Ainara Lertxundi
TEODORAREN AHOTSA

Hamar urtez preso egon da El Salvadorren abortu bategatik

Teodora Vasquez otsailaren 15ean geratu zen aske abortu bat izateagatik hamar urtez preso egon ostean. «Homizidio larriagotua» egotzita, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten abortua guztiz debekatuta dagoen El Salvadorren. Behin aske, Europan izan da emakumeen eskubideen aldeko nazioarteko kanpaina baten baitan.

Pasa den maiatzaren 25a egun historikoa izan zen Irlandan. Abortua legeztatzearen alde bozkatu zuten hautesleen %66,4k. Eta %33,6k kontra. Parte hartzea %64,1ekoa izan zen. Dibortzioa legeztatzeko 1996an egindako erreferendumetik ez zen hain parte hartze handirik Irlandan bozketa batean. Emaitzak jakin ahala, festa erraldoia egin zuten Dublineko gazteluan bildutako herritarrek. Emakumeen eskubideen defentsan emandako aurrerapausoa ospatu zuten. Bozketa Eliza katolikoarentzat kolpe gogorra zela eta irlandarrak Elizak gizartean eta politikan historikoki izandako boterea iraultzen ari direla nabarmendu zuten Irlandako eta Britainia Handiko hedabideek.

Ekainaren 14an, Argentinako Diputatuen Ganberak abortuaren despenalizazioa onartu zuen hogei ordu baino gehiago iraun zuen eztabaida baten ostean. Bozketaren emaitza estua izan zen oso: 129 baiezko eta 125 ezezko. Abstentzio bakarra egon zen. Lege proiektuaren zirriborroaren artikuluak banan-banan eztabaidatu zituzten. Haurdunaldiaren etenaldia lehen hamalau asteetan baimentzen du proiektuak, aurrebaldintzarik gabe.

Egun, haurdunaldia bortxaketa baten ondorioz bada edo amaren osasuna arriskuan badago soilik dago onartuta abortua Argentinan. Indarrean dagoen Zigor Kodea 1921. urtekoa da. Baina mediku askok uko egiten diote abortuak egiteari eta prozedura judizialak asko luzatzen dira, askotan haurdunaldia eten ahal izateko epea gaindituz. Gaia Senatuaren esku da orain. Kalean, hotz handia egin arren, milaka emakume bildu ziren lege proiektu berriaren alde. Mauricio Macri presidenteak kontra egin zuen, baina bere alderdiko legebiltzarkideei nahi zutena bozkatzeko askatasuna eman zien.

«Argentinak eman duen lehen urrats honekin pozik gara. Emakumeek ez dute beraien bizitza arriskuan jarri beharko edo espetxera joan beharko. Kontinentean lege murriztaileak dituzten herrientzako eredu bat ere bada. Milioika emakume hil egin dira edo bizi osorako ondorioak pairatzen dituzte abortu ez seguruak egiteagatik», salatu zuen Amerikarako Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari Erika Guevara Rosassek. Human Rights Watcheko zuzendariak, berriz, «emakumeen eskubideak babesteko bozketa historikoa» zela esan zuen.

Unicefen arabera, urtero 3.000 haur jaiotzen dira Argentinan 10 eta 14 urte bitarteko neskatoen artean. Gainera, abortua amaren heriotzaren lehen arrazoia da herrialdeko 24 probintzietatik 17tan.

Kanporatutako medikua

Irlandan bezala, Argentinan ere Eliza katolikoak pisu handia du. Aita santua bera argentinarra da. «Argentinarrak izanik diputatuen hautuak mina ematen digu. Espero dugu Senatuan elkarrizketarako tartea zabaltzea. Bazterketari, indarkeria matxistari eta txirotasunari aurre egiteko benetako neurriak behar ditugu: haurdunaldiarekin amaitzea ez da irtenbidea. Abortua emakume horientzat beste zama bat izango da, beste trauma bat alegia», helarazi zuen Apezpiku Konferentziak. Aita santuak berak abortua nazien krimenekin alderatu du. «Arazo fisiko bat duen umetxoa hiltzea eskularru zuriarekin egiten den krimena da», esan zuen Franciscok.

La Riojako probintzian, mediku anestesista bat kanporatu dute sare sozialetan abortuak anestesiarik gabe egingo zituela esateagatik. Ospitaleko guardia batean aborturen bat egitea suertatuko balitzaio, anestesiarik gabe egingo lukeela adierazi zuen.

Gaiak Argentinako gizartean eta, oro har, Latinoamerika osoan sortzen duen polarizazioaren isla da. El Salvadorren, Hondurasen, Haitin, Nikaraguan, Dominikar Errepublikan eta Surinamen abortua erabat debekatuta dago. Espetxe zigorrak altuak dira gainera, bai emakumearentzat baita laguntzen dionarentzat ere.

Preso egon den emakume latinoamerikar horietako bat Teodora Vasquez da. Bartzelonan eta Euskal Herrian izan da emakumeen eskubideen inguruan hitz egiteko eta El Salvadorko Abortuaren Legea aldatzeko beharra Europan aldarrikatzeko. Otsailaren 15ean aske gelditu zen espetxean hamar urte eta zazpi hilabetez egon ostean.

«Egoera desberdinetara moldatzeko gaitasuna dut. Niretzat ederrena aske gelditu nintzenetik nire semearekin eta familiarekin berriro egotea izan da», azaldu zion GAUR8ri nola sentitzen zen galdetuta.

«Ama eta semea izateaz gain, lagun handiak gara. Harreman bikaina dugu. Nire semea den-dena da niretzat», adierazi zuen. Semeak 14 urte ditu egun. Espetxean egon zen bitartean soilik hiru alditan ikus ahal izan zuen. Vasquezen gurasoak San Salvadorretik lau ordutara dagoen herrixka batean bizi dira-eta. «Ez zuten dirurik bisitan joateko. Bidaian umea gosetu egiten bazen, ez zuten dirurik. Gurasoak urtean bitan joaten ziren. Nire arreba hilabetean behin zihoan bisitan, hiriburuan bertan bizi baita».

«Errugabea naiz»

«Orain jendartean egotera egokitzen ari naiz. Ekonomikoki independentea izan nahi dut, nire semea lagundu, eta, aldi berean, espetxean gelditu diren kideen ahotsa izan nahi dut; haien egoeraren eta bizipenen bozgorailu alegia», nabarmendu zuen.

Bere hitzetan, espetxean egondako urteak oso zailak izan ziren. «Espetxean bizirauteko gogoa eta grina duenak soilik lortzen du bizirautea. Urte horiek nire bizitza betirako markatu dute. Oso une zailak pasa nituen, asko sufritu nuen. Baina, sufrimendua handia zenean ere, ez nuen inoiz galdu borrokarako grina. Aurrera egin nahi nuen, nire semearengatik, bera baita nire bizitzaren motorra. Berarengatik ahalegindu nintzen», azaldu zuen. «Kartzelan ez duzu inolako pribatutasunik. 3.000 emakume geunden. Bertan egotea heriotza motel baten antzekoa da».

Vasquezen aburuz, legeak ez ditu irizpide zientifikoak kontuan hartzen, baizik eta irizpide pertsonaletan oinarrituta dago. «Epaileek bidegabe jokatzen dute. Gizon eta emakumeak frogarik gabe zigortzen dituzte. Ni errugabea naiz eta nire kontra ez zuten inolako frogarik. Ez zuten azterketa medikurik aurkeztu nik nire umetxoari mina egin niola frogatzen zuenik. Nire alboan hilik zegoen ume jaioberri bat aurkitu zutelako zigortu eta espetxeratu ninduten; hala nahi izan zutelako, eta ez frogaren bat zutelako», nabarmendu zuen.

Ilusioz espero zuen umetxoa 39. astean galtzeaz gain, haren heriotzaren ardura leporatu zioten. «Benetan mingarria izan zen. Mundua gainera erori zitzaidan. Nire alabaren jaiotzarekin oso ilusionatuta eta pozik nengoen, horrela neska eta mutila izango nituelako. Erditzeko unea iritsi zenean, ordea, lantokian nengoen bakarrik. Ez dakit haurra hilik jaio zen edo jaio eta berehala hil zen. Baina, Polizia iritsi orduko, hilik zegoen. Nik neuk deitu nion Poliziari zazpi aldiz gutxienez laguntza eske erditzeko minak sentitzen nituelako. Baina ez ziren garaiz etorri. Konortea galdu eta gero, nire onera itzuli nintzenean, poliziaz inguratuta nengoen eta umea hiltzeagatik atxilotuta nengoela esan zidaten. Gorpuari egindako autopsian ez dago inolako traumarik, ez da ubeldurarik antzematen. Ez zuten nire kontrako froga sendorik. Ikerketa egokia egin zezakeen abokaturik ez nuenez, zigortu egin ninduten. Ez nuen baliabide ekonomiko nahikorik abokatu on bat ordaintzeko», gogora ekarri zuen Vasquezek.

«Ez nuen halakorik gerta zitekeenik espero. Agian, gauza txarretan sartuta bazaude, atxilotuko zaituzten beldur izan zaitezke, baina hori ez zen nire kasua. Nik ez nuen ezer txarrik egin. Nik nire alaba maite nuen. Bene-benetan, ez zitzaidan inoiz burutik pasa preso egongo nintzenik».

Nolakoak dira El Salvadorren emakumeentzako kartzelak? «Benetan kaskarrak dira. Ez dago leku okerragorik bizitzeko El Salvadorren. Bidegabekeria izugarria da. Presoek ez dute osasunerako eskubiderik, ur horniketa ez da nahikoa, elikadura eskasa eta oso kalitate txarrekoa da, ez da elikadura osasungarri eta orekaturik presoentzat».

Aske gelditu zen arren, ez dago epairik errugabea dela dioenik. «Nahiz eta Estatuarentzat errudun izaten jarraitu, aske nago eta bidaiatzeko aukera dut. El Salvadorretik kanpo bira egiten ari naiz. Baina nire kideek preso jarraitzen dute. Aske geldi daitezen jarri ditugun helegiteen tramitazioa bizkortzea eskatzen dugu. Ministroei eta ardura politikoa dutenei legeak berrikustea eta emakume horien egoerari irtenbidea ematea eskatzen diegu. Bestela, zigor guztia bere osotasunean bete beharko dute eta gazteak dira gehienak, 19 eta 30 urte bitartekoak. Pertsona guztiek bigarren aukera bat merezi dute, baita errudunak direnek ere. Baina guk, errugabeak izanik, ez dugu preso egon beharrik».

Beste lege bat aldarrikatuz

Vasquezen auziaren ondotik, El Salvadorko Zigor Kodearen 133. artikulua aldatzearen aldeko aldarrikapenak bikoiztu egin dira. Abortua ondorengo hiru egoeratan baimentzea eskatzen dute: haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa denean, amaren bizitza arriskuan dagoenean edo umekiak behin jaiota bizirauteko aukerarik ez duenean. Legebiltzarrean abortuaren kontra daudenak gehiengoa dira.

«Abortuaren debekuak ondorio oso larriak ditu emakumeen osasunarengan eta bizitzarengan. Eztabaida lasaiago bat behar dugu, errealitatean eta argudio zientifikoetan oinarritutako eztabaida alegia», nabarmendu du Morena Herrerak, Abortu Terapeutikoa Despenalizatzearen Aldeko Elkarteko kideak.

El Salvadorren indarrean dagoen Zigor Kodearen arabera, abortua bi eta zortzi urte bitarteko kartzelarekin zigortzen da. Baina epaileentzat eta fiskalentzat haurra galtzea “homizidio larriagotua” da eta delitu hori 30 urtetik 50era bitarteko kartzelaldiarekin zigortzen dute. Gaur egun 24 emakume preso daude haurdunaldian umea galtzegatik. Egoera horretan dauden emakume gehienak baliabide eskasekoak dira.

Abortua despenalizatzeko eztabaida 2016ko urrian plazaratu zuen Gobernuak, FMLNren eskutik. Legebiltzarrean 23 eserleku ditu. Auzitegi Gorenaren epaiaren ondotik indarra hartu du gaiak.

Giza Eskubideetarako Nazio Batuetako Goi Mandatariak, Zeid Ra’ad Al Husseinek Legebiltzarrera eskutitza bidali zuen pasa den apirilaren 6an. «Legearen erreforma behar-beharrezkoa da, El Salvadorrek giza eskubideen defentsan dituen konpromisoak bete behar ditu», plazaratu zuen.

Horretaz ohartarazteko, Vasquezek Europatik bira egin zuen apirilean. «Egoera horretan egon eta emakume bakoitzaren espedientea ezagutzen dugunok mugitzen ez bagara, nork egingo du? Inor ere ez, eta emakume horiek espetxean zimelduko dira. Ezin dugu hori gertatzerik onartu», adierazi zuen.

«El Salvador herri kontserbadore eta erlijiosoa da. Kultura matxista batean bizi gara eta mutikoek txiki-txikitatik bizi dute kultura hori. Horregatik gaude gauden moduan, horregatik urratzen dituzte emakumeon eskubideak. Ez dute guk gure gorputzaren jabe izatea nahi. Gugan boterea izaten jarraitu nahi dute, zer egin eta sentitu behar dugun agintzen. Eta ni ez nago prest horrelakorik gehiago jasateko: nire erabakien jabe izan nahi dut. Erabat libre izan nahi dugu eta ez dugu nahi emakume eta neskato gehiago espetxera joaterik egin ez duten delitu batengatik», salatu zuen.

«Beatrizen auzia»

Beatriz gazteari haurdunaldia etetea ukatu zioten 2013an. 22 urteko emakumeak lupus gaixotasuna zuen eta haurdunaldiarekin jarraitzekotan bere bizitza arriskuan egon zitekeen. Horrez gain, espero zuen umekiak ez zuen bizirauteko inolako aukerarik, ez baitzuen garunik. Bere eskaera El Salvadorko Auzitegi Gorenera iritsi zen baina ez zioten abortu terapeutikoa baimendu eta haurdunaldiarekin jarraitzera behartu zuten. Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiak Gobernuari abortu terapeutikoa baimentzeko agindu zion. Jada haurdunaldiaren 20. astean zegoenez –aste horretatik aurrera haurra galtzea ez da abortu gisa hartzen legediaren arabera–, urgentziazko zesarea egitea onartu zuen Osasun ministroak. Beatrizen umea jaio eta orduetara hil zen. «Nik bizi nahi dut, batez ere dudan beste umeagatik, 13 hilekoa. Espero dudan haurra osasuntsu egongo balitz haurdunaldiarekin jarraituko nuke, nahiz eta nire bizitza arriskuan jarri. Hala egin nuen nire lehen haurdunaldiarekin. Baina, zoritxarrez, bigarren ume honek ez du burmuinik eta ezin izango da bizi sabeletik kanpo», agertu zuen orduan gazteak. Abortua legeztatzeko borrokaren sinbolo bihurtu zen Beatriz.

Iazko urriaren 4an hil zen Beatriz. Abortu Terapeutikoa Despenalizatzearen Aldeko Elkarteak azaldu zuenez, auto istripu bat izan zuen. Ospitalera joan eta alta eman zioten, baina ondoren arnasketa arazoak izan zituen. Lupusa izateaz gain, pneumoniaz gaixotu zen eta horrek bi bihotzeko eta heriotza eragin zizkion.

Eztabaidaren erdian, San Salvadorreko artzapezpikuak, Jose Luis Escobarrek, talde politikoei eta horien ordezkariei erakundeetan abortuaren kontra egitea eskatu die. «Abortua legeztatzearen aldeko proposamenen harira, legebiltzarkide eta alderdi guztiei eskatu nahi diegu ez dezatela krimen hain larria legeztatu», adierazi zuen igandeko mezan.

«Jainkoaren agindua»

«Eliza beti bizitzaren alde egongo da eta inoiz ez heriotzarekin. Jainkoak ez hiltzea agintzen digu. Ume bat hiltzea Jainkoaren legearen urraketa oso larria da», gaineratu zuen Escobarrek.

Medikuen Elkargoak ere egungo legedia ez aldatzea exijitu du eta medikuei aborturik ez egiteko eskatu die. «Ez dugu egungo legea aldatzerik nahi. Amaren bizitza ez da aitzakia izan behar beste bizitza batekin amaitzeko. Medikuak amaren eta jaiotzear den umearen bizitza salbatzera behartuta daude», esan du berriki komunikatu batean. «Mediku batek ezin du inor hil bere jardunarekin edo ez-egitezko jardun batekin. Horri eutanasia deitzen zaio. Borondatezko abortua hutsegite etiko eta deontologiko larria da. Biologian oinarrituta, sortzen den une beretik, gizakiak bizitzeko eskubidea du», nabarmendu du.

Medikuen Elkargoa 37 elkartez osatuta dago. Abortuaren aldeko kanpainaren eta ekintzaileen aurka ere gogor egin du. «Datuak eta kontzeptuak manipulatzen dituzte herritarrak nahasteko helburu bakarrarekin», dio komunikatuak.

Debekuak abortua arriskutsu bihurtzen du

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtero seguruak ez diren 22 milioi abortu egiten dira munduan, gehienak garapen bidean dauden herrialdeetan. Haurdunaldia klandestinoki eteteak bizi osorako ondorio larriak izan ditzake emakumearentzat. Bost milioi emakumek desgaitasunak sufritzen dituzte segurua ez zen ebakuntza jasan izanagatik. Amnesty International erakundeak salatu duenez, debekuak ez ditu abortuak saihesten, eta, gainera, klinika pribatu bat ordaintzeko edo beste herri batera joateko baliabide ekonomikorik ez duten emakumeak arriskutsuak izan daitezkeen abortuak egitera behartzen ditu. Antisorgailuak eskura izatea zaila den herrialdeetan, abortu tasa dezente altuagoa da antisorgailuak erraz eskuratu daitezkeenetan baino. Ehunekoak ere gutxitu egiten dira herritarrek, batez ere gazteek, antisorgailuen inguruko informazio egokia eta sexu hezkuntza jasotzen duten herrialdeetan.