Amaia Nausia Pimoulier

Dogma

Humanitatearen historiako lorpenik handiena ez da giza genoma sekuentziatu izana eta horri esker guztion osasunerako orain dela gutxi arte pentsaezinak ziren tresnak garatu izana; ezta izarren konposizioari eta tenperaturari buruz XX. mende hasieran Cecilia Paynek egindako aurkikuntza ere. Ezta, noski, Elizabeth Blackburnek telomeroei buruz egindako ikerketa eta zergatik zahartzen garen galderari ematen dion erantzuna ere. Eta Copernikok “De revolutionibus orbium coelestium” liburuan ordura arte genuen kosmobisioa aldatu izana ere tontakeria bat baino ez da. Zer esanik ez Sobietar Batasunak Sputnika espaziora bidali zueneko unea edo Ilargira iristearen unea. Horiek guztiak txiki-txiki gelditzen dira gure ibilbide historikoan. Ez, lagunok, gizakion mugarririk garrantzitsuena, zalantzarik gabe eta Pablo Casadoren arabera, espainiarrek bultzatu eta gauzatutako Amerikaren konkista izan zen. Barkatu, konkista esan dut? Amerikaren aurkikuntza esan nahi nuen!

Historialari bezala ez naiz sartuko Casadok bota zituen gezurrak aztertzen. Espainia Europako naziorik zaharrena dela esatea pentsamendu magikoan oinarritzen da gehiago inongo fundamentu historiografikoan baino. Paretsua da espainiarrak Ameriketara iristen lehenengoak izan zirela esatea, bikingoak dagoeneko haraino iritsi zirela dakigunean –ez aipatzearren, noski, milaka urte lehenago Beringeko itsasartetik bertara heldutako gizakiek jendeztatu zutela Amerika–. Erromanizazioa baino garrantzitsuagoa izan omen zen orain dela 500 urte baino gehiago gertatutako une historiko hura, Casadoren ustez. Eta arrazoia du; kultura, hizkuntza eta gizarte baten hilketaz ari bagara, arrazoia du gure Pablok. Agian akats tonto baten aurrean baino ez gaude eta PPko lehendakariak ez zuen arreta gehiegirik jarri eskola garaian, jakin badakigu-eta klaseetara joatea ez dela gehien gustuko duena... Edo agian bere eskolako historia irakasleak frankismo garaiko lan-lerroa jarraitzen zuen eta Espainiako historia materia bezala eman beharrean –metodo zientifikoan oinarritutako ezagutza eremu bezala– Erregimenak hamarkadetan saldutako ustezko handitasunaren sinismena jarraitzen zuen. Edo okerrago oraindik, arazoa ez da Pablok Amerikako konkistaren inguruan historiografia modernoak esaten duena ez duela ezagutzen, baizik eta Goebbelsek bezala berak ere uste duela gezur bat mila aldiz errepikatuz egia bihurtzen dela.

Ezjakintasunean oinarritzen dira Casado bezalako pertsonak gezurrak egia bihurtzeko. Neil Degrassi behin entzun nion esaten zientziaren bilakaerak gizateriaren historia markatu duen pentsaera ez-zientifikoa baztertuko duela. Gustatuko litzaidake hori egia dela pentsatzea, baina beldur naiz ez ote den beti sinesmen edo dogmetan kokaturiko erresistentzia ez-zientifiko bat existituko.

Casadoren pentsamendu dogmatikoari erantzunez, bada egia den zerbait; sarraskia, konkista eta inposizioa alde batera utziz, orain dela bost mende Espainiak munduko esplorazioari ekin zion. Kolonek, jakin-minak bultzatuta, mundua esploratu nahi zuen eta Espainiak, helburu geopolitikoak eta ekonomikoak lortzeko, jakin-mina asetzeko tresnak eskaini zizkion.

Baina, gaur egun zein da materia horretan Espainiak utzi duen ondarea? Ezin esan dezakegu Estatu espainiarra gai horretan liderra denik. Casadoren alderdiak ondare horri eutsi nahiko balio pentsatu beharko luke Gobernuan egon den urteetan bere herriaren garapen zientifikoa bultzatzen zertan lagundu duen. Lagundu baino hezkuntzan eta ikerketan egin zituzten murrizketek emandako aurrerapauso txikiak zapuztu zituztela esan dezakegu. Etorkizunerantz bultzatzen gaituen indarra jakin-mina da eta zientziak hori eskaintzen digu. Baina jakin badakigu Casadok eta bere alderdiak ez dutela gehiegi aurrera begiratzen eta atzera begiratzen dutenean ere ikuspuntu zientifikoa alde batera uzten dutela. •