02/06/2018

Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta
Fisioterapia kirol proba herrikoietan

Gaur egunean presaka bizi gara, eta kafearen iragarki hark zioena ederki betetzen dugu: «Har ezazu kafea! Tontakeria gehiago egin ahal izango dituzu denbora gutxiagoan». Iragarkia, bistan da, ez da benetakoa, baina parodiak gure gizartearen gurpil zoroa ederki irudikatzen du. Kirol herrikoiaren mundura ere aplika daiteke: gero eta lasterketa gehiago antolatzen dira, adibidez, behin eta berriro harri berarekin estropezu eginez. Eta dena, momentu batez gelditu eta gauzak patxadaz aztertzeko denbora ez hartzeagatik. Kirolariei ematen zaien osasun asistentziari buruz ari naiz, jakina.

Fisioterapeutok askotan jasotzen ditugu kirol proba herrikoietan parte hartzeko gonbidapenak, eskuarki elkargo profesionalen bitartez. Eskaintzok probaren amaieran kirolariak artatzeko izaten dira, gehienetan musu truk, baina baita batzuetan ordainduta ere. Baina fisioterapeuta gutxik erantzuten diote eskariari, eta, azkenean, askotan hutsune hori prestakuntza egokirik gabeko lagunek betetzen dute, kirolarien osasunaren kaltetan. Batek esan dezake: «Fisioterapeutek kolaboratzen ez dutelako ezartzen ditugu masajistak. Gero ez daitezela intrusismo kontuengatik kexatu!».

Egon pixka batean, mesedez. Hartu arazoa aztertzeko denbora, hurrengo proba antolatzen buru belarri sartu baino lehen. Zer gertatzen da? Zergatik uko egiten diote fisioterapeutek zuen kirol probetan kolaboratzeari? Edo zehatzago esanda: baietz esan duten fisioterapeuta gazte gogotsuek, esperientziatik pasa ostean, zergatik esaten dute ‘ni ez nator berriz hona’? Hor dago koska.

Kontua da, horrelako probetan fisioterapeutari proposatzen zaion lana, azkenean, kirolari guztiei masajeak ematera mugatzen dela. Premiarik izan edo ez izan, lesioarekin edo gabe, kirolari guztiei bereizketarik gabe igurtzi estandarrak egitea, asto lan neketsua eta eraginkortasun gutxikoa. Zer pentsatuko luke arkitekto batek, denbora guztian porlan-zakuak bizkarrean garraiatzera behartuko bagenu? Denok dakigu arkitekturan porlana behar dela, baina berak ez du horretarako bakarrik ikasi. Masajeak ematea ere bada fisioterapeuten lana, bistan da, baina guk egin dezakegun ekarpena hori baino askoz ere handiagoa da.

Adibidez: kirolaria aztertuz, ez lesionatzeko aholkuak ematea; mina duenean, mina kentzeko zer egin behar duen azaltzea; lasterketan min hartzen duenean, lesioa txikitzeko eta sendabidean jartzeko hainbat errekurtso eskaintzea; eta kirolaria aztertu eta gero, etorkizunean kirola osasuntsuki praktikatzeko gakoak ere ematea. Aldiz, horrelako probetan inolako irizpiderik gabe ogi orea egiteko makinak bezala erabiltzen gaituztenean, fisioterapeutak gaizki tratatuak sentitzen gara, aintzat hartzen ez gaituztela sentitzen dugu. Eta, jakina, parte hartzeko gogoa joaten zaigu.

Arazoaren atzean, noski, ez dago asmo txarrik; antolatzaileek, segur aski, parte hartzaileei asistentzia onena eman nahian ari dira. Baina fisioterapiari buruz dagoen ezjakintasuna oraindik handia da, eta inork ez badie azaltzen zer egin dezakegun, kirolarien osasun asistentziak eskasa izaten jarraituko du. Soluzioa, bistan da, aldi berean fisioterapeuta eta kirolari direnen aldetik etor daiteke. Leku batzuetan hasiak dira jada #FisioRunner izenekoak martxan: parte hartzaileekin batera lasterka doazen profesionalak, unean uneko premiei aholkuak eta erantzunak emateko gai direnak. Horixe da bidea. Kontuan izan ezazue etorkizunean. •

www.abante.eus