Datorrena

Gosea pizten Kanakyn

El apetito viene comiendo (“jateko gogoa janez dator”). Horrela zioen Juan Jose Ibarretxek 2016ko ekainaren 5ean zabalduriko txioak. Euskal Herriko hainbat herritan antolaturiko kontsulten karietara gorazarre mezua zabaldu zuen orduan Twitter bidez. Sare sozialean berehalako erantzuna eman zion Arnaldo Otegik. Gosea pizteko gogotsu bera ere, lan amankomuna egiteko gonbidapena luzatu zion lehendakariari. Mezu trukaketa etorri zait burura laster bere etorkizuna erabakitzeko erreferenduma eginen duen kanaky herria atzera kontu betean sartuta dagoen honetan. Azaroak 4an iraganen den kontsultara heltzeko kanakek oztopo ugari gainditu behar izan dituzte. Baita bidean apetitua ez galtzeko estrategiak etengabe berrasmatu ere.

80ko hamarkada gatazkatsuak aztarna sakonak utzi zituen Hego Pazifikoko uhartedian. Horren erakusle, belaunaldi batek eginiko hautu zailak eta horren ondorioz piztutako borrokek utzitako minak aintzat hartu gabe, ez dago ulertzerik ordutik honat deskolonizazio prozesuak izan duen bilakaera. 1986an Nazio Batuek Kaledonia Berria (Kanaky) deskolonizazio esperoan diren lurraldeen zerrendan sartu zuten. 1988an, berriz, metropoliaren eta kanaken arteko lehendabiziko akordioa gauzatu zen, Matignon jauregian, Parisen. Hamar urte geroago, Noumean, Kanakyko hiriburuan, bigarren hitzarmen markoa izenpetu zuten aldeek.

Gauzak horrela, azkeneko 30 urteotan trantsizio prozesua kozinatu da lurraldean, su-txikian, burujabe izateko gai izango den jendartea eraikitzeko asmoz. Bistan da trantsizio horren gaineko bilanak zuriak eta grisak dituela. Adierazle sozioekonomikoei erreparatuz gero, eskualdeko barne produktu gordin handienetarikoa du Kanakyk. Alta, aberastasunaren banaketari dagokionez, emaitzak ez dira harro egoteko modukoak, kolonizatzaileen ondorengoak baitira maiz bertako lurrek gordetzen dituzten natur aberastasunen ustiapenaren onuradun nagusiak. Noumea inguratzen duen probintzian gehiengoa dira errenta altua duten metropoli zaleak. Iparraldeko probintzian eta Leialtasun uharteetan, ordea, hitzarmenen aterpean kanaken gobernantza berria garatu da. Hexagonoan ez dira falta erakunde sistema errepublikarraren eta kanaken eredu tradizionalaren artean oreka berriak sortzeko helburua zuen Matignongo Hitzarmenak frantziar Konstituzioa bihurritu zuela defendatzen duten zuzenbide adituak. Tokiko eskuinak –LREMeko ordezkarien diskurtsoa ez da argiki lerrokatu orain arte– txosten horiek baliatzen ditu etengabe hauteskunde errolda berezia auzian emateko. “Berdintasun” printzipioaren izenean, Kaledonia Berrian egingo den kontsulta Frantziako bertze edozein lurraldetan antolaturiko bozketetan baliatzen diren arau berdinak erabilita egitea nahiko lukete. Hori da beraien gose zaharra. Horrela, kanakei herri kolonizatuaren izaera ukatuko liekete, bide batez, erreferendumerako Nazio Batuek ezarritako joko eremua ezbaian emanez. Horregatik, kontsulta aurreko inkestek hauteskunde arruntetan erabiltzen den errolda izanen dute oinarri, azaroaren 4ko kontsultan errolda berezia erabiliko dela kontuan izan gabe. Lehen bozketa honetan, baina, orotara hiru egin daitezke, independentistek botoa emateko gosea piztea dute helburu. Hau da, azaroak 4an ahal den eta herritar gehienek hartzea zaporea burujabe izateari. Jakinik jateko gogoa janez datorrela. •