Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Fikzioaren alde

Alfonbra baten azpian mundu oso bat sartzen da. Umetako logelako asteroko garbiketan hautsa, paper apurtuak, galtzerdi galduak eta gozoki-azalak sartzen genituen alfonbrapean. Eta olatuak atzematen genituen gure alfonbra urdinean. Jauzi egingo genuen gainera, botetako lokatza askatu nahi genuenean bezala zanpa-zanpa egingo genuen lur gaineko geruza iletsua, gainean etzango ginen gure gorputz arinegiarekin koskak berdindu nahian eta ustez dena bere lekuan zegoenean gurasoei deituko genien, gela zeinen txukun utzi genuen ikus zezaten. Eta beren begirada zorrotzak gelako zoko bakoitza arakatzen zuen bitartean alfonbran ahaztutako koskaren bat nabaritu usteko genuen; azpiko gozoki-azala mugitzen ari zela irudituko zitzaigun, hondakinak intsektu bilakatzen hasi balira bezala.

Ez dakit zergatik den, baina Donostiako Zinemaldia hasten den bakoitzean akordatzen naiz umetako alfonbra urdin harekin. Kursaaleko moketa gorriaren parean ilarak izaten dira; argazkilariak eta autografo ehizan dabiltzan koadernoak baranda gainean luzatutako besoetan. Hain arrotz zitzaigun zeremonia harekin topo egin genuen lehenengo aldia etortzen zait burura sarri: pelikula bat ikustera etorri eta nola jakin genuen derrigor igaro behar genuela alfonbra gainetik aretora sartu nahi bagenuen. Eta txandal zahar bat jantzita nola geratu ginen, behin behar-eta, nabarmen.

Urteroko zeremoniak jada halako harridurarik sortzen ez badit ere, alfonbra gorriak obsesionatu egiten nau oraindik. Erakustea baino hoberik ez baitu zerbait ezkutatu nahi duenak. Alfonbra azpian mundu oso bat sartzen da, baina alfonbra bukatu, argiak itzali eta pantaila erraldoia pizten denean, beste mundu bat jartzen da martxan.

Aste honetan irakurri dut Britainia Handian gurasoen herenak ipuinetako pertsonaia maltzurrak haurrei egindako kontaketetatik ezabatu egiten dituela. Otsoak, Bizar Urdinak eta sorginak alfonbrapean. Telebistari begira aztoratzen ginenean ere «lasai, pelikula da-eta» esaten zigun aitonak. Bagenekien hainbeste. Baina pelikulek fikziotik adina zuten gure emozioek benetakotik. Hainbeste gauza sentitu ditugu bizitzan, lehenengoz, fikzioari esker... Pertsonaiarik maltzurrenaren azalaren azpiko geruzak miatzen irakatsi digu fikzioak, ustez laua zen pertsonaiari ertzak bilatzen, inoiz biziko ez ditugun munduak gure gorputz barrutik igarotzen. Aste honetan berriz ere pantailara iritsi zaizkigu iazko urriaren 1eko Kataluniako eskola atarietako polizien basakeriak. Ertzainak ikusi ditugu herri-lurrak borra kolpeka okupatzen Zubietan, festa debekatuak Gasteizen eta Monbar Hoteleko heriotzaren ezkila kolpeen oihartzunak. Alfonbrapean gorde arren, errealitateak badaki fikziorik maltzurrena ere gainditzen. Eta fikziorik ez bagenu, ez genuke bestelako errealitate bat sor dezakegunik sinetsiko. •