Antton Izagirre

Larruak

Larrua erreferentzia unibertsala dugu. Historian zehar gizatalde guztiek larrua jarri izan dute jo puntuan, haien sinesmen, errito, tradizio, herri identitate eta gertakari sozialen egikaritze eta gatazka-leku modura. Ez da kolore kontu hutsa izan. Gatazka edota identitate horien lekuko ditugu zulaketak, eskarifikazioak, erdainkuntza, ablazioa edo erauzketa, gorputz tatuaia eta beste hainbat errito edo ohitura. Askotan sinesmen eta erlijio kontuekin lotu izan ditugun erritoek, fedearekin baino, gizatalde identitatearekin lotura handiagoa izan dute.

Gaurko Mendebaldeko gizartean, horietako asko arbuiatu egin ditugu, menperatze edo gizarte patriarkalaren ikurtzat jotzen ditugulako. Hala ere, larruak hor dirau norberaren erreferentzia bila. Orain, talde ikuskeratik ihes egin eta norberaren erreferentzia pertsonal modura lantzen dugu larrua. Larruaren bidez ez dugu giza-taldearekiko erreferentzia bilatzen; alderantziz, indibidualismoa, desberdintasuna, originaltasuna baloratzen ditugu; berezia izatea.

Giza larrua imitatuz munduan aurreratuena omen den “Sophia” robota aurkeztu diguten bitartean, hasiak omen dira giza larruaren azpian gordeleku modura edukiz beteriko memoria txikiak txertatuz gizakiak robotizatzen. Han gordeko omen dira, balio material guztien kodeak; bankuko kontuak, telefono gidak, etxeko giltzak, nortasun agiri pribatuak, segurtasunaren izenean. Larrua, guztiahalduna!

Hori eta gero, euskaraz, jarraituko ote dugu maitasun edota pasioz larrua jotzen, larrua bete jan eta edaten, edo larrutik ordainduko dugu? Ze giza larru? •