Juantxo EGAÑA

Baztan, Ardanazen begian

Artikulua ilustratzen duen argazkia, 1962an Baztanen egina, ez da kasualitatez ateratakoa. Haren egile Nicolas Ardanaz (Iruñea, 1910-1982) irudi estereotipatuak eraikitzen ahalegintzen zen, estetika klasiko jakin bat jarraituz: piktorialismoa. Ez da harritzekoa, besteak beste, Javier Ciga izan baitzuen maisu. Argazkigintzan jardun zuen ia 40 urteetan, Ardanazek denetariko argazkiak egin zituen 6x6 zentimetroko bere kamerarekin: errekete gisa boluntario aritu zen gerra zibileko irudiak, sanferminak, paisaiak, Iruñeko irudiak, erretratuak, natura hilak... Bere lagunen artean antzeko joera piktorikoen eragina zuten argazkilariak zeuden, hala nola Miguel Goicoechea altsasuarra eta Pedro Maria Irurzun iruindarra. 1955ean, beste amateur eta profesional batzuekin batera, Nafarroako Argazki eta Zinematografia Elkartearen sorreran parte hartu zuen.