Xabier Mikel Errekondo

Miopeak gara laino artean

Miopeak gara eta ikusten duguna betaurrekoen araberakoa da. Herritarren gehiengo zabalak EiTB katearen, “DV”, “Correo”, SER... ikus-entzunezko nagusien betaurrekoetatik du ikusten. Nago herritar inozo askotxo ikus-entzunezkoek eguneroko berrien artetik zer eta nola ematen duten konturatu ere ez dela egiten, harago, EiTB taldearen eta medio nagusien informatzeko modu interesatuarekin bat egiten duela beste askok. Aitzitik, gizartearen zatirik kritikoenak, elkarte soziopolitikoak nola herritar konprometituek, gaitzetsi egiten dute.

Nago EiTBren txoritxoaren txioak kantu liriko soilak baino herritar gehiengoaren ontziak porturatzeko sirena kantuak direla, non miopeoi gobernuaren markako betaurrekoak dizkiguten jartzen. Hondakinekin izan jarrera adibide garbia da. EAJ eta PSEri interesatu zaien urteetan medioak alarma sortzen laguntzeko tresna bilakatu ziren, atez ateko bilketak konfliktoa sortzen zuelako gezurra hauspotzen, zikina eta garestia zela, kaleak arratoi erraldoiz beteta zeudela, eta abar. Egun, aldiz, dena normalitatea da, dena ongi doa eta ez dago gaiarekiko beste berririk gobernukideen mezua sendotzeko eta erraustegiaren bide bakar eta atzeraezina miopeon kontzientzian iltzatzeko ez bada. Gauza bat ziurra da, edo Europako epaitegiek Zubietako erraustegi toxikoa geratzen dute edo gipuzkoarrak miopeak eta minbiziak jotakoak izanen gara urte gutxitan. Ausartentzat ikasgaia: EAJren interesei aurre egiten dionak haren mendekua ezagutuko du. Besarkada bero bana #AinhoaIntxaurrandieta eta #IñakiErrazkin. •