22/09/2018

Reportaje
DURANGOTIK KOBANERA
Emakume kurduen iraultza feministaren bihotzean

Abuztuaren hasieran Durangoko emakume talde batek Kobanera jo zuen bertako iraultza feminista ezagutzeko. Berez, Durango eta Kobane senidetu ziren iaz, bi udalerriak bonbardatuak izan baitira. Kobane ospetsu egin zen 2014an, lehen aldiz Estatu Islamikoa garaitu zutelako bertako gizon eta emakume borrokalariek. Orain, hiria ez ezik, gizarte berria ere eraikitzen ari dira.

Aitor Aspuru
G8rojava3

Durangoko emakume talde batek aukera izan zuen abuztuan Kobane eta Rojavara (Kurdistan siriarra) jotzeko. Helburua argia zen: emakumeen iraultza gertutik ezagutzea. Horretarako bertan sortu dituzten erakunde autonomoetako ordezkariekin bilerak izan eta zenbait proiektu bisitatu zituzten.

Ibilaldi horretako lehen geltokia Kongreya Star izan zen. Emakumeen antolakunde guztiak barruan hartzen dituen erakundeak 2016an aldatu zuen izena. Izendapen kurdua alde batera utzi zuten emakumezko arabiar eta kristauak, besteak beste, erakartzeko. Izan ere, bertako mugimenduak ardura berezia erakusten du emakume arabiarrei dagokienez, euren egoera okerragoa baita egitura tribal eta islamikoen ondorioz.

Kongreya Star 11 lan batzordek osatzen dute. Horien artean nabarmentzekoak dira bai ekonomikoa –kooperatibak antolatzen ditu emakumeen askitasuna bermatzeko– bai komunitateen defentsa emakumezkoen esku uzten dituena ere. Aipatzekoa da ere bizitza politikoan emakumeen partaidetza sustatzen duena, hori, gainera, nahiz eta kargu guztiak bikoitzak diren, emakume eta gizon bana. Garrantzi handikoa da ere batzorde soziala, non emakumezkoen arazo propioak (dibortzioa, indarkeria, alargunen egoera...) lantzen dituzten.

Egun berean, Durangok diruz lagundutako emakumeen akademia ezagutu zuten bizkaitarrek. Han ideologikoki prestatzen dituzte ikasleak gizarte aske baten alde borrokatzeko. Gazteak eta nagusiak elkartzen dira gela berean, energia eta jakinduria elkarri kutsatzeko.

Emakumeen legea

Bisitaldiko hitzordurik interesgarrienean durangarrek ideiak trukatu zituzten Kobaneko Saha Halif adiskidetzerako batzordeko kidearekin, Nasrat Jalil Justizia Kontseiluko ordezkariarekin, Sekin Muslim “Sara” emakumeen indarkeriaren kontrako erakundeko kidearekin eta Verma Bakurrekin, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan eta laguntzan diharduen militantearekin. Guztien artean emakumezkoen egoeraren erradiografia osatu eta indarkeriaren aurkako estrategiak partekatu zituzten.

Esaterako, Siriako Iparraldeko Federazioan –kurduek bultzatutako sisteman– emakumeentzako lege bereziak izan arren, adiskidetzeko batzordeak lan egiten du gizonezkoen eta emakumezkoen arteko arazoak euren artean konpon ditzaten; bederatzi hilabete dituzte gizonezkoek euren jarrerak zuzentzeko, eta, beharrezkoa balitz, gehiago, baina tarte horretan ez bada hobekuntzarik lortzen, epaitegietara jotzen dute zigorraren bila. Azken neurria da epaiketa.

Emakumeen legediak 30 artikulu ditu eta esparru garrantzitsuak lantzen ditu; adingabeen ezkontzak debekatzen ditu, baita familien artean adostutakoak eta poligamia ere, oinordekotzak berdin banatzen ditu emakumezkoen eta gizonen artean, eta ohorezko krimenak eta edozein bortizkeria debekatzen ditu. Horrez gain, ezkontza zibilak legeztatu ditu komunitate ezberdinen artean (kurduak, kristauak, arabiarrak, yezidiak...) eta ezkontzeko adina 18 urtera igo du.

Puntu horretan legedia Estatu espainiarrekoa baina zorrotzagoa da. Izan ere, epaitegi espainiarrek 16 urtetan jartzen dute muga. Siriako Erregimenak, ordea, 14 urtetan. Igoera horrekin nahi dute emakumezkoek euren bizitzaren inguruko erabaki askeak hartzea eta etxean ez geratzea gazte izanik.

Beste ezaugarri garrantzitsu bat da dibortzioetan umeen kustodia automatikoki emakumezkoen esku geratzen dela. Hori bai, 15 urte betetzen dituztenean, adingabeek norekin bizi erabaki dezakete.

Oztopoak eta erronkak

Kobaneko bataila mugarria izan zen zentzu askotan. Miliziano kurduek eragin zuten Estatu Islamikoak izandako lehen porrota, Nazioarteko Koalizioaren bonbardaketen laguntzaz. Hori bai, Kobane ia guztiz birrinduta geratu zen eta egun berriro eraikitzen ari dira, baina ez bakarrik hirigintzaren aldetik. Borrokaren lehen lerroan egon eta gero, emakumeei errespetu handia aitortu die gizarteak.

Hala ere, horrekin eta lege oso aurrerakoiak ezarrita ere, Siriako Iparraldeko Federazioan egoera ez da gozoa emakumeentzat. Aipatutako erakunde feministek estatistikak jasotzen dituzte eta batzuk izugarri adierazgarriak dira. Adibidez, Kobanen gizonezkoen %20k poligamia praktikatzen dute. Iraultza baino lehen gertatu ziren horiek guztiak, lotura mota arrunta baitzen.

Gainera, suizidioen kopurua ere larria da. 2017an hamahiru emakumek bere buruaz beste egin zuten kantoian eta orain aztertzen ari dira zergatik gertatzen den hori. Gehienbat, familien presioari eta indarkeriari egozten diote fenomenoa.

Horri aurre egiteko jarduera ugari eta askotarikoak bultzatzen dituzte; laguntza biktimei, etxeak eskaini emakume babesgabeei, lana bilatu kooperatibetan edota eskoletan, trebakuntza eskaini... Baita piknikak antolatu emakumeak elkartzeko eta etxeetatik ateratzeko, euren arteko harremana sustatzeko asmoz eta poztasuna eramateko euren bizitzetara.

Ohorea eta neurri iraultzaileak

Datu positiboak jaso dituzte ere bisitan durangarrek. Indarkeria kasuak gero eta gehiago salatzen dituzte emakumezkoek onargarriak ez direlako, baina zenbait tabuk irauten dute. Alde batetik, familiaren ohorea kolokan ez jartzeko, bortxaketak ez dira maiz azaleratzen. Dibortzioa ere poliki ari da bidea egiten, emakume askok bortizkeria txikiak jasatea nahiago baitute oraindik banatzeko aukera hautatu baino, lotsa eta umeen pisua oraindik ere handiak dira-eta.

Ohituraren zama izugarria izanik, berau gainetik kentzeko neurriak abiatu dituzte Rojavako emakumeek. Bortxaketen aurrean babes sozial eta psikologikoa ematen dute, adibidez, biktimak onar dezan bizitza ez dela eteten sexu eraso baten ondorioz.

Halaber, sexu jazarpenak errepikatzen dituzten gizonezkoek bi zigor moten artean erabaki behar dute; sei hilabeteko espetxealdia edo “Platform” deiturikoa. “Platform”delakoan hamar edo hamabost emakumek zirikatzen eta iraintzen dute publikoki erasotzailea egindakoagatik. Ondorioz, hiri osoak daki zer egin duen gizonezko horrek. Itzultzaileak aitortu bezala, hainbat gizonek amesgaiztoak dituzte horrekin.

Borrokalari baten lekukotza

Arratsalde oso bat eman zuen Sherin Kobanek durangarrekin. Emakume kurdu gazteak, 23 urte eskasekoa, hainbat bizitzako esperientzia zuen bere baitan. 18 urte bete bezain laster, Al Qaedaren aurka borrokatzeko jo zuen frontera. Batailak baretu zirenean ikasteari ekin zion berriro, baina handik eta hilabete gutxira, Estatu Islamikoak Kobaneri eraso egin zion.

Hasiera batean, Sherin jihadistek zauritutako zibilekin egon zen, Turkian jarritako kanpaina ospitaletan, hain zuzen. Ordea, gerra hirira heldu zenean, muga berriro zeharkatu eta fusil metrailadorea hartu zuen. «Lagun asko galdu nituen Kobanen eta bataila lazgarrietan egon nintzen. Zailtasunak handiak ziren, ez genuen ia janaririk ezta urik ere, baina apur hori partekatzen genuen».

Egun beldurgarri horiei buruz galdetuta, erantzun zuen bazekitela indarren oreka ez zegoela bere alde eta psikologiaren garrantzia nabarmendu zuen: «Koalizioa bonbardatzen hasi baino lehen 100 miliziano inguru besterik ez ginen geratzen hirian. Guztiok onartu genuen hilko ginela, baina gure hautua izan zen, aukera izan baikenuen ihes egiteko eta ez genuen egin».

Kobane askatu eta gero, inguruko herrietatik ere bota zuten Estatu Islamikoa. Herrixka arabiar batean bertakoek bat egin zuten jihadistekin eta segada prestatu zieten. Hamabi ziren bere taldean eta zortzi hil egin ziren borrokan. Berak begia galdu zuen eztanda baten ondorioz. «Batzuek galdetu zidaten zergatik ez nintzen geratu nire hirian, baina nik ezin nuen jasan Estatu Islamikoa, mundu osoa askatu behar nuen, ez bakarrik Kobane», adierazi zuen.

Garrantzi berezirik eman gabe, bere zauriei buruz mintzatu zen: «Lau ebakuntzaren ostean, medikuak erakutsi zidan ispilu aurrean begia falta zitzaidala. Harriduraz ikusi zuen irribarrea nire aurpegian. Galdetu zidan zergatik. Nik erantzun nion guztiok utzi genuela oroitzapenen bat Kobanen, nire kasuan, begia. Beirazko kristala jarri zidaten eta orain Kobaneko administrazioan lan egiten dut».

Komuna Internazionalista

Deriken dauden 40 lagun ingururekin bildu ziren Durangokoak Komuna Internazionalistan. Ameriketako Estatu Batuetatik, Alemaniatik, Estatu frantziarretik... hainbat boluntario batu dira han lan zibilean aritzeko. Jarduera ez da samurra eta goizetik gauera arte irauten du.

Erro euskaldunak dituen kataluniar batekin solastatu ziren emakumeak eta baita harritu ere. Gazteak Estatu Islamikoko emakume eta umeekin lan egiten du lehen medikuntzako zerbitzua eskaintzen. Guztira 2.000 pertsona baino gehiago daude kanpamentu horretan: «Dena oso prekarioa da, baina kurduei ezin zaie ezer aurpegiratu, ahal duten guztia egiten dute. Gehienak atzerritarrak dira eta jatorrizko herrialdeek ez dituzte jaso nahi».

Durangar batek interesa adierazi zuen Estatu Islamikoko emakumeak bisitatzeko. Arduradun alemaniarrak kontu handiz azaldu behar izan zion gerra gatibuak zirela: «Emakume horiek ez dira biktimak, Estatu Islamikoko kideak baizik».

Elkarrizketa xume horrek, ikusitako errefuxiatu kanpamentu gehiagorekin batera, miresmen gehiago sortu zuen bisitarietan, harritzekoa baita Rojavan dauden muturreko arazo guztiek eztanda ez egitea (blokeoa, gerraren ondorioak...) eta proiektuak aurrera egitea.

Emakumeen herrixka

Bidaiaren azkenengo geltokien artean egon zen Jinwar; emakumezkoentzako herrixka, eurak diseinatu eta eraikia, nahiz eta gizonezko boluntarioak ere egon lan egiteko.

Herrixka sortu dute erregimenaren lurralde hutsetan irizpide ekologikoak baliatuta. Dagoeneko tamaina ezberdinetako 30 etxe egin dituzte askotariko beharrak dituzten emakumeentzat, batzuk umeekin eta beste batzuk bakarrik.

Sozialismoa eta feminismoa dira Jinwarren bestelako oinarriak: etxeak komunalak dira eta kutxa kolektiboarekin egiten da dena. Oraindik guztiz bukatu ez bada ere, hiruzpalau emakume joan dira jada hara bizitzera. Asmoa da dibortziatu diren emakumeei ongi etorria egitea, baita arazoak dituztenei edo senarrik gabe bizi nahi dutenei ere, patriarkatutik at.

Guztira, 60 etxebizitza eraikiko dituzte, bi ikastetxe, akademia bat eta osasun zentro naturala. Inguruko herriekin harremanetan daude eta zenbait eskakizun jaso dituzte kanpoko umeak euren eskoletan hartzeko. Proiektuaren osagairik bitxiena igerilekua da: «Arabiarrek ez dute emakumeentzako igerilekuak eta hemen bat egongo da».

Edonola ere, egitasmo txundigarria izan arren, osasun zentroko bonbardaketen eta erasoen kontrako gotorlekuak argi asko gogoratzen du kurduen utopiak lurralde zingiratsuetan duela zutabe, eta oraindik ere internazionalismoaren laguntza beharko dutela.

Emakumeen legediak 30 artikulu ditu; adingabeen ezkontzak debekatzen ditu, baita familien artean adostutakoak, poligamia eta ohorezko krimenak ere

Suizidioen kopurua ere larria da. 2017an hamahiru emakumek bere buruaz beste egin zuten kantoian. Gehienbat, familien presioari eta indarkeriari egozten diote fenomenoa