Amagoia Mujika Telleria

DERLAN MOTORREN ZARATA ENTZUN DADIN ZARAUZKO HISTORIAN

1954-1962 urte bitartean, Zarauzko Basor fabrikak Derlan markako motoak ekoiztu zituen. Oinarrizko teknologiarekin eta jakintza justuarekin, garaian zaila zen negozio batean ausartu ziren bertako jabeak eta langileak. Isil samar pasatu den historia berreskuratzeko ahaleginean ari da Iker Itxaso zarauztarra. Oraingoz, erakusketa batekin.

Motorzale amorratua da eta zarauztarra. Baina, askotan gertatzen den bezala, Iker Itxasok ez zuen ezagutzen bere herriko historiaren parte bat, motoei estu lotutakoa. «Kasualitatez jakin nuen, Interneteko iragarki baten bidez, Zarautzen moto fabrika bat egon zela. Basor fabrikak Derlan markako motoak egin zituen 1954 eta 1962 urte bitartean». Jakin-minez hasi zen hari horri tiraka, ingurukoei galdetuz. «Inguruan galdezka hasi nintzen eta inork ez zekien ezer, nire amonak izan ezik. Hark kontatu zidan Basor fabrikaren sortzaileak bere auzokoak zirela, Sorazu anaiak eta haien koinatu Bastarrika. Eta Salberdingo fabrika zaharrean jarri zutela martxan motoak ekoizteko lantegia». Fabrikaren izena, hain justu, jabeen abizenen baturatik etorri zen: Bastarrika eta Sorazu. Eta moto markaren izena hasiera batean Ederlan omen zen, lan ederretik hartua. Gero, baina, hasierako “E” hori galdu eta Derlan izenarekin geratu zen.

Informazio bilaketan sartu zen buru-belarri Itxaso, baina Internet ez zitzaion oso lagungarri gertatu. «Garai hartako informaziorik apenas dagoen sarean. Liburuetan eta aldizkarietan zeozer, baina ez askorik. Fabrikan lanean aritutako zenbaitekin harremanetan jarri eta horietako batek esan zidan nire aitonak Basor fabrikarentzat ere lan egiten zuela. Tailer txiki bat zuen aitonak eta Derlan motoen gurpilak eramaten zizkioten eta berak erradioak jartzen zizkien. Hori jakin nuenean are gehiago piztu zen nire interesa. Orduan nire helburua Derlan moto bat lortzea zen».

Horretan ari zela, bidean topatu zuen Juan Mari Uriarte Donostiako mekanikaria, gerora abentura honetan bidaide garrantzitsu bihurtu dena. «Juan Marik liburuak eta aldizkariak erakutsi zizkidan, datak kokatu... hiru astera Extremaduran Derlan moto bat saltzen zutela jakin nuen eta berari aipatu nion. Nirekin etortzea nahi nuen, baina ez nintzen ausartzen, 71 urte ditu eta. Berak segituan esan zidan nirekin etorriko zela. Motoaren bila joan ginen, ekarri genuen eta buru-belarri jarri ginen biok motoa konpontzen. Dena desmuntatu genuen eta, kostata, baina martxan jartzea lortu genuen».

Bitartean, Derlan motoen historiaren hari mataza mamitzen zihoan. «Herrian Basor fabrikaren historian arakatzen ari nintzela jakin zen, eta jendea gerturatzen zitzaidan hau eta beste kontatzera. Horrela jakin nuen fabrika zegoen pabiloia –Salberdinen, gaztetxearen parean– zutik zegoela oraindik, baina denbora gutxirako, bota egin behar zutelako. Orduan pentsatu nuen polita izango zela bota aurretik langileekin bertan biltzea eta argazki batzuk ateratzea. Horrela egin genuen 2017ko uztailaren 2an».

Basor fabrika 20 bat langile izatera iritsi zen eta Itxasok hamahiru inguru ditu lokalizatuak. «Fabrikaren kanpoaldean elkartu ginen, argazki batzuk atera genituen eta zeozer jan genuen han bertan. Orduan sorpresa bat genuela esan nien, pabiloiko atea zabaldu eta Juan Marik eta biok konpondutako Derlan motoa zegoen bertan. Oso-oso une polita izan zen». Hurrengo egunean bertan bota zuten fabrika.

Derlan moto bat lortuta eta langileak elkartu eta argazkiak aterata. Pausoz pauso, bidetxoa egiten ari zen Iker Itxaso. «Horraino iritsita, aurrera segitzeko gogoa piztu zitzaidan, zerbait gehiago egiteko grina. Ingurukoak dokumentalaren aukera aipatzen hasi ziren... bitartean moto gehiago eskuratzen hasi nintzen, Zarauzko Udalaren laguntza txiki bat lortu nuen, Aldundiaren beste laguntza txiki bat... Orduan erabaki nuen erakusketa eta dokumentala martxan jartzea».

Erakusketa Zarauzko Sanz-Enea kultur etxean izango da azaroaren 4ra arte eta aurrera begira beste herri batzuetara mugitzeko aukera ere badago. Dokumentala, berriz, martxan dago. «Puzzlea osatzen ari naiz pixkanaka. Bi urteko lana dago hemen, erakusketan. Basor fabrikaren historia jasotzen du, non zegoen, nork lan egin zuen bertan, nola lan egiten zuten, motoen zehaztasun teknikoak... Dokumentalaren helburua, berriz, langileen bizipenak jasotzea da, garaiko Zarauzko kontuak...».

Teknologia oso oinarrizkoa

Basor fabrikak, esan bezala, ehunka moto ekoiztu zituen 1954-1962 urte bitartean. «Alemaniako Sach moto bat ekarri zuten eta hari begira hasi ziren lanean. Orain bezala, orduan ere asko kopiatzen zen. Teknologia oso oinarrizkoarekin hasi ziren, planoak eskuz eginez. Sorazu anaietako batek egiten zituen planoak eta benetan ikusgarria da nolako zehaztasunez marrazten zituen. Zaragozako museo batean topatu genituen planoak. Erakusketan badaude ikusgai».

Garai hartan motorren negozioa ez zen erraza. «Langileek kontatzen dute ia inork ez zekiela ezer motorrei buruz, baina dena egitera ausartzen zirela. Igual hogei langile haietatik bik zekiten zerbait motorren funtzionamenduaz, baina katean lan eginez lortzen zuten aurrera egitea».

Itxasoren ustez, Derlan motoen akatsa akaso modelo gehiegi egitea izan zen. «Zortzi urtean gutxienez bederatzi moto modelo egin zituzten, eta gero modelo horietako bakoitzak aldaera desberdinak zituen. Guztira hamalau-hamabost modelo. Guk desmuntatu ditugun motoetan denak dira desberdinak. Akaso, hori izan zen bere akatsa. Beste moto etxe batzuek modelo bat egin eta hura ekoizten urteak ematen zituzten».

Ez daki zehatz zenbat Derlan moto ekoitzi ziren fabrika martxan egon zen bitartean. «Langileek esaten dute egunean moto bat osatzen zutela. Ezin izan dugu zehatz jakin zenbat moto saldu zituzten, baina badakigu gehienak Zarauztik kanpo saldu zirela. Langileek kontatzen dute ostiraletan kamioi bat ateratzen zela fabrikatik eta Estatu osoan banatzen zituela motoak».

Derlan moto bat 16.000 pezeta inguru kostatzen omen zen eta Basor fabrikako langileek 200 bat pezeta irabazten zituzten astean. Beraz, Derlan moto bat erostea ez zegoen edonoren esku. «Lortu ditudan motoetatik bakarra da Zarauzkoa, hemen erakusketan dagoena. Fraka Ardoak ardotegiko motoa da, ardoa banatzeko erabiltzen zutena, atzean orga bat jarrita. Gainontzeko moto guztiak Estatu espainolean berreskuratu ditugu; Valentzia, Asturias, Leon... Hamaika moto daude erakusketan. Guk konpondu eta martxan jarri ditugunak sei dira eta gainontzekoak utzi egin dizkigute erakusketarako».

Ekintzailetza adibide bat

Iker Itxasoren ustez, Basor fabrikako langileek meritu handia zuten, mekanikaz ezer gutxi jakinda motoak egiteko abenturan sartu zirelako. «Ekintzailetza adibide garbia da. Garai hartan lantegiko arduraduna zen Santi Osak –egun 92 urte ditu eta Zumaian bizi da– kontatzen du denerako gai sentitzen zirela. Jakin omen zuten Tolosako baserri batean diesel motorra zuen traktore bat ekarri zutela. Traktorea egun baterako eskatu, Basor fabrikara ekarri, motorra desmuntatu, nolakoa zen ikusi, berriz muntatu eta bueltatu omen zuten. Diesel motor bat egitera ausartu ziren eta itsasoan probatu zuten, itsasontzi batekin. Lehertu egin omen zen motorra», kontatu du Itxasok. «Horregatik, sekulako meritua zutelako, hau guztia beraiei egindako omenaldi bat da». Gerora, Derlan motoen ekoizpena alboan utzita, itsasontzientzako enbrageak egiten segitu zuen Basor fabrikak.

Iker Itxasok bildu duen eta erakusketan nabarmendu duen datua ere esanguratsua da: 1940-1970 urte bitartean berrogei moto ekoizle baino gehiago zeuden Euskal Herrian; horietako batzuk oraindik martxan daude.