Iñaki Altuna

2017-2018, bizi-bizi

Udan gaude, bete-betean, eta lan urte politikoa amaitu da, nahiz eta askotxo luzatu den. Lan urte politiko bizia izan da. Duela urtebeteko egoera eta gaur egungo egoera alderatzea besterik ez dago. Gauza asko gertatu dira, errealitate ugari aldatu dira. Zenbait kontu pentsaezinak ere baziren orduan. Hilabete batzuk zeramatzan orduan Emmanuel Macronek Frantziako Errepublikako presidentetzan, baina inork gutxik pentsa zezakeen urtebete geroago Mariano Rajoy ez zela Espainiako presidentea izango, eta, haren ordez, Pedro Sanchez desagertuak hartuko zuela kargua, zentsura mozio bati esker.

Rajoyk begi bat Katalunian jarrita zuen, eta bestea bere gobernuari egonkortasuna emateko ahaleginean. Bietan, EAJ ageri zen, normalean Madrili mesede egiten: alde batetik, Kataluniako burujabetza prozesua zalantzan jartzen, eta, bestetik, primadera honetan, PPren aurrekontuei babesa ematen. Ustelkeriak eragindako zentsura mozioak hankaz gora jarri zuen hori ere.

Kataluniako prozesuak markatu zuen lan urte honen hasiera. Urriaren 1eko erreferenduma izan zuen gailurra. Izugarria. Halako prozesu baten indarra erakutsi zuen, baina baita mugak eta zailtasunak ere. Estatuaren muturreko itxikeria agerian geratu zen enegarrenez, Piolinen irudi groteskoa eta guzti. Kataluniako Errepublika egikaritzea zenbaitek iragarri baino zailagoa izango dela bistako da egun. Urriaren 3ko Espainiako erregearen mezuak eta 155. artikuluaren aplikazioak gainditu beharreko hormatzarren tamaina erakutsi zuten. Epaitegiek hartu zuten errepresioaren eta zapalkuntzaren eguneroko gidaritza, hedabideetan Puigdemont barregarri uzten saiatzen ziren bitartean. Baina, azkenean, kukuak oker jo die, eta haiek geratu dira barregarri Europako zenbait epailek Auzitegi Gorenaren delirioa agerian utzi eta gero. Gatazka politikoa bizi-bizi dakusagu berriro. Hori bai, oraintxe gako nagusia barruan dute, burujabetzaren aldeko indarrek norabidea berreraikitzeko betebeharrean. Sanchezen aldartea baino askoz garrantzitsuagoa izango da hori.

Duela urtebete jakin bagenekien ETAk bere zikloari buruzko eztabaida hasia zuela. Iragarria zuen 2017ko apirilaren 8an armagabetzea egin zuenerako. Ez da hainbeste denbora igaro, baina sentsazioa bestelakoa da. Aspaldiko kontua dirudi armagabetzeak. ETAren eztabaidaren amaiera eta erakundearen desegitea maiatz honetan gertatu dira, eta sentsazioa bera da, hau da, denbora dezente gehiago pasa dela.

Mugimendu ezberdinak izan dira. Duela urtebete presoak erabat sakabanaturik zeuden, eta ordutik, gizarte zibilaren ekimenari esker, eta sortutako euskal ordezkaritzaren bidez, Frantzian mugimendu esanguratsuak izan dira. Ez da hainbeste denbora pasa. Oraintxe, Espainiako Estatuan ere mugimendu batzuk egongo direla iragartzen da. Itxaropen izpi txiki bat behintzat piztu da. Goizegi da, horratik, segurtasunez hitz egiteko.

Eta aldaketa esanguratsuon erdian eztabaida politikoa ere berpiztu da gurean. Nork esango zukeen lan urte politikoaren hasieran Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordeak ezer emango zuenik? Arazo politikoaren muina agertu da berriro, eta hori ez da gutxietsi behar, kontuan hartuta, gainera, EAJren joera oso bestelakoa izan dela urteotan guztiotan, eztabaida hil eta gure herria politikoki txirotzea izan baitu jokabide Urkulluren gidaritzapean.

Mugimendu eta berri asko, aurrera begira jarraipena eta ondorioak izango dituztenak, hauteskunde zikloan sartzeko atarian gauden honetan. Oporren bueltan ez da girorik izango. •