Mikel Zubimendi

Plastiko beltza, zisne beltza

Bazirudien iraultza feminista geldiezina zela, gerra kultural zaharrak gogoan, luzera begira irabazten ari zirela, horren ebidentzia dezente bazirela. Euskal Herrian ikusi ditugu Martxoaren 8ko greba ikusgarria, “La Manada auziko” epaiaren kontrako matxinada, eraso sexisten aurreko oldarraldia, neska gazte mordoaren politizazioa… Arrakasta handiak edonondik begiratuta ere. Garaipena, baina, ez da sekula leuna, erraza. Gerra kulturaletan ez da betiko irabazten, garaipenak ez dira inoiz garaipen oso.

Hondarribiko alardean gertatu berri dena dugu horren adibide argi. Plastiko beltzen atzean gordeta, autoritate politiko eta polizialen babesarekin, Jaizkibel konpainiako emakume ausartei gorrotoz beteta hain era biolentoan eraso dieten hainbeste neskatxa gazte ikusteak uste asko jarri ditu hankaz gora. Herri familiar honek, izan Hondarribia ala Euskal Herria, atzekoz aurrerakoa dirudielako herritar askoren begietara.

Niretzat, gerra kultural edo kulturkampf bateko bataila da Hondarribikoa. Iraganeko denbora baten aldeko dei nostalgikoa ikusten dut hor nonbait. Autoritatea eta tradizioa errespetatzen zituen herri ordenatu eta diziplinatua berrezartzeko bultzada, “bertakoak” direla esateko eskubidea dutela uste duten etorkin eta feminista “kanpotar” eta “marjinalek“ mehatxatutako autoritatea eta tradizioa. Ez du axola jende askorentzat plastiko beltzaren atzeko neskatxak lotsagabe, baldar, arduragabe eta guztiz krudel agertzea, baldin eta haien jarraitzaileentzat jator-jatorrak, mozorrorik gabe egia esaten dutenak badira, politikoki zuzenak izatearen diktadurari men egiten ez dioten ausartak.

Gerra kulturaletan ez da politikaren inguruan eztabaida seriorik. Gatazka tribal handi-handi bilakatzen dira; hala, borroka politikoak alde bakoitzak bere nagusitasun morala ezartzeko erabiltzen diren botere batailak dira. Antagonista tribalek beren paperak modu erritualistan jokatzen dituzte. Besteek beti politizatzen dute tragedia. Ez dira neurriak hartzen, ez dira legeak sortzen, denborak normaltasun bat ekarriko duela uste da, eta, azkenean, den-dena ustel. Ahoa garbitu eta datorren urtean trago berdina hartzera. Iraganeko gerra kulturalak sexualitatearen, erlijioaren edo familiaren inguruan borrokatu ziren. Orain bataila berriak ari dira agertzen. Larritasun ekonomikoak eta klase erreminak gerrotan ere azaleratu dira, are amorratuagoak, tribalagoak, fundamentalistagoak bilakatuz. Txakurrak txakurra jateraino.

Hondarribikoa bezalako berriak tentagarri dira komunikabideentzat. Sentsazionalista, izugarri, eskandaluzko. Ohizkanpokoa, baina, ez ohi da beso luzekoa. Horregatik ez diegu jaramonik egiten gertakari askori ezinezkoa zirudiena gertatu arte. Zisne beltzak gure muturren aurrean paratu arte. Arriskua arriskuaren gainean pilatzen joan arren, apurka-apurka, egunero-egunero… hori ez da notizia. Gertatzen ari zena ez da notizia, gertatu dena baizik. Eta gertatutakoak odola isurtzen badu, askoz hobe. Lerroburu da. Berriki gertatutakoak obsesio dira. Adikzio. Eguneko gaiak kontatzen dira, ez egunerokoak. Eguraldia, ez klima. Gero, jakina, betiko galdera dator: Hondarribikoa, edo beste hura, nola ez genuen etortzen ikusi? Horrelako berriak, buruarentzat, azukrea gorputzarentzat bezalakoak dira. Eta ondorioak, politikoak: beste jendearekiko beldurti, etorkizunarekiko eszeptiko, datorrena aldatzeko gure ahalmenekiko ziniko bihurtzen gara. Gure aurreiritzi egoskorrenak, beldur handienak baieztatu egiten dira, gu, ezkor, mesfidati, are zoritxarreko, eginez. •