Antton Izagirre

Balkoiak eta banderak

Alderdi Popularreko buruzagi hautatu berriak, eskuinaren idearioaren beste ezaugarrien artean, «balkoiak eta banderak» iragarri dizkigu identitate ikur modura. Pablo Casadoren aitaponteko politikoa izan zen Fraga Iribarne hark, «kaleak nireak dira» haren defentsan, Gasteizko Martxoaren 3ko triskantzak eragin zituen gertakizunak ekarri dizkigu gogora.

Zer egiteko prest dago oinordekoa, balkoiak eta banderak bere nahierara makurrarazteko? Hitz horien atzean ofentsiba nazionalista espainiarra iragarri digulakoan gaude. Beti harritu izan gaitu Aragoi edota Gaztelako hiri nagusienetan, eta ez hain nagusietan, balkoietako espainiar bandera erakustaldiak. Maiz galdetu izan dugu zer behar duten beren izaera eta sentipen espainiarra balkoiak banderez beteta erakusteko.

Noiz eta zergatik jarri dituzten ikusita, argi geratu zaigu Kataluniako prozesuarekiko ofentsiban eraikitako balkoiak izan direla. Ez dira identitatea erakusteko zabaldu banderak, gerraren eta aurkaritzaren ikuspegitik besteenak zapuzteko zabaldutakoak baizik.

Euskal herritar eta abertzale modura, geure balkoi loretsuetan euskal nazioaren identitate aldarrien eskasiaren arrazoiaz galdetu izan diogu geure buruari. Ongi usteko erantzun koherentea bilatu nahian, haien aldarrikapen baztertzaileari, geure naziotasunaren izaera barneratzailea, inklusiboa, alderatu nahi izan diogu. Iruñeko udaletxeko balkoian ikurrina debekatu dutela jakinda, edota Tuterako udaletxeko balkoitik «Gora Tutera!» euskaraz aldarrikatze hutsagatik zenbait eskuindarrek erakutsi duten haserrea ikusita, balkoiak ez ote diren lorez apaintzeko otu zaigu. •