Amaia Nausia Pimoulier

Gizon guztiak ez dira berdinak

Pasa den asteburuan gure herriko jaiak ospatu genituen. Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Antsoainen ere musika, barrakak eta festa giroarekin batera eraso sexisten kontrako protokoloa martxan jartzen da urtero. Antsoaingo La Mara mugimendu feministak hainbat ekintza aurrera eramaten ditu, besteak beste, letra handiekin herriko hainbat lekutan telefono zenbaki bat erakusgai jartzen du eraso baten biktima edo lekuko izan den edonork horretara dei dezan. Telefonoaren beste aldean boluntarioak daude guardia egiten edozein eraso ekidin nahian. Iruñerriko beste jaietan ikus daitekeen telefono zenbaki berdina da, eta, biktimei zuzenduta egotez gain, lekuko izan gaitezkeen guztiei ere egiten digu dei, borroka hau guztion ardura dela oroitarazteko. Garrantzitsua iruditzen zait bidali nahi den mezua: gizartearen aurrean biktimak babesten ditugun bitartean, erasotzaileak isolatu behar ditugula. Helburuak hori izan behar duelako, eraso bat gauzatu nahi duen horri bere asmoa burutu ezin bihurtu, eta, horretarako, guretzat aske sentiarazten gaituzten jaiak eta kaleak eraiki behar ditugu. Laburbilduz, hainbestetan entzun den esaldi hori egia bihurtu: “Etxera joaterakoan aske izan nahi dut, ez ausart”.

Deigarria egin zait ere aldarrikapen feministak euskal gizartearen aldarrikapen historikoen mailan kokatzen ari direla ikustea. Euskal presoen eskubideak defendatzea eskatzen duten pankarten ondoan autodefentsa feministaren alde egiten duten mezuak agertzen dira. Aurten Antsoaingo txosnetan letra nagusiz “euskaldunak, parekideak eta parte hartzaileak” irakurri ahal izan da, eta, Udaleko Berdintasun Sailetik emandako leloa ondorengoa izan da: «Jaietan ere, eta, beldurrik gabe, libreak gara».

Horrez gain, Udalak urtero bezala Rafael Alberti plazan eraso sexisten kontrako borrokaren sinbolo bilakatu den esku gorria kokatu zuen. Eskultura bat da, egurrez egina, handia bezain esanguratsua; “stop matxismoari!” oihukatzen duela dirudi. Gizartea, instituzioak, mugimendu feminista eta jai herrikoietan parte hartzen duten boluntarioak gure gizarteak gaur egun duen arazo larrienetariko bati begira jarri direla esan genezake eta hori berri ona da. Baina, zoritxarrez, mezua ez da oraindik leku guztietara iritsi.

Asteburuan, gauez, pertsona batek edo pertsona talde batek eskulturaren gainean gasolina bota zuten eta su eman zioten. Eskuaren ondoan, gazteleraz, honakoa idatzi zuten: “Gizon guztiak ez gara berdinak”. Nik mezu hori idatzi zuen horri zera esan nahi diot: arrazoia duela.

Zorionez, gizon guztiak ez dira berdinak, badaude gurekin parekidetasunaren alde borrokan diharduten gizonak ere, barneratutako aurreiritzien kontra eta mezu matxisten kontra borrokatzen direnak; beti indartsu, lehiakor, borrokalari, protagonista, edozertarako gai, babesle edo boteretsu izan behar dutela sinisten ez dutenak. Bai, zorionez, gizon guztiak ez dira erasotzaileak eta, zorionez, gizon asko gurekin batera su horrekin minduta sentitu ziren. Eta, hurrengo egunean, jai giroa berreskuratuz, gurekin eskua garbitu eta berriz gorriz margotu zuten. •