Izaga, Xabier
IKUSMIRA

VUELTA EUSKAL HERRIAN

Vuelta. Espainiako Vuelta. Tourra Frantziakoa da eta, Giroa, Italiakoa. Euskal Herrian ere badugu bizikleta itzulia; Itzulia, hain zuzen. Itzulia Euskal Herrian egiten da, eta Vuelta eta Tourra ere sarritan igarotzen dira Euskal Herrian barna (Jaime Ignacio del Burgo EAEko estatutu berria idazteko ardura duen adituetako batek esango luke Itzulia ere Nafarroan sartu ohi dela). Gaur egun hiru lasterketa handienak beren herrialdeetatik irteten dira. Urrunera irten ere! Behin Giroaren lehenengo etapa Israelen egin zuten. Badakizue, egin daitekeen Ekialde Hurbileko herrialde bakarrean, herrialde «europarrenean» alegia, nahiz eta datozen urteetan hiru lasterketa handi horiek Arabiar Emirerri Batuetan egitea ere ez litzatekeen harrigarria izango... Besterik da Vuelta eta Tourra Euskal Herrira sartzea, antolatzaileek eta administrazioek ez baitute beren herrialdeetatik atera izanaren kontzientziarik. Edo beharbada bai, kontzientzia bai, inoiz lasterketarekin batera Euskal Herrian izan badira behinik behin, bertan erraz sumatzen baita beste herri bateko lasterketa sartu den kontzientzia... Xabier Izaga Gonzalez