Maddi Txintxurreta Agirregabiria
Entrevista
Iñaki Bengoa
Shot! musika estudioa

«Momentu batean sentitu nuen iragan zati bat galdu nuela»

Soinu teknikaria da Iñaki Bengoa. 90eko hamarkadan Arrasaten Shot! musika estudioa sortu zuen, eta bertan hasi eta hazi dira Euskal Herriko musikari eta musika talde ugari.

RIPen punk oldarkorretik hasita Anita Parkerren elektro swingera arteko bidean, Euskal Herriko ehunka musika taldek grabatu dituzte euren kantuak Arrasateko Shot! musika estudioan. 24 urteko historia musikal oparoa gordetzen zuen estudioak, harik eta aurtengo maiatzaren 11n suak dena kiskali zuen arte. Iñaki Bengoa estudioaren kudeatzailearen «etxea» itxita dago erre zenetik, baina arrasatearra gogoz dago etxera itzuli eta entzungailuak jarrita grabatzen hasteko. Suak kendutakoa musikari itzultzeko kontzertu bat antolatu dute Bengoaren lagunek, eta, besteak beste, Ruper Ordorika, Ines Osinaga eta Huntza taldea igoko dira igande arratsaldean Arrasateko Amaia Antzokiko agertokira, 19:00etan.

Sutea gertatu zenean asko galdu zenuen, baina pertsona askoren laguntza jaso duzu geroztik.

Asko galdu dut, baina baita asko irabazi ere. Eraikinetik sugarrak ateratzen ari zirela pertsona ugarik deitu zidaten, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko musikari pila batek. Guztiek lagundu nahi zuten. Uste dut lanean daramatzagun urte guztien emaitza dela hori, eta baita Euskal Herrian musikaren mundua oso solidarioa delako ere. Horren guztiaren ondorioa igandeko kontzertua da.

Nola oroitzen duzu sutearen eguna?

Aurreko egunean bolo batean egon nintzen La Furiarekin eta esnatu ninduten esanez estudiotik kea ateratzen ari zela. Iritsi nintzenerako ez zen ezer geratzen. Ezin nuen sinetsi gertatzen ari zena, sugarrak leihoetatik ateratzen ikusi banituen ere. Estudiora sartu nintzen eta zerbait harrigarria gertatu zen: urez beteta zegoen dena, eta, uretan flotatzen, Anita Parkerren diskoak zeuden. Anita Parkerren material guztia salbatzea lortu genuen; seinale moduko bat izan zen, kontzertuak ematen segitzeko indarra eman zidan. Aurrera egin behar da beti, eta asteburuetan Anita Parkerrekin kontzertuak emateak bizitza eman dit niri. Musikak salbatu du musika.

Shot! musika estudio bat baino askoz gehiago da zuretzat, ezta?

Nire etxea da. Dena neukan bertan, etxean oso gauza gutxi ditut.

Sutean musika ekipoa baino askoz gehiago galdu zenuen. Oroitzapenak, grabazio masterrak. Hori ezin da dirutan neurtu.

Gehien izorratzen nauena gauza zaharrak galtzea da. RIP, La Polla Records, Gatillazo eta beste talde askoren grabazioak galdu dira. Shot! estudiotik 24 urtean 400 musika talde inguru pasatuko ziren, eta musika pista guztiak galdu dira, grabazio masterrak, argazkiak... Historia galdu da, eta momentu batean sentitu nuen iragan zati bat ere galdu nuela.

Musika teknikari ikasketak egin zenituen Bartzelonan eta esperientzia ugari bizi izan zenituen bertan, harik eta Olinpiar Jokoen iritsierarekin batera ihes egin zenuen arte. Zer jaso zenuen bizipen horretan?

Bartzelonan dena ikasi nuen, rock katalan guztia xurgatu nuen, Sopa de Cabraren garaikoa. Gaztetxoa nintzela Euskal Herriko rock erradikala gustatzen zitzaidan, baina hangoa beste zerbait zen, antolatuagoa-edo. Kataluniako Gobernuari rocka katalanez egitea interesatzen zitzaion, Eusko Jaurlaritzari, aldiz, sekula ez dio interesa piztu rockak. Hala ere, ni hemengoarekin geratzen naiz.

Olinpiar Jokoak hasi eta hurrengo egunean bertan itzuli nintzen Arrasatera, eta Bartzelonan ikusitakoak etxean zerbait egiteko gogoa piztu zidan. Horrela hasi zen Shot! sortzeko ideia.

Zer esan zizueten herri batean musika estudio bat sortuko zenutela esandakoan? Zer zailtasun izan zenituzten Shot! Arrasatera ekartzeko?

Guk argi geneukan estudioa Arrasaten muntatu nahi genuela, baina inork ez zuen ezer ulertzen, jendeak ez zekien zertarako balio zuen musika estudio batek. Garai hartan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon zegoen musika. Azalpen ugari eman behar izan genituen. Kokapenak, beraz, zailtasunak ekarri zizkigun, eta baita finantzazioak ere. Dirua beti da arazoa.

Nolakoak izan ziren Shot! estudioaren hastapenak?

Inuzenteak ginen, baina ilusio handia genuen. Ondo egin nahi genituen gauzak, baina ez genekien nola. Zortea izan genuen, zeren RIP taldearekiko lotura handia zegoen orduan, eta horri esker musika talde garrantzitsuak sartu ziren estudiora. Kortatu, SA, estudiotik igaro ziren, eta talde horiek talde txikiago batzuk ezagutzera eraman gintuzten. Beti gustatu izan zaigu talde berriekin edo ezezagunekin lan egitea.

Arrasate betidanik izan da herri musikala, bereziki rockeroa: RIP, Puñetazo, Des-kontrol... bertan sortu ziren. Zergatik izan du Arrasatek horrenbesteko lotura rock-arekin?

Ez dakit zergatik edo nola sortu den Arrasate eta punk edo rockaren arteko harremana, baina badakit zergatik hil den: kooperatibak hil du punka. Lehen amorrua zegoen, eta, horri esker, gauzak egiteko eta esateko beharra. Orain, dirua medio, zailagoa da. Kooperatiben boomarekin batera itzali zen hura guztia. Eta, noski, RIP erreferentzia indartsua izan zen jira bereko talde berriak sortzeko.

RIP familiaren parte zinen zu ere, beraien soinu teknikaria izan baitzinen taldearen bigarren etapan. Beraien izaerek markatu zintuzten?

Niretzat ohorea izan da RIP familiaren parte izatea. Lau pertsonaia interesgarri ziren, RIP izan da bizitzan gehien erakutsi didan taldea. Beraien teknikaria izan nintzen, baina baita laguna ere. Gauzak egiteko moldeak ez zuen zerikusirik egun egiten denarekin; askotan desastre bat zen, baina punka zen. Ez ziren oso antolatuak, baina aurrera egiten zuten beti. Itzela izan zen RIPen garai onak bertatik bertara bizitzea eta onik ateratzea. Bazegoen zerbait orain batzuetan faltan sumatzen dudana: kantuak. Zuzenean bihotza kolpatzen zizuten kantuak.

RIP, Potato, La Polla Records, SA eta tankera bereko musika talde ugari pasatu dira Shot! estudiotik. Baina baita Elgoibarko Udal Banda, Aretxabaletako Akordeoi Orkestra eta Donostiako Txistularien Alardea ere.

Eta Oskorri! Horiek bai esperientzia onak. Asko ikasi dut beraiekin guztiekin, eta Elgoibarko Udal Bandarekin grabatzea egin dudan gauzarik hoberenetako bat izan da. Agian, esaten zutena ez zen horren garrantzitsua, baina bai nola esaten zuten.

Sekula ez duzu apustu egin irabazlearen alde; estilo estandarrak alboratu dituzu molde berrien alde.

Sekula ez zaizkit gustatu gauza normalak. RIPekoak ere arraroak ziren hasi zirenean, erotzat zituzten askok, eta begira. Batzuetan publikoari ez zitzaion gustatzen egiten genuena, baina guri berdin zitzaigun; gustatu edo ez, berdin gogobetetzen gintuen musikak. Dead F-line taldearekin pasatu zitzaigun, Gose ere jendearentzako arrotza zen hasieran, gero arrakasta izan dugun arren. Elektronika ez da inoiz erraza izan Euskal Herrian.

Nire helburua da niri gustatzen zaizkidan kantuak sortzea, kantu bat abesten duzun bakoitzean bizitza ematea, ehun bider abestu baduzu ere. Imajinatzen dituzu RIP edo La Polla Records gogo barik abesten? Zintzotasun kontua da.

Arrasateko eta Euskal Herriko musikaren historiaren parte izan zara 90eko hamarkadatik hona. Nola deskribatuko zenuke urte hauetan guztietan ikusi duzuna?

Dena ikusi dut Euskal Herriko txoko honetatik. Kontzertu oso onak ikusteko aukera izan dut, txarrak ere bai, baina denetatik ikusi behar da. Egia da rockaren garai onenak pasatu direla, baina orain ere badago rocka eta punka. Mursego eta Belako, adibidez. Mursego ikusten dudan bakoitzean haluzinatu egiten dut.

Orduan, punka ez da guztiz hil?

Ez! Orain punka ez da garai bateko kresta eta gitarra distortsionatua. Mursego da oraingo punka!

Musikari askok Shot! estudioan eman zituzten lehen pausoak, eta orain handiak dira Euskal Herriko musikaren munduan. Zer sentiarazten dizu hastapenetan hor egon zinela jakiteak?

Musika talde asko gure estudioan hasi ziren grabatzen inork ezagutzen ez zituenean, eta ondoren jo dute goia. Nik ez nekien, baina Mareako Kutxi Romerok esan zidan Shot! izan zela zapaldu zuen lehenengo estudioa. Musika talde batekin disko bat grabatzen ari zarenean, harreman estua sortzen da musikariekin, eta pentsatzea talde askok entzungailuak Shot! estudioan jantzi dituztela lehenengoz, harrigarria da niretzat. Inoiz ez dakizu noraino irits daitekeen grabatzen ari den taldea.

Zenbaterainoko eragina izan du garaian garaiko egoera sozial eta politikoak musikan?

Errazagoa da musika egitea arerio bat dagoenean. Orain, gehiegi lasaitu gara. Lehen ez zen inportantea dirua irabaztea, zeren, dirua irabaztea nahi bazenuen, ez zinen musikari egiten. Gauzak argi esateko beharra zegoen RIPen garaian; orain, aldiz, zerbait lortzea bilatzen da askotan. Bankuek antolatutako musika festibalak ikustea besterik ez dago. Ez dut esan nahi enpresa handiek rockaren alde apustu egitea gaizki dagoenik, baina ez dezatela behintzat musika maneiatu. Musikan musikariek agindu behar dute, beste inork ez, askatasunik gabeko musikari batek ez baitu ezer balio. Nik nahiago dut gaztetxe batean jo.

Musikari dagokionez, nola ikusten duzu Euskal Herriko egungo panorama?

Musika momentu onean dago Euskal Herrian, lehen pentsaezinak ziren gauzak lortu dira. Adibidez, Berri Txarrak taldeak egin duena ez du inork lortu Euskal Herriko historian. Horraino iristeko zentzuz jokatu behar da, ezin duzu banku baten menpe egon zure musikak aurrera egingo duela ziurtatzeko. Berri Txarraken kasuan, interesgarria da noraino iritsi diren, baina interesgarriagoa da nola iritsi diren: lana eginez.

Geroz eta emakume gehiago taularatzen dira, edo lehen baino ikusgarriagoak dira behintzat

Eta eskerrak! Nik ez nuen ulertzen zergatik ez zegoen emakumerik. Ez zegoen emakumerik ez agertoki gainean, ezta azpian ere. Kasu biak lotuta daude. Atzo Perlataren kontzertu bat ikusten egon nintzen, Arrasateko talde bat, eta oso onak dira. Aurretik esan dudan bezala, gizonek arerio komuna galdu dute soldata bat jaso dutenean, eta gauzak esateko beharra apaldu zaie. Baina emakumeek badaukate arerio hori identifikatuta, gehiago daukate esateko, eta ez dute etekin ekonomikorik bilatzen, bakean bizitzea baizik.

Hala ere, bide luzea geratzen zaigu oraindik. Goserekin jotzen genuenean, sekula ez nuen ulertu zergatik harritzen zen jendea emakume bat jarrera ziur horrekin trikitia jotzen ikustean.

Eta zuri, nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?

Egia esan, ez dakit. Txikia nintzenean, nire etxean ez zuten musika entzuten, ez genuen disko jogailurik ere! RIPen garaian zaletu nintzen, artean Doble Cero zirenean. Inork ez dit asko lagundu zentzu horretan, kaseteak grabatzekoa nintzen ni.

Zer eman dizu musikak eta zer kendu dizu?

24 urtean musikak poza eman dit egunero, eta atsekabea, egun batean bakarrik, sutearen egunean.

Bi kontzertu antolatu dituzue suak erretakoa berpizteko. Lehena, igandean bertan.

Nik ez dut ezer egin! Dena lagunek antolatu dute. Horrelako gauzak norbait hiltzen denean egiten dira, eta orain ulertzen dut zergatik, zeren bizirik zaudela egiten dizkizutenean, pasatzen duzun lotsa izugarria da! Sekulako kartela osatu dute, Ruper Ordorikatik Huntzara, Euskal Herriko musikaren laburpen polita da.

Hortaz, bitarte honen ostean, gogo gehiagorekin itzuliko zarela esan daiteke?

Bai, hilabete asko eman ditut ezer grabatu gabe, eta gogo asko ditut nire etxean eseri eta grabatzen hasteko. Uste dut urte bukaerarako prest egongo dela estudioa. Baditugu proiektuak buruan, Shot! estudioan grabatzekoak ziren talde batzuek erabaki baitzuten estudioa berriro ireki arte itxarotea. Dena prest dagoenean orain arte bezala jarraituko dugu lanean, hori bai, entxufeak hobeto zainduz!

Musikak salbatu nahi du musika

Arrasateko Shot! grabazio estudioa erre ondoren, Iñaki Bengoaren lagunek eta musika munduko bere inguruak hainbat ekimen prestatu dituzte estudioa berpizteko. Hartara, bihar, irailaren 23an, Ishot!U jaialdia izango da Arrasateko Amaia antzokian, 19.00etatik aurrera. Ibilbide luzea egindako musikariak igoko dira oholtzara, Shot! estudioko lagunei besarkada musika forman ematera: Ruper Ordorika, Petti eta Barrenan Semiak, Ines Osinaga, Aiora eta Piti, Huntza eta Pablo Novoa & Keu Agirretxea.

Sarrerak ondo saltzen ari dira (https://ticket.kutxabank.es/amaiaarrasate/public/janto/) eta egunean bertan txarteldegian erosteko aukera ere izango da.

Ishot!U elkartasun jaialdi bat da. Antolatzen dabilen lantaldearen hitzetan, «Shot! estudioa sutan zegoen momentuan bertan, suhiltzaileak lanean zeudela, bertara gerturatu ginen Iñakiren lagunak ikusi genuen elkartasun ekimen batzuk martxan jarri behar genituela, bai edo bai, zerbait egin beharra zegoela argi ikusi genuen. Hori guztia, noski, Iñakiri ezer esan gabe!». Ez da harritzekoa laguntzeko nahi hori, Shot! estudioak oso ibilbide propioa egin baitu urte luzez eta musikari askok maitasun berezia baitiote orain kiskalita dagoen txokoari. Hartara, ekimenak harrera bikaina izan du musikarien artean. «Ia 25 urtean Euskal Herriko zein kanpoko talde ugarik Shot! estudioetan grabatu dituzte beraien diskoak; zerrenda amaigabea da. Harrera bikaina izan du ekimenak musikarien partetik. Euskal Herrian musikariek beti egin dituzte elkartasun keinu garrantzitsuak. Oraingoan, gainera, musika munduko bati laguntzeko da».

Ishot!U ekimenaren bultzatzaileen ustez, herri bateko musika estudio txiki bat berriz martxan jartzeko indarra egin beharra dago. «Esperientzia handia duen estudio bat herrian edo bailaran izateak gauzak asko errazten ditu bai talde berrientzat bai ibilbide luzeko taldeentzat. Gainera, Iñakiren bizitza osoko esperientziak dena errazten die taldeei».

Aurrerantzean ere ekimen gehiago antolatzeko asmoa du IShot!U lantaldeak.