Xabier Mikel Errekondo

PP-PNV amarru akordiotik M26ra. Guztiok, pentsionistak

Miseriazko 400-500-600-700 euro kobratzen dituzte 247.000 euskal pentsionistak. Ba ote dago jeltzalerik PP-PNV akordioaren ondorioz pentsioak 12 eta 21 euro artean igotzeak (soilik 2018an eta 2019an) bizitza duina bermatzen duela pentsatzen duenik?

EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorretatik euskal enpresa eta proiektu jakin batzuentzat lortu nahi dituen milioi euro batzuengatik, beren bozka bazka nagusi diren pentsionistak trukerako txanpon gisa erabiltzea zilegi da jeltzale kideentzat?

Kontsumo prezioen indizearen gaindiko igoera “jarabe sendagarria” dela saldu nahi izan digu garai bateko saltzaile iruzurtien antzera Aitor Esteban diputatu jeltzale bozeramaileak, jakin arren miseriazko oinarriari aplikatuta emaitza hutsaren hurrengoa dela. Gezurra eta amarru saiakera, bikoitza iraina! 68an gazte eta orain pentsionistak direnak ez dira mututu, alabaina: “Bataila hau irabazi egingo dugu!”. Lehenik 1.080 euroko pentsio duina, ondoren kontsumo prezioen indizea, emakume eta gizonen arteko arrakalarekin bukatzea, alargunen egoera larria… Aldarrikapenek asteleheneroko bozgorailuetan jarraitzen dute, baina urrun dago oso akordioa.

Gaur arratsean neurtu ahalko dugu PP-PNV amarru akordioak arrakala eragin duen pentsionisten batailan ala nahiko muskulu ba ote duen alderdi biak harago mugiarazteko. Pentsa, AGIJUPENS ia-ia eroria da amarru sarean.

Baina presio egiteko egoera politiko ezin egokiagoa dugu, hauteskunde atarian gaude eta bereziki fratrizida da PPren eta Ciudadanosen arteko hiena lehia. Bada, batu gaitezen batailara, guztiok gara-eta pentsionistak. •