22/09/2018

Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta
Eskurik esku dabiltzan pazienteak

Gaur paziente biren kasuak azalduko dizkizuet, aurreko hilabeteetan kontatu ditudan gaiekin lotuta; izan ere, hemengo artikuluak monografikoak badira ere, bizitza errealean gauzak ez dira hain argiak izaten. Nahi duenak, aurreko artikuluekin loturak aurkituz denbora pasa dezake!

Marixe, 1949an jaiotako etxekoandrea, beste fisioterapia zentroetan ibilia zen gurera etorri aurretik. Harrezkero (badira hamabi urte) askotan etorri da guregana, besoko artikulazioetako eta muskuluetako arazo txikiengatik; pozik gainera, fisioterapia saio gutxirekin hiruzpalau urtetarako ondo gelditzen zelako. Horrela etorri zen duela hilabete batzuk ere: “beti bezalako” sorbalda-besoko mina zuenez, segituan kentzeko esperantzarekin. Baina esploratu nuenean zerbait desberdina zegoen; ezer larririk ez, bai ostera gure “betiko” protokolo horren ordez lepoa tratatzea eskatzen zuena. Baina Marixek ez zuen lepoa inondik inora ukitzerik nahi, beste fisioterapeuta batek behin lepoa tratatu zionean, gero minez izan zelako. Besoa bakarrik tratatu nion beraz, baina... saio gutxi batzuen buruan, mina ez zen hobetu. Pazientea protestaka etorri zitzaidan, ez omen nintzelako “beti bezala” tratatzen ari (“lehen halako eta halako maniobrak egiten zenizkidaten” deskribatzen zidan, zehatz-mehatz). Eta horrela zen, bai: batetik, osagileak ez gara garbigailuak –txanpona sartu, eta beti programa bera egiten dugunak–; pazientea nola datorren, tratamendua horrela egokitzen dugu. Eta bestetik, ezinbestean tratatu behar dena –kasu honetan, lepoa– ez tratatzeko baldintzak ez du inolaz ere laguntzen. Gainera, teknika batekin arazoa egon denean (erantzun mingarria), beste tratamendu asko proba daitezke. Azalpenok alferrikakoak izan ziren: han joan zen Marixe bere ustezko diagnostikoarekin, behar omen zuen tratamendua egingo zion beste fisioterapeuta baten bila. Ez da erraz sendatuko, horregatik!

Peru, 1969an jaiotako kirolari profesionala. Dena probatzea gustatzen zaio, eta ahalmena duenez, urtean zehar dirutza gastatzen du terapeuta desberdinekin. Gurera ere sarri etortzen da, urtean bizpahiru bider; duela gutxi adibidez, “masajeak hartzen” egon arren, pasatzen ez zitzaion ziatika itxurako batekin. Ikusketan, ez nion gauza konplikaturik ikusi: muskulu batzuk luzatu beharra, beste batzuk sendotu, artikulazio batzuk malgutu... Saio batzuetan hobetuko zen kasu tipikoa, batez ere etxean aholku batzuk jarraituz gero. Baina Peru burugogorra da: berak beti bezala entrenatzen jarraitu nahi du (gaizki eginiko gauzak barne), eta, halere, sendatu; saio bakarrean gainera. Bistan denez, mina ez zitzaion kendu eta handik astebetera idatzi zidan, ea “ziatikan espezializatutako beste fisioterapeutaren bat” ezagutzen ote nuen (!!!). Nire onetik ez ateratzeko ahaleginetan, azaldu nion berak zuena edozein fisioterapeutak tratatuko ziola ongi; baina emaitzak lortzeko hark proposatutako tratamendua jarraitu behar zuela, hasi eta buka, eta bere aholkuei ere jaramon egin. Ez dut esperantza handirik Perurekin: mirari baten bila jarraituko du; entzun nahi duena agintzen dioten iruzurgileen esku eroriko da; eta azkenean kirola utzi beharko du.

Hor dituzue Peru eta Marixe, eskurik esku dabiltzan pazienteen prototipoak. Bisitatu duten terapeuta bakoitzeko, historia klinikoan ikurrin hori bat ezarri behar diegu, bere pronostikoen kaltetan. Zein da ondorioa? Zuen osagilearengan konfiantza izan behar duzuela: hobetu ahal izateko lehen pausua da. •

http://www.abante.eus