Joana Garmendia

Lehenengoa

Zail egin zait nire “koadernoko” lehenengo orrialde hau idazteko gaia aukeratzea. Bazirudien, nolabait, hemendik aurrera hilean behin idatziko ditudanak sartu behar nituela arrastoan: bidea erabaki, noranzkoa pentsatu eta, bereziki, pausoaren erritmoa ezarri. Gaur hemen hasitakoak marraztuko diela bidea hurrengo guztiei.

Lagun batek eman dit gomendioa: idatz dezakedala naizenetik, edo idatz dezakedala dakidanetik, egiten dudanetik. Batzuek direnari buruz idazten dutela eta besteek, aldiz, egiten duten horri buruz. Ez dit asko lagundu.

Emakumea, euskalduna, 39 urte, anoetarra –hori izango da naizena–. Ikerketa, irakaskuntza, hizkuntzaren filosofia, ironia, komunikazioa –hori egiten dudana–. Ez dakit, ordea, nola bereizi biak. Ez dakit nola idatzi emakume izateari buruz, euskaldun izateari buruz, ez bada hizkuntzaren azterketatik, filosofiaren argudio-eraikuntzatik, ikerketak bere duen azterketa moldetik. Eta ez dakit irakaskuntza eta akademia berdin biziko nituzkeen gizonezko banintz, hizkuntza gutxitu bat hitz egingo ez banu, gazteagoa edo zaharragoa banintz. Esango nuke, ironia aztertzean ere, teoriaren maila lehorrean ari izanagatik, ohar daitekeela inor zein naizen –aztergai aukeratzen ditudan adibideetan, besterik ez bada–.

Lankidea ere saiatu da aholku ematen: azti ibiltzeko “koaderno” honetako lehenengo orrialdean zer esaten dudan eta, bereziki, zer ez dudan esaten. Izan ere, muga horretantxe aritzen gara ikerketan lankidea eta biok: esaten denaren eta esan gabe komunikatzen denaren arteko mugan. Izatez, esaten duguna baino gehiago komunikatzen baitugu, ia beti. Eta, ulertu, esaten zaiguna baino gehiago ulertzen dugu, ia beti.

Txiki-txikitatik ikasten dugu hori. Amak gauean berandu dela esandakoan, badakigu lotara bidali nahi gaituela. Goizean berandu dela esaten digunean, berriz, ulertzen diogu korrika txikian joan behar dugula ikastolara, bizkor batean abiatu behar dugula. Gaztetan, etxera iristean, berandu dela esan izan digunean, asmatu dugu errietan ari zitzaigula. Horiek denak ulertu dizkiogu, baina, esan, gauza bakarra esan digu beti amak: berandu dela.

Horrela ulertzen dugu elkar: esan gabe komunikatzen dugu adierazi nahi dugunetik asko. Hizkuntzaren erabilerarik arrunt eta sinpleenetan gertatzen da hori, eta zer esanik ez hizkuntza figuratiboki erabiltzen dugunean; metaforak edo ironia erabiltzen ditugunean, adibidez. Heriotzaz hitz egingo digu idazleak berandu dela esanda, edo etsitzeaz, edo porrotaz, edo nork daki zer ez den ezkutatzen poetaren metaforen itzalean. Lagun ironikoak iseka egingo digu, guk, beti bezala, ordubete garaiz eraman dugulako tren-geltokira, badaezpada. Bidean behin eta berriz esan diogun bezala errepikatuko digu berak, burlati: «Berandu da, berandu da!».

Azkeneko aholkua anaiak eman dit: ba omen da nonbait euskal zutabegileen topikoen zerrenda bat, eta han esaten omen da lehen zutabea, “koadernoko” lehen orria, beti izaten dela nork bere burua aurkezteko, eta denek, den-denek, idazten dutela egiten duten horrek denentzat interesa eta garrantzia izan behar balu bezala. Ez erortzeko ni ere topikoetan, ez egiteko horrelakorik nik. Ba, hara, esan ziezadakeen lehenago. Dagoeneko alferrik: berandu da.

Ez diot hiruretatik inori jaramonik egin; hori, gehientsuena bezala, esan gabe doa. •