Iker Barandiaran

Isiltasuna

Oporretan Japonian egon den lagun batek kontatu dit berretsi duela hango bizilagunen errespetu, edukazio eta zibismo muturrekoa. Eta, horrekin alderatuta, txanponaren beste aldea, ikaragarria dela japoniarren bakardaderako joera. Esaterako, taberna eta jatetxeetan ia guztia prestatuta dago bezeroak banaka egoteko. Jende ia-ia guztia bakarrik, inongo konpainia gabe, aritzen da edaten edo jaten bere sakelakoari begira. Era berean, han izan diren lagun batek baino gehiagok kontatu izan didate egunero milaka eta milaka pertsona mugitzen dituen metroan jende guzti-guztia joaten dela isilik, sakelakoari etengabe begira edo lotan. Ez da txintik entzuten ez metroan ezta kalean ere. Ikaragarria omen da, beldurgarria neurri batean. Globalizazioa aspaldi hedatu bazen ere, zein desberdinak garen haiekiko oraindik…

Bizimodu mota horretatik geografikoki eta jarreran erabat muturrean ezagutzen dut oraindik ere hemen, gurean, unean unekoa, begi aurrean duena soilik bizi duenik; sare sozialei egun osoan jaramonik egin ez eta komunean jarrita daudenean bakarrik ikuskatzen dituzte txutxu-mutxu edo informazio delakoak.

Komunez ari naizela, horiek bisitatzerakoan begi aurretik sakelakoa aldendu dudan aldietako batean oroitu naiz lantokiko komunean idatzita dagoela aspalditik bi pertsonen arteko elkarrizketa motza, eta berorrek politikatik eta umoretik, bietatik, dauka. Ez da gutxi.

Horietako lehenak GRAPO siglak idatzi zituen eta alboan igitai eta mailuaren irudi ezaguna. Hurrengoak, berriz, “grapa” hitza idatzi zuen, eta alboan, hain zuzen ere, grapa baten irudia marraztu zuen komunismoaren irudia estutu izan balu bezala. Gaur egun inor gutxi oroitzen da GRAPO Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistez eta komunismoaz, nahiz eta lehengoen kasuan gutxi batzuek guztia eman zuten ezeren truke. Komuneko atean grabatutako erantzuna haiekiko errespetu falta ere izan zitekeen, baina ezin da ukatu egile hura irudimentsua eta estiloduna zela edo dela.

Pintaketa txiki horien motiboez bezala jende gutxik dauka gogoan luzaroan komunak sare sozial garrantzitsuak izan zirela. Gainera, gaur egungoetan bezalaxe, haietan ere zaborra zen nagusi, hau da, gustu eta estilo eskaseko mezuak eta biraoak. Hori esanda, baina, ezin uka komunak luzaroan izan direla benetako adierazpen libreko guneak; eta, ondorioz, baita eztabaidaguneak ere.

Beste inon plazaratzen ez ziren mezuak ageri ziren, gauzatzeko zuten erraztasunagatik, eta, ondorioz, irudika zenezakeen edozein mezu jarri ahal zitezkeelako. Horregatik, askotan, komuna kokatuta zegoen paisaiarekin talka handia egiten zuten mezuok, hartzailearengandik erreakzioa lortzea zelako helburu nagusiena. Alajaina, horiek ziren egileentzat meritu handiena zutenak: non eta hain justu aurkariaren edo kontrakoa prentsatzen zuenaren “etxean” halakoak zabaldu ahal izatea. Esaera zaharrak dioen gisan guztiok joaten gara berdin komunera eta, hara!, han, gutxien espero duzunean gutxien espero duzun mezua.

Errotulagailu edo labanaz egindako txio edo post haietan gaiak gaur egungo trending topic-en oso antzekoak ziren: independentzia, guardia zibila, monarkia, askatasuna, Eliza katolikoa, drogak…

Gurean trending topic, interesdun edo saltsa gehien ematen duten gaiak lehengoen antzekoak izan arren, egia da lehenengo pausoa kalera gutxiago irten eta barrura bizimodu gehiago egiten hastea izan zela; eta orain ere poliki-poliki bakardaderako joera gero eta handiagoa dugula. Isilik, baina, ez gara geratuko, ezta? •