideari, emakumeei iritzi bat ukatzen zitzaien zirkuluetan, aldaketa soziokulturalak bultzatuz eta gaur egun ditugun hainbat legeren eta eskubideren oinarriak ezarriz. Hala ere, jende askok oraindik ez du aintzatesten bere ekarpena eta “feminista ahaztu” gisa ere erreferentzia egiten zaio hamaika lekutan. •