Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Irudikatu

Irudikatu nora doan ez dakizun autobus bat eta zurea ez den hizkuntza batean mintzo diren poliziak ez daukazula badakizun dokumentu bat eskatzen. Irudikatu autobuseko gainerako bidaiarien larruazalak zurearen kolorea nabarmenago egiten duela. Irudikatu hona iristerako igarotako kontrol-gune batean ostu dizkizutela mugikorra eta dirua, eta ez dakizula ze egunetako ze ordutako ze minututan bizi zaren. Irudikatu parean daukazunak inoiz entzun ez duen izen bat daukazula. Irudikatu ingurukoek ezagutzen ez eta sekula bisitatuko ez duten herri batetik zatozela, zauden –eta azkar pasa nahiko zenukeen– autobus geltoki honentzat ulertezinak diren hizkuntzak eta ametsak daramatzazula zure poltsiko zulatuetan. Irudikatu begiradak, kazetarien kamerak, hormari begira jarri zaituen polizia saldoa. Eta irudikatu hori dena hemen, Donostian edo Irunen edo Gasteizen edo Euskal Herriko edozein geltokitan.

Egunkarien arabera dozenaka «papergabe» eta ondorioz izenik, ahotsik eta izaerarik gabeko geratzen dira egunero gure muga ez omen diren mugetako burokraziaren armiarma sarean trabatuta. Bi estaturena den eta, ondorioz, inorena ez den lur eremu lauso horretan gauez hara-hona eramanak aireportuetako maleta galduen gisan. Eta egunkarietan “exodo” hitza irakurri dugu, “inbasio”, “olde”. Eta gure inguru tolerante eta hurbilenean ere segurtasunaren aldeko diskurtsoak zabaldu dira; gure ongizatearen defentsa, gure bizitzeko moduaren defentsa.

Eta «segurtasun» eta «defentsa» hitzak barneratzen hasi nintzen garaiekin oroitu naiz, dena zalantza eta urduritasuna zen gaztaroan nola pentsatzen nuen iritsiko zela egun bat ideia ziurrak izango nituena, bizitzan gehiago mugituko ez nintzen gune batera iritsiko nintzena, «zoriona» edo auskalo ze izenetako lekuren batera. Eta behin baino gehiagotan harrapatu dut nire burua behinola arrazoizkoak ziruditen iritzietan gotortzen, behinola barruak astindu zizkidaten harremanei eusteko alarma, hesi eta segurtasun sistema konplexuenak eraiki eta entzun nahi ez nituen galderei ihes egiten, nirearen kontrako usteak gutxiesten, paperik eskatu gabe nire bizitzara zetozen pertsonei atea ixten. Eta hilabeteetan ontziko urik aldatu gabeko arrainen gisan ito zaizkit usteak eta itxi usaineko lagunarteetatik begiratzen diot behinola sentitu uste izan nuen eta “zorion” deitu nion barru-astinaldi horri.

Eta gaur, Donostiako Aste Nagusiko lehendabiziko larunbat honetan, nire burua aurkitu dut hemen, portuan, eta pentsatu dut baietz, jaiak izan daitezkeela gure ziurtasun, segurtasun eta bizimodu kontserbadoreenaren indargarri, gure boterea erakusteko gune. Jarrai dezakegula gotortzen, gureak ez direnen usteak gutxiesten eta gure posizioa indartzeko ondokoena zalantzan jartzen. Baina, akaso, munduari aukera bat eman eta gure uste, iritzi eta harremanak egurasteko ere balia ditzakegula festak.

Ez baitago ziurtasunak zalantzan jartzea baino ariketa osasungarriagorik. •